→Arrigorriaga

Arrigorriagako Gobernu taldeak “inoiz baino aurrekontu jasangarriagoak” aurkeztu dizkio oposizioari

2022ra begira 15.172.636,16 euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak osatutako Gobernu taldeak eta gainerako Udal-taldeekin adostasuna bilatzeko asmoa duela iragarri du

Arrigorriagako udaletxea // Geuria

2022ra begira 15.172.636,16 euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak osatutako Gobernu taldeak eta gainerako Udal-taldeekin adostasuna bilatzeko asmoa duela iragarri du: “COVID-19aren pandemiak utzitako suspertze-testuinguru honetan, Arrigorriagako Udaleko gobernu-taldeak 15.172.636,16 €-ko aurrekontu-proiektua aurkeztu du 2022rako. Zifra honek %10,7ko igoera dakar 2021eko aurrekontuarekin alderatuta“, azaldu du Gobernu taldeak bidalitako prentsa-ohar batean.

Udalaren arabera, igoerak Zerbitzu Orokorren, Gizarte Ekintzen, Ingurumen eta Jasangarritasun eta kulturalen arloan ematen dira. Gainera, 2022ko aurrekontuetan herritarren proposamenak kontuan hartuko dituztela azaldu dute Gobernu taldetik “horietako asko auzoetako beharrei zuzenean lotutakoak”.

“Pozik gaude egindako lanaz eta aurkezten dugun aurrekontu proiektuaz. Gure ustez, oreka lortu dugu Arrigorriagako bizilagunen artean aurkitu ditugun eta orain arte pandemiaren ondorioz geldiarazi behar izan diren premia guztiekin. Era berean, uste dugu abiapuntu egokia izan daitekeela gainerako udal-taldeek ekarpenak egin ditzaten beren interesak barne hartuta, ahalik eta adostasun zabalena lortzeko. Guztion erantzukizuna da ahalik eta aurrekontu onenak lortzea”, azaldu du Peio Garmendia Ogasun eta Kontu eta Giza Baliabideetako zinegotziak.

Datorren eguenean, abenduaren 16an, aurrekontuen proposamena aurkeztuko du Gobernu taldeak 10:30ean prestatu duten prentsaurrekoan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak