→Arrigorriaga

Arrigorriagarren 24 proposamen aukeratu ditu Udalak aurrekontu parte-hartzaileetan

Aurrekontu parte-hartzaileetako hirugarren fasean murgilduta, Udalak herritarrek  aurkeztutako 154 proposamenetatik 24 aukeratu ditu

Konponketa-lanak, Arrigorriagan // Utzitakoa

Aurrekontu parte-hartzaileetako hirugarren fasean murgilduta, Udalak herritarrek aurkeztutako 154 proposamenetatik 24 aukeratu ditu: “Proposamen gehienak bideragarriak izan dira, eta bozketa-fasera pasatzeko gehiegi zirenez, oreka bilatu nahi izan da balio erantsiko irizpideetatik abiatuta, hala nola lehentasuna, eraginkortasuna, ahalik eta pertsona gehienei mesede egingo diena”, azaldu du Arrigorriagako Udalak. Gainera, hiriguneko zein Abusuko proposamenak kontuan hartu dituela azpimarratu eta “hirigintzari buruzko proposamenez gain, kultura, kirola, berdintasuna, iraunkortasuna eta ingurumena bezalako gaiek lekua izan dutela” gehitu du.

24 proposamen horietatik aukeraketa egin behar dute herritarrek urriaren 18tik 31ra bitartean. Denbora tarte horretan 150.000 euroak zertan erabiliko diren aukeratu beharko dute arrigorriagarrek. Alde batetik 120.000 euroko partida dago 10.000 eurotik gorako neurrietarako. Bestetik, 30.000 euroko partida dago 10.000 euro baino gutxiagoko proposamenetarako.

Herritarrak, Lonbo aretoan egindako Mendiokosoloko prozesu parte-hartzaileko erakusketan // Geuria

Aurrez aurre edo internetetik

Bi modutan eman dezakete bozka herritarrek: aurrez aurre edo modu telematikoan. Urriaren 18ko astean proposamenen zerrendak jasoko dituen inprimakia helduko da arrigorriagarren etxeetara. Orri horiek beteta udaletxeko HAZn, Abusuko Zentro Soziokulturalean, kiroldegian eta kultur etxeko postontzietan utz daitezke.

Bozka interneten bidez egiteko asmoa dutenek Udalaren webgunera jo beharko dute eta bertan eskegiko duten inprimakia bete.

Bozka emateko 12 proposamenetako zerrenda bi argitaratuko ditu Udalak: 10.000 eurotik gorako proposamena eta 10.000 eurotik beherakoena. Zerrenda bakoitzetik 6 proposamen aukeratu beharko ditu herritarrak: “Garrantzitsua da jakinaraztea pertsona bakoitzak behin bakarrik eman dezakeela botoa, eta, beraz, datu pertsonal batzuk eskatuko direla (izena, abizenak eta NANa), eta nahitaez markatu beharko ditu zerrenda bakoitzean gustukoen dituen hiru proposamenak”, azaldu du Udalak. Bozka eman dezakete 16 urtetik gorako herritarrek.

Hirugarren fasea amaituta, 2022ko Udal aurrekontu orokorretan sartuko diren herritarren proposamenak jakinaraziko dituzte azaroaren erdialdean.

Arrigorriagako Udalak herritarren 154 proposamen jaso ditu lehen aurrekontu parte-hartzaileetan

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak