→Arrigorriaga

2022ko aurrekontuan 150.000 euro zertara bideratu erabakiko dute lehen aldiz Arrigorriagako herritarrek 

Aurrekontu parte-hartzaileak bultzatuko dituzte lehen aldiz Arrigorriagan. Irailean herritarrek proposamenak egin ahal izango dituzte eta urrian bozkatzeko epea zabalduko dute.

Lehen aldia da Arrigorriagan aurrekontu parte-hartzaileak bultzatuko dituztena // Geuria

Aurrekontu parte-hartzaileak bultzatuko dituzte lehen aldiz Arrigorriagan. Prozesua irekia da eta horren bidez herritarrek datorren urteko aurrekonturako proposamenak egin ahal izango dituzte. Zehazki, 150.000 euro zertara bideratu erabakiko dute herritarrek: “Horietatik 120.000, 10.000 eurotik gorako proiektuetarako erabiliko dira, eta gainerako 30.000 euroak, 10.000 eurotik beherako neurrietarako”, diote udal ordezkariek.

Prozesuaren lehen fasea irailaren 13tik 26ra bitartean izango da. Fase horretan 16 urtetik gorako herritarrek proposamenak egin ahal izango dituzte. “Ekarpenak ez dira hirigintza-eremura mugatu behar, eta besteak beste, honako baldintza hauek bete beharko dituzte: Udalaren eskumenekoak izatea, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak izatea, interes publikokoak izatea, 50.000 eurotik gorakoak ez izatea, eta eduki difamatzailerik edo diskriminatzailerik ez izatea”, diote.

Bigarren fasean proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute udal teknikariek eta politikariek balorazioa egingo dute, eta ondoren proposamenen zerrenda bikoitza argitaratuko dute: alde batetik 10.000 eurotik gorako proposamenekin eta bestetik 10.000 eurotik beherako proposamenekin. Urriaren 18tik 31ra bitartean bozketa egongo da: herritar bakoitzak hiru aukera hautatu ahal izango ditu zerrenda bakoitzeko. “Horrela, boto gehien jasotzen dituzten proposamenak (120.000 euro kasu batean eta 30.000 euro bestean) udal aurrekontuan sartuko dira, errealitate bihurtu ahal izateko”, diote udal arduradunek.

Lehenengo fasean proposamenak egiteko zein hirugarren fasean proposamenak bozkatzeko herritarrek hainbat bide izango dituzte: udal webgunearen bitartez, hainbat udal-eraikinetan jarriko dituzte hautestontzien bitartez, antolatuko dituzten informazio-foroen bitartez edo partehartzea@arrigorriaga.eus helbide elektronikoaren bitartez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak