→Arrigorriaga

Arrigo Korrika: terapia onena, zapatilak jantzita

Korrika egitea modan dagoela diote ArrigoKorrika Emakume Korrikalarien taldeko kideek. Azken urteetan, lasterketen eskaintzak gora egin du modu nabarmenean eta jende gehiagok izena ematen du korrika egiteagatik, emakumeak barne

ArrigoKorrikako neskak, ibai ondoko pasealekuan // Geuria

Korrika egitea modan dagoela diote ArrigoKorrika Emakume Korrikalarien taldeko kideek. Azken urteetan, lasterketen eskaintzak gora egin du modu nabarmenean eta jende gehiagok izena ematen du korrika egiteagatik, emakumeak barne. ArrigoKorrikako Emakume Korrikalarien artean adin askotako kirolariak daude, 27 urtetik 57ra: “Kirola egiteko ez dago adinik”, diote barrezka. Aisialdiko jarduera bezala korrika egiten hasi baziren ere, gaur egun makina bat lasterketa entzutetsuetan parte hartu dute. Euren helburua taldeko ateak emakume gehiagori zabaltzea eta burutzen duten jarduera osasuntsu hau ikustaraztea da, ondo pasatzea ahaztu barik.

Kilometroak korrika egitea maite dute Arrigo Korrikaneko neskek, eta euren energia ikustea besterik ez dago. Elkarrizketa egiteko Arrigorriagako Udal kiroldegian lotu ginen, korrika taldeko bi kidekin, eta azken momentuan ia talde osoa azaldu zen bertan, korrika egiteko ekipazioa jantzita eta guzti, ‘argazkirako’. Baina, usteak erdi ustel, argazkia ez ezik (eta zorionez) solasaldi interesgarria bezain atsegina izan genuen adin askotako kirolari adoretsu hauekin, udal kiroldegiaren sarreran bertan.

Korrika taldean neskek eta mutilek parte hartu dezaketen arren, formazioa neskena izan zen hasiera batean: “Gure asmoa ez zen nesken taldea izatea soilik”, azaldu du Mari Carmen Risoto Ruiz kideak (Laudio, 1964). Mari Carmen ama eta amama da eta korrika egitea bere bizitzaren alde garrantzitsua da.

Taldea berez kiroldegi barneko korrika talde bezala sortu zen, neskei bakarrik zuzenduta. Gaur egun, kiroldegi barneko taldea berez emakumezkoena da, baina kiroldegitik kanpo kilometro ugari egiten dituzte bertako korrikalariek eta ateak zabalik daude bertara hurbildu nahi diren kirolariei, emakumezkoak zein gizonezkoak izan: “Kalean korrika egiten dugunean Osasunaldeko kirolariekin batu egiten gara eta primeran pasatzen dugu elkarrekin”, gehitu du Agurtzane Urbina García kideak (Bilbo, 1966).

“Zuen bezalako emakume korrikalarien talderik ba al dago eskualdean?” galdera egitean, baietz erantzun dute ArrigoKorrikaneko emakume guztiek aldi berean, ‘ziur’. Baina pentsatzen hasi bezain pronto zalantza guztiak agertu dira: “baina talde hori mistoa da, eta beste hori ere”. Barreak eta zalantzak nahastu egiten dira eta minutu batzuetan inork ez daki ezer eskualdeko emakumez osatutako korrikalarien taldeen inguruan.

Argazki-saioa, Arrigorriagan // Geuria

Elkartzea, aitzakia
Duela urte batzuk, korrika egiteko elkartu ohi ziren emakume batzuk Arrigorriagan: “Ni Bilbon bizi nintzen lehen eta bertan egiten nuen korrika”, azaldu du Agurtzanek. Bizitzaren gorabeherak zirela eta ama izan zela medio, alde batera utzi zuen korrika Agurtzanek: “Arrigorriagara bizitzera etorri nintzenean emakume talde bat korrika egiten ikusi nuen. Eurengana hurbildu eta korrika egiten zuten bakoitzean ni abisatzea eskatu nien. Horrela elkartu ginen herriko hainbat emakume”. Emakume bakoitzak bere lagun eta bizimodu propioak dauzka, eta korrika taldeak emakume horiek guztiak uztartzen ditu. Elkarren artean korrika egitea arrazoi nagusia da eta asteburuetan irteten ziren kirola egitera elkarren artean, denborapasa.

Errutinak aurrera egin ahala, aisialdiko jarduera hau forma hartuz hasi zen eta 2018ko Herri krosean emakumeek parte hartzeko aitzakiagaz taldea osatu zuten Udal kiroldegian. Herriko emakumeek izena ematen hasi ziren. Gaur egun 22 lagunek osatzen dute ArrigoKorrikan taldea eta euren ospea gero eta handiagoa da, gainontzeko korrikalari taldeek ez bezala euren eguneroko kontuak Instagrameko @arrigokorrikan-en kontatzen dituztelako: entrenamendu-saioak, lasterketetako parte-hartzeak, irteerak… “Aktiboak gara sare sozialetan”, oihukatu dute gainontzeko kirolariek atzekaldetik, “eta ikusgarritasun handiagoa eskatzen dugu Udalak babes gehiago emateko eta jende gehiagok ezagutu gaitzan”.

Egun hauetan Arrigorriagako ibaiaren ertzeko paseoan ikusi ditugu korrika, baina duela egun batzuk ibiltzen, korrika eta saltoka ikusi genituen alboko mendietan barrena. Emakumeen arabera, kide gehiago eskuratu nahi dituzte taldean, eta “ez bakarrik korrika egiteko; bazkariak, asteburuko irteerak egiteko… elkarren artean ondo pasatzea da proiektu honen ezaugarririk aipagarriena”.

Euren zapatilek makina bat lasterketetako errepide eta pistetan hartu dute parte, Arrigorriagako Herri Krosaz gainera eta egutegiko asteburu asko beteta dauzkate korrikalariek urte hasieratik: Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketa, Behobia-Donostia, Santurtzi-Bilbao, Areeta-Bilbao, Donostiako Lilatoia… eta badirudi horiekin aski ez dutela eta euren ematsetan ospe handiko kirol probak daude, behar bezala entrenatu eta denbora daukatenean parte hartzeko.

Arrigorriagako Udal kiroldegian dauzenetik astean bitan egiten dituzte entrenamendu-saioak. Horrez gain, asteburu askotan ere elkartu ohi dira kilometroak tipi tapa egiteko: “Whatsapp taldea daukagu kontu hauetarako eta proposamen guztiak bertan egiten ditugu, ahal duenak parte hartzeko”.

 

Korrikalariak; ez runnerrak
“Ez gara runnerrak; guk korrika egiten dugu” diote Agurtzanek eta Mari Carmenek barrezka, runnerren ezaugarriak zeintzuk diren galdetuz. Inglesezko hitz arraroz inguratuta bizi garen mundu anglosaxoi honetan korrika egiten dute Arrigorriagako taldekoek, besterik gabe. Ez dituzte puntako teknologiako gailu arrarorik erabiltzen: “Erlojua erabiltzen dugu entrenamendu-saioetako ariketak neurtzeko, besterik ez”. Mendira doazenean GPSa eramaten dute ere, ez galtzeko, badaezpada.

Laguntza bakarra korrika taldeko entrenatzaileak dituzte: duela urte batzuk Zuriñe de la Fuente izan zen eta azken garaian Maria Delgado Gilekin egiten dituzte kilometroak (aurtengo Herri Krosaren irabazlea) eta poz-pozik daude kirolariak. “Niretzat ArrigoKorrikarekin lan egitea oparia da: ez da korrika egitea bakarrik; lagunekin egotea eta euregaz berba egitea eta ondo pasatzea da”, azaldu du Maria Delgado Gil entrenatzaileak. “Korrika egiteak garrantzi izugarria dauka guretzat, psikologoarenera joatea bezalakoa da, terapia modura. Alde batetik, gorputza sasoian mantentzen dugu. Beste alde batetik, pozik sentitzen gara”, dio Mari Carmenek. “Terapeutikoa da!” ohikutzen dute atzeko aldetik. Energia positiboa airean da, hori bistan da.

Espero genuen bezala, Korrikaren 22. edizioan ere korrikan ibili ziren, Ugaotik Arrigorriagara gauerdian eta baita apirilaren 6an ere, Korrika Bilbotik igaro zen egunean bertan: “Egun txarra izan zen goizeko ordu txikietan tokatu zaigulako aurten, baina tira: Korrika da!” Kide animatu batek ere kilometroa erosi zuen kuadrilarekin, non eta Nafarroan.

Talde argazkia // Geuria

Etorkizuneko proiektuez berba egitean, emakumeen egutegiak ideiez beteta dituzte: “Gasteizko Mendiak, Santoñako Maratoi Erdia, WOP Walk On Project errelebo bidezko maratoia, Osasunaldeko mutilekin batera… topera gaude”, diote barrez. Horiez gainera Gijoiko Villa Jovellanos Erdi Maratoia, Donibane Lohizune-Hondarribia, Ondarroa-Lekeitio, Euskal Herria Mendi Erronka eta abar luze bat inoiz egiteko asmoa azaldu dute neskek. “Denbora gutxi lasterketa mordoa egiteko, gero!” esan diegu. “Lehentasunak bereizten ditugu eta gauza batzuk egiteari utzi diegu korrika egin ahal izateko. Bestela, ez dago den-dena egiteko astirik”.

ArrigoKorrika Emakume Korrikalarien Taldean gero eta kide gehiago daude eta etorkizunean kluba sortzeko asmoa plazaratu dute kirolariek. Gaur egun, aire zabalean korrika egiten dute, baina epe luzera begira euren jarduera garatzeko azpiegiturak izatea gustatuko litzaieke ArrigoKorrikakoei: “Kalean korrika egitea gustuko dugu, baina badira entrenamenduko saio jakin batzuk, serieak kasu, pista batean burutzea egokiagoak liratekeenak. Gainera, jende askok korrika egiteko egokiagoak dira pistak”. Momentuz, datorren urteko Emakumeen Nazioarteko Egunean Donostiako Lilatoia lasterketara irteera prestatzea proposatu zuten Arrigorriagako Emakumeen Etxearen inguruko bileran, joan den apirilean.

Momentura arte ekipazio propioa sortu dute (argazkian ikusgai) eta kide berriak ekarri nahi dituzte Arrigorriagako taldera: “Neska gazteak behar ditugu bereziki”, dio Agurtzanek. “Eskolatik irten eta nagusiak egin arte badago adin tarte bat zeinean gazteek ez dute kirolarik taldean praktikatzen eta aukera gutxi dauzkate: oso zaila da euren artean elkartu eta kirola taldean praktikatzea eta nire ustez horixe sustatu beharko litzateke Arrigorriagan”.

// ArrigoKorrika

 

// ArrigoKorrika

 

// ArrigoKorrika

 

// ArrigoKorrika

 

// ArrigoKorrika

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak