→Arrigorriaga

Arrigorriagako Udalak herritarren 154 proposamen jaso ditu lehen aurrekontu parte-hartzaileetan

Irailaren 26an Arrigorriagako lehen aurrekontu parte-hartzaileen lehen fasea itxi zuten eta guztira 154 proposamen helarazi dituzte herritarrek

Ahate bat Mendikosolon // Geuria

Irailaren 26an Arrigorriagako lehen aurrekontu parte-hartzaileen lehen fasea itxi zuten eta guztira 154 proposamen helarazi dituzte herritarrek: “Hasierako fasean parte-hartze nabarmena izan da. Herritarren iradokizunak jasotzeko fasea 154 proposamenekin amaitu da, eta orain teknikariek eta politikariek baloratuko dituzte”, azaldu du Udalak prentsa ohar baten bidez. Horietako 98 erdigunekoak dira eta gainerakoak, Abusukoak. Lehen fase honetan 91 emakumek eta 61 gizonek hartu dute parte: “Proposamen gehienak hirigintzaren esparruan kokatzen dira, nahiz eta kulturarekin, berdintasunarekin, kirolarekin edo ingurumenarekin lotutako neurriak ere jaso diren”.

Proposamenak jasotzeko metodo erabiliena hautestontziak izan dira, Abusuko Zentro Soziokulturalekoa izanik (53 proposamen), Herritarrentzako Arreta Zerbitzua (HAZ) ostean (22 proposamen), Udal kiroldegia (19 proposamen) eta kultur etxea amaitzeko (7 proposamen). Gainontzeko 53 lagunek internet erabiliz bidali dituzte euren proposamenak, 40k online inprimakia betez eta 13k partehartzea@arrigorriaga.eus helbidera idatziz.

Kultur etxea // Geuria

Hurrengo pausuak

Lehen fasea bukatuta, Aurrekontu Parte-hartzaileen bigarren faseari ekingo diote arrigorriagarrek. Irailaren 27tik urriaren 10era arte, jasotako 154 proposamen horien edukiak eta bideragarritasuna aztertuko dute teknikariek eta politikariek, bideragarriak diren horiek bozketa fasera eramanez. Hurrengo asteetan, hirugarren fasera salto egitean, 10.000 eurotik eta beherako proposamen zerrenda bikoitza osatuko du Udalak, auzotarrei aukeratu dituzten proposamenen artean hiru lehenesteko aukera emanez: “Ondoren, zenbaketa egingo da eta Arrigorriagako 2022ko aurrekontuan sartuko diren neurriak ezagutuko dira, 150.000 euro guztira”.

Maite Ibarra alkateak herritarren parte-hartzea eskertu du, lehen aldiko Aurrekontu Parte-hartzaile hauen garrantzia azpimarratuz eta sistema hau Arrigorriagan finkatzeko asmoa azalduz: “Parte-hartzea oso altua izan da eta hau oso garrantzitsua da guretzat. Gure politika egiteko modua herritarrekin batera ulertzen dugu; elkarrekin gure herriari dagozkionak erabakitzeko. Parte-hartze kultura hau Arrigorriagako herrian sustraitu nahi dugu”.

Peio Garmendia Ogasun eta Kontuak eta Giza Baliabideak zinegotziak jasotako proposamenen balantze baikorra gehitu dizkio alkatearen hitzei: “Horrelako prozesu parte-hartzaile bat martxan jarri dugun lehen aldia izan da eta egindako proposamenak oso egokiak izan dira. Orain, Udalari dagokio proposamenen azterketa eta kudeaketa eta teknikariak buru-belarri arituko dira hurrengo fase honetan”.

Hurrengo faseak

Bigarren fasea: irailak 27 – urriak 10

Udaleko teknikariek herritarrek egindako proposamenen edukia eta bideragarritasuna aztertuko dute.

Hirugarren fasea: urriak 18 – 31

Bideragarriak diren proposamenak bi zerrendetan sailkatuko dira: alde batetik 10.000 eurotik gorako balio dituztenak eta bestetik 10.000 eurotik beherakoak.

Laugarren fasea: azaroak 14

Bozketaren emaitzak argitaratuko dira. Proiektu bozkatuenak Aurrekontu Orokorraren parte izango dira. 10.000 eurotik gorakoen zerrendan, boto gehien dituzten proposamenak igaroko dira, 120.000 eurora iritsi arte. 10.000 eurotik beherako bigarren zerrendatik, boto gehien jaso dituztenak esleitutako partidaren gainerako 30.000 euroak lortu arte.

Irailaren 13an hasiko da Arrigorriagako Aurrekontu Partehartzaileen prozesua

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak