→Arrigorriaga

Asier Fragas eta Mikel Sánchez: “Herri txikiak kalitate handiko proiektu artistikoz beteta daude”

Estilo urbanoaren barruan kokatzen dira Asier Fragas (Arrigorriaga, 1995) eta Mikel Sánchez (Galdakao, 1996), eta biak oso modu aktiboan ari dira lanean musikaren panorama indartzeko. Furbah bezala ezagunagoa den arrigorriagarra Keniama rap-rock taldeko abeslaria da, eta hilero kanta berri batekin publikoa harritzen ari dira

Asier Fragas eta Mikel Sánchez // Geuria

Estilo urbanoaren barruan kokatzen dira Asier Fragas (Arrigorriaga, 1995) eta Mikel Sánchez (Galdakao, 1994), eta biak oso modu aktiboan ari dira lanean musikaren panorama indartzeko. Furbah bezala ezagunagoa den arrigorriagarra Keniama rap-rock taldeko abeslaria da, eta hilero kanta berri batekin publikoa harritzen ari dira. M. Sanchez galdakoztarrak, bestalde, martxoaren 3an kaleratu zuen ‘Cuenta Atras’ abestia, laster aurkeztuko duen diskoaren aurrerapena. Rap asko eta garagardo batzuen ondoren, ‘Musica pa estar relajao’ izan da bi artista hauen nahasketaren fruitua. Otsailean argitaratu zuten bost abestiz osatutako EPa. Musika beren izaeraren adierazpidea da, gozamenean oinarritua, eta betiko sortzen jarraitzeko asmoa agertu dute.

Nola definituko zenukete elkar?

Mikel Sanchez: Asier artista gisa nahiko moldakorra dela esango nuke, edozein estilotara erraztasunez egokitzeko gai delako. Gainera, oso mutil polifazetikoa da, abesteaz gain soinua modu profesionalean kontrolatzen duelako.
Asier Fragas: Nik Mikel hiru hitzetan definituko nuke: moldakorra, dotorea eta pixka bat pikaroa.

Zenbat urterekin hasi zineten abestiak idazten?

M.S.: 19 urterekin hasi nintzen. Lagun batek mahaiko mikrofono bat zeukan bideo-jokoen zuzenekoak egiteko, eta egun batean eskatu egin nion. Beste hiru lagun eta ni lonjara joan ginen txorakeriak grabatzera eta azkenean ni naiz musika egiten jarraitu duen bakarra. Mikroa etxera eraman eta amaren galtzerdi bat jarri nion antipop funtzioa egin zezan. Geroago, mikrofono propio bat erosi nuen eta gaur egun arte jarraitu dut, pixkanaka-pixkanaka lanean eta YouTubeko tutorialen bidez ikasten. Gogoan dut, baita ere, institutuan irakasleari jaramon egin beharrean, orduak pasatzen nituela rap kantak buruz idazten. Koaderno guztiak beteta nituen!
A.F.: Ni, aldiz, eskolako bertsolaritza klaseei esker hasi nintzen. Izan ere, han entzun nuen lehen aldiz rap estilora hurbiltzen zen zerbait. Etxera heldu eta koaderno batean bertsoak idazten nituen. 11-12 urterekin mikro bat eskatu nion aitari, eta hark ezetz esan zidan. Orduan, amak lanerako erabiltzen zuen ordenagailu eramangarria hartzen nuen. Ohean belauniko jarrita abesti batzuk grabatzen nituen eta lagunei erakusten nizkien. Haiek gauza bera egiten hasi ziren, baina Mikel bezala, ni izan naiz jarraitu duen bakarra. 15 urterekin mikrofono bat erosi nuen, aitak mikro oin bat erosten lagundu zidan, eta geroago nire lehen soinu-ekipoa lortu nuen, ia-ia gaur egun ere mantentzen dudana.

Furbahren ‘Quiero ser rapero’ kantak hezkuntza-sistemaz hitz egiten du, sormena eragozten duela kritikatuz.

M.S.: Hezkuntza-sistema oso karratua da: egin hau, ikasi bestea, nota ona atera eta beste ikasturtea batera pasa. Marjina batzuk ezarrita baleude bezala da. Haien barruan ibiltzen bazara hamar bat lortuko duzu, eta pixka bat aldentzen bazara, nahiz eta jendea liluratu, eskola eremuan ez du balio. Nik batxilergoa amaitu eta X izpien teknikaria izateko goi mailako gradua egin nuen, gero erizaintzako karrera ikasi eta orain lanean ari naiz. Baina musikari begira, urrun iristea da nire nahia. Eta hortik bizitzea lortzen ez badut, gutxienez ilusioak jarrai dezala, beti bideaz gozatuz.

A.F.: Musikako klaseak ere horrelakoak ziren: historia, teoria pixka bat eta txirula jo. Oro har, ez dago sormenerako pizgarririk. Gogoan dut gaztelaniako irakasle batek, poesiaren atalean, lan moduan rap bat egiten utzi zidala, eta hori bide ona iruditu zitzaidan. Ikasgai bat aplikatzeko beste modu bat baduzu eta benetan erakutsi ikasten ari zarela, zergatik ez? Hutsune handia dago gazteen sormen-gaitasuna bultzatzeari dagokionez. Nik gurasoei askotan esaten nien abestu nahi nuela, eta uste dut institutuan orientabideren bat egon beharko litzatekeela, ez bakarrik: “eman izena musikan”. Zer egin dezakete gurasoek arlo artistikoan distira egin nahi duen seme-alaba batekin? Ez da epe luzerako aukera moduan kontsideratzen. Gainera, unibertsitate karrera bat egiteko kultura dago. Funtsean, ondo dago. Baina ez badago raperoa izateko karrera bat, zer egin dezaket? Zuk pertsona bat bultzatu dezakezu ezagutza filosofikoak, historikoak eta abar izan ditzan eta ezagutza horiek edozein motatako adierazpen artistiko baterantz bidera ditzan.
Nik ere batxilergoa egin nuen. Gero, goi mailako bi gradu egin nituen; bat soinuari eta bestea ikus-entzunezkoari lotuta. Zuzenekoak muntatzeko enpresa batean eta bikoizketa-estudio batean aritu izan naiz lanean, azken horretan grabazio-teknikari gisa, eta musikaren munduan ditudan asmoak Mikelen asmoen antzekoak dira: benetako lantzat hartzea. Duela urtebete lana utzi eta proiektu berri batean zentratu nintzen, baina dirua agortzen ari da eta berriro zerbait bilatu beharko dut proiektua martxan dagoela, aurrera atera ahal izateko.

Zein da musikak duen funtzioa?
M.S.: Funtzio ezberdinak izan behar ditu: zerbaiten inguruan kontzientziatzeko, denbora pasatzeko, emozio desberdinak sortzeko… Musikak edozertarako balio du, eta ez du helburu bakarra. Munduan berez ematen ari den aldaketa baten parte ere bada. Nik gertatzen zaizkidan edo sentitzen ditudan gauzak adierazteko erabiltzen dut, eta bakoitzak nahi duen mezua har dezala. Kontatzen ari banaiz duela astebete triste nengoela baina pasatu egin zitzaidala, eta norbaiti abesti hori hartu eta gauza bererako balio badio, hori da mezua. Une jakin batean kanta bat entzun eta mezu bat har dezakezu, eta urtebete barru berriz entzun eta beste modu batera interpretatu.

M.Sanchezen ‘Sigo’ abestian “hau Galda da, ez Madril” aipatzen da. Hego Uribe mapan kokatzeko asmoa?

M.S.: Nola ez! Ohore handia izango litzateke guretzat. Hemengo nukleo musikala borborrean ari da, eta pozten gaitu alde guztietara begiratzeak eta gauza ikaragarriak egiten ari den jendea ikusteak. Lehertzear dago lapikoa. Gu kantuak argitaratzen hasi ginenean zerbait arraroa bezala ikusten zen. Inguruan beste inor ez zegoela ematen zuen. Orain gutxienez pertsona bat dago herri bakoitzean musika egiten duena. Eta ondo egiten duena, gainera! Aipatutako abesti horretan transmititu nahi nuena da dena ez dagoela erdigunean. Kalitatezko proiektu artistiko ugari daude herri txikietan eta balioa eman behar zaie. Pena ematen didana da herrietako jaietan beti artista berdinek jotzen dutela: Gatibu, Huntza…

A.F.: Musikaren panorama, batez ere Euskal Herrian, hazten ari da. Txoko bakoitzean hamaika artista daude adierazpide modernoak ustiatzen. Freestyle, rap, ekoizpena… Berdin dio estiloak eta diziplinak, dena ari da indarra hartzen. Lehen ia ezinezkoa zen ekoizle bat aurkitzea! Gainera, sare sozialek ikusgarritasuna ematen laguntzen dute. Gero eta gehiago antzematen da abesti bat eraikitzen duten kide guztien lana. Artista ez da raperoa bakarrik. Artista raperoa da, instrumentala egiten duena, eta baita soinu-teknikaria ere. Denek jartzen dute beren partetik melodia zehatz bat lortzeko. Mikelek jaiei buruz esandakoari dagokionez, ondo legoke herriko jendeari espazio gehiago ematea. Hainbeste musikari daude hemen, non herri bakoitzean jaialdi bat egiteko gai izango zinatekeen! Eta herritarrak hurbilduko lirateke, erdia familia izango litzatekeelako, eta beste erdia lagunak. Ikuskizun ederra izango zatekeen hori, baina ez dakite tokiko talentuari probetxua ateratzen.

Zein da zuen iritzia musikaren industriari buruz?

A.F.: Orain autoekoizteko joera handia dago. Alde batetik ondo dago, baina putakeria bat da. Zure ekonomiak mugatu egiten zaitu, denbora asko inbertitu behar izateaz gain. Bestalde, diskoetxeek nola funtzionatzen duten ikusi beharko genuke horretaz hitz egin ahal izateko.

M.S.: Gaur egun, zure kontura lan eginez gauza bikainak lor daitezke. Haiek bakarrik ospea lortu duten artistei begiratzea besterik ez dago. Baina beste maila batera igaro nahi baduzu, hala nola zure musika film batean agertzeko edo kolaborazio garrantzitsuak lortzeko, agian bai beharko duzu diskoetxe baten laguntza. Lehen aipatu dugun bezala, sare sozialak aukera asko zabaltzen ari dira, baina diru oinarri bat behar da. Gogoa izatea eta ahalegina eskaintzea da gakoa. Ni, adibidez, bideoklip bat prestatzen ari naiz orain, eta dena nik bakarrik kudeatzen dut. Proiektu berriak aurrera ateratzeko gogor lan egitea tokatzen da. Badakit egin dezakedala, baina agian bihotzekoak emango dit. Diskoetxe bat izango banu, aktoreak, lokalizazioa, filmaketa eguna eta abar antolatuko lizkidake, eta nik abestirik onena egiteaz bakarrik arduratu beharko nuke.

Otsailean bost abestiz osatutako EPa aurkeztu zenuten: ‘Música pa estar relajao’.

M.S.: Oso ondo moldatu gara proiektu hau egiten, eta uste dut musika antzera ulertzen dugulako izan dela. Kanta baten zati bat grabatu nuen eta Asierri bidali nion ea kolaborazio bat egitera animatzen zen. Instrumentalak giro ona zuen, bien estiloarekin bat zetorrena, eta animatu egin zen. Berak beste hainbat gauza topatu zituen, motibatu egin ginen eta EP bat egitea erabaki genuen. Gu bezalako jendeari zuzenduta dago, egun batean lasai entzuteko eta deskonektatzeko. Ez du mezu sakonik, eta ez da parrandan ateratzeko ere.

A.F.: Diskoaren izenak primeran definitzen du nolakoa izan den prozesua: lagun artekoa, presiorik gabe eta garagardo pare batekin. Lehen abestiarekin izan ezik, ‘Dos Flores’, erotu egin baikinen instrumental horrekin zerbait potenteagoa egin behar zela uste genuelako. Baina laster erlaxatu ginen berriro, guk gozatzeko egin genuelako. Nire etxean grabatzen izan dugun bibra ona transmititu nahi izan dugu, eta hori islatzen jakin dugula uste dut. Oso pozik gaude azken emaitzarekin, kalitatezko lan bat egitea lortu dugulako.

Ez da elkarrekin lan egiten duzuen lehen aldia.

M.S.: Gasteizen eman nuen lehen kontzertuan ezagutu genuen elkar, duela lau urte gutxi gorabehera, eta musikak batu egin gaitu. Gure lehen kolaborazioa 2018ko udan izan zen, ‘Sin Prisa’ abestiarekin. Reggae kutsua zuen eta bideoklipa egun batean grabatu genuen. Keniamako kide guztiak Castron dudan etxera etorri ziren eta sekulako paliza izan zen. Herria puntatik puntara zeharkatu genuen, txankletetan! Gazteak eta esperientziarik gabekoak ginen.

A.F: Mikelen ‘Corazón’ abestiak etapa bat markatu zuela uste dut. Ni oraindik nahasten ikasten ari nintzen eta bere abesti osoa berregin genuen hobetzen saiatzeko. Autotunearekin eta soinu modernoenekin esperimentatzen hasi ginen, eta estilo berri horretan arakatuz, aukera sorta bat ireki zen. Hasieran gure arteko harremana hotzagoa zen, baina pixkanaka-pixkanaka hurbildu egin gara eta momentu bikainak partekatu ditugu. Azken hori, bereziki, ‘Musica pa estar relajao’ diskoari esker izan da. Astero nire etxean biltzen hasi ginen, eta elkarrekin ikasten ari gara modu profesional batean gauzak nola egin. Ziur nago elkarrekin lan egiten jarraituko dugula, proiektu berriak sortzen direnean batak bestea aintzat hartzen duelako.

Zuen abesti guztiek kalitate handiko bideoklipak dituzte. Zer pisu dute gaur egun ikus-entzunezko produktuek?

M.S.: Nik uste dut azkenaldian YouTuberen protagonismoa jaisten ari dela eta albumaren formatua itzultzen ari dela. Ez fisikoki, baina bai Spotify bezalako online plataformetan. Hala ere, bideoklipek garrantzi handia dute oraindik. Abesti bat argazki batekin bakarrik argitaratzen baduzu, beste estimulurik gabe, ez du inpaktu bera. Jendeari gustatzen zaio entzuten ari den horri aurpegia jartzea. Askotan, artistaren izaerarekin edo estetikarekin identifikatzen zara, ez soilik bere musikarekin.

A.F.: Nire ustez bideoklipek garrantzi handiagoa dute sare sozialetan. Instagramen erakusleiho on bat izateak eta 20 segundoko zatiak originalak izateak bideoak berak baino gehiago balio du orain. Horrekin jendea harrapatzeak diskoa entzuteko gogoa eragiten du. Gure bideoklipak eta Mikelen azkena zinema ikasi duen Keniamako gitarristetako batek egin ditu, eta nahiko prezio onean uzten dizkigu. Beraz, ez dugu horretan inbertsio handirik egiten. Kasu honetan gehiago da harreman estua dugulako eta badakigulako bikain egiten duela.

Zein norabide hartuko duzue orain zuetako bakoitzak?

A.F.: Nire kasuan, ‘Musica pa estar relajao’ diskoarekin ziklo bat itxi nahi izan dut, ez dudalako Furbah izen artistikoarekin abesti gehiago egingo. Hala ere, urte eta erdi daramat itzalean lanean Urko Brialesekin, Arrigorriagako artista grafiko batekin. Animazio eta musika urbanoari buruzko proiektu berri bat prestatzen ari gara, anonimotasunetik egingo dena. Keniama taldearekin ere hainbat abesti ditugu argitaratzeko prest, tartean M. Sanchezekin kolaborazio bat.

M.S.: Ni soinu hobea izateko lanean ari naiz buru-belarri, bakarlari gisa sendotzen jarraitzeko. Lehen etxean grabatzen nuen dena, eskura nituen baliabide urriekin. Orain, profesionalizaziora ahalik eta gehien hurbildu behar dudala uste dut, eta laster ezagutzera emango ditudan sorpresa berriekin maila horretara iristen ari naiz apurka-apurka. Duela gutxi kaleratu nuen ‘Cuenta Atras’ kanta, prestatzen ari naizen disko baten aurrerapena. Diskoa 10 abestiz osatuta dago eta egun gutxi barru ikusiko du argia. Gasteizen grabatu dut osorik, Sintomaren laguntzarekin, Akademix beats, eta orain arte egin dudan lanik potoloena da. Erakusteko eta kontzertuak ematen hasteko irrikan nago! Kolaborazio berriak ere badatoz…

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak