→Arrigorriaga

Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketak 450 euro inguru biltzea espero du Caminus elkartearentzat

Gaur eguerdian datorren urriaren 23 eta 24an Ausartak Mendi Lasterketaren nondik norako guztiak aurkeztu dituzte Xabier González lasterketako antolatzaileak eta Beñat Larrinaga Deustuko Unibertsitateko irakasleak Arrigorriagako Udaletxeko Osoko bilkuren aretoan.

Xabier González, Maite Ibarra eta Beñat Larrinaga // Geuria

Gaur eguerdian datorren urriaren 23 eta 24an Ausartak Mendi Lasterketaren nondik norako guztiak aurkeztu dituzte Xabier González lasterketako antolatzaileak eta Beñat Larrinaga Deustuko Unibertsitateko irakasleak Arrigorriagako Udaletxeko Osoko bilkuren aretoan. Gonzálezen hitzetan, Koronabirusaren etenaldiaren ostean proiektua berreskuratzea erabaki zuten: “Hori bai, hainbat aldaketa egin ditugu: TxakurKrosaren ibilbidean aldaketa batzuk egin ditugu txakurrentzat atseginagoa izateko, errepide zatiak gutxituz, besteak beste”. Antolakuntzakoek Arrigorriagako Udalaren eta euren babesle guztien laguntza eskertu dute une oro (Lacturale Esnea, Julen Idirin hortz klinika, TodoPiensos, Amarok txakurkros, Cronoenergy, NorthKamp, Dida, Arkakuxo albaitari zentrua, Maialen Saenz fisioterapia, Ingenieria Padura eta Gaursa) “proiektu hau berreskuratzea proposatu genuean hasieratik euren laguntza jaso dugulako”. Gaurko prentsaurrekoan, alkatea, prentsaburua eta hizlari biez gainera, komunikabideak eta lasterketan parte hartuko duen txakur bat ere bazegoen jabearekin batera, bestelako ikusle bat bezala.

Ausartak mendi Lasterketako Xabier González, Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Deustuko unibertsitateko Beñat Larrinaga, Osoko bilkuren aretoan // Geuria

Urriaren 23an Txakurkros lasterketa antolatu dute, aurten lehen aldiz, gauez. Bi urteko etenaldiaren ostean, jendea gogotsu dagoela azaldu du Gonzálezek: “Dagoeneko 70 lagunek izena eman dute Txakurkrosean eta 20 pertsona gehiago espero ditugu”. Aurten ere lehen aldia izango da Euskal Herriko Txakurkros zirkuituaren barruan kokatuko dela: “Zirkuituko lehena da aurten dagoeneko”, azpimarratu du Xabierrek.

Urriaren 24an Hasiberri Traila prestatu dute, 9,5 kilometroko inguruko hasiberrientzako lasterketa: “Pandemia hasi baino lehen Bizkaia Kopa Traila zegoen, 10 kilometro inguruko ibilbidea zuen lasterketa, eta horretaz gainera oso gutxi daude 10 kilometro baino gutxiagokoak. Gurearen kasuan 12koak ziren 2019an, baina herritarrek eta hainbat kirolarik lasterketa hura moldatu eta laburtzeko eskatu ziguten, jende gehiagok parte har zezan”. Aurten ikusiko dugun lasterketa honek Artanda gailurrera eramango ditu kirolariak, “publiko guztiarentzat prestatutakoa, hauek paisaia zoragarrien lekuko izanik”.

Urriaren 24an ere Mendi Maratoi Erdia prestatu dute adituentzat, ia 21 kilometroko luzeeradun eta 1.100 metroko desnibel positiboduna. Lasterketa hasi baino lehen herri osoari buelta emango diote korrikalariek: “Urtez urte gero eta partaidetza handiagoa izaten ari den lasterketa dugu Mendi maratoi Erdiarena”, azpimarratu du Gonzálezek, “eta Artandaz ganera Upo gailurretik igaroko den ibilbidea izango dugu”.

“Ausartak Mendi Lasterketa kirol jarduera solidarioa dugu, ororen gainetik”. Dorsal bakoitzak euro bateko prezioa izango du eta lasterketako antolatzaileek 450-500 euro inguru biltzea espero dute, jasotako diru guztia Caminus elkarteari emango diotelako “gaixotasun arraroen ikerketak egin ahal izateko”. Xabierrek azaldu du badirela lasterketan izena eman eta korrika egingo ez duten dozena pare bat lagun, Caminus elkarteari laguntza emateko helburuagaz. Bigarren mailako helburuei begira, Ausartak Mendi Lasterketako bestelako erronka aipagarriak dira eskualdeko bideak urtero garbi mantentzea “jendeak gure bide hauetaz behar bezala gozatzeko”, maila guztientzako trail eta txakurkros entrenamendu saioak antolatzea eta herriko gazteak bolondres lanetan parte-hartzera bultzatzea: “Herriko gazte guztiekin berba egiten saiatu gara gure lasterketan laguntza eman ahal izateko. Lasterketa lokala dugu Ausartakekoa eta gaur egun 60 bolondres besterik ez ditugu”

Bestalde, urtez urte gora egin du emakumeen partaidetza Ausartak Mendi Lasterketan: “Aurtengo parte-hartzaile guztietatik %25 emakumeak dira Txakurkros lasterketan”, azaldu du harro Ausartakeko kideak. “Mendi lasterketetan ohikoa da nesken partaidetza %13 eta %14 izatea, eta bete beharreko distantzia handiagoa denean, partaidetza hori are gutxiagoa izan ohi da. Hasiberri trailean partaidetza %35ekoa da aurten”.

Xabier, Maite eta Beñat, udaletxe aurrean // Geuria

Txakurkrosa, ikerlarien ikusmiran

Ausartakeko kideak KorriCan proiektuaz egin du berba ere, “gure elkartearen asmoa ez delako urtero lasterketa bakarra egitea”. 2018an proiektuaren egitasmoa azaldu zion elkarteak Arrigorriagako Udalari eta 2019an martxan jarri zuten, “lasterketa bat baino askoz gehiago dena” sortzeko helburuagaz. “Helburu hori erdiesteko naturan jarduera fisikoa egitea, tokian tokiko partaidetza sustatzea eta ikerketari ateak zabaltzea beharrezkoa da”. Horren inguruan Beñat Larrinagak sakondu du, Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien graduko irakaslea eta Deustoko Unibertsitateko Health-PASS taldeko ikertzailea. Larrinagak, unibertsitateko ikertzaile talde batekin batera, ikerketa egingo du txakurkros proban, modalitate hori praktikatzen duen kirolariaren gorputzean zer gertatzen den aztertzeko. “Orain arte ez da horrelakorik egin txakurkrosen modalitatean”.

Rumba, txakurkrosa lantzen duen artzain bat, Pirinioetan // Jon Goikouria

“Deustuko unibertsitatean txakurragaz korrika egiteaz haratago doan proiektua lantzen ari gara, hezkuntza eta osasunean kokatu beharrekoa”, azaldu du Beñat Larrinagak. “Orain arte ez dago errendimendu-baliorik txakurkrosaren eremuan: badira txakurkrosetan egindako ikerketak, baina normalean txakurretan edo txakur eta kirolariaren artean finkatutakoak dira. Kirolariaren datu fisiologikoak faltan ditugu”. Deustuko unibertsitateko ikerketa taldearen helburua kirolaria antropometrikoki ezagutzea da: “Froga batzuen bidez, koipea, gorputz eta gihar-osaera… neurtzen dugu gure kirolarien perfila zehazteko”.

Lan hauetarako kirolari bolondresak aukeratu eta laborategira eraman dituzte, jausiak eta korrika egitera: “Maratoiak eta erdi maratoiak lasterketa leherkariak dira eta txakurkrosetan normala baino gehiago korrika egiten du kirolariak”. Froga guztien artean, oxigeno-kontsumo probak egin dizkiete unibertsitateko laboratorioan eta maskara eta motxila baten osatzen duten ekipo eramangarri bat dute urriaren 23ko txakurkros lasterketan froga-piloto bezala erabiltzeko. “Motxila horrek jasoko dituen datuen arabera, hobekuntzak egin ahalko ditugu datorren urteko lasterketan”, azaldu du unibertsitateko irakasleak. “Lasterketa bereko beste batzuk monitorizatuko ditugu ere GPS eta euren frekuentzia datuak aztertzeko”. Lasterketa bukatzean, jausien proba egingo zaie herrian jarriko duten karpa batean, lasterketa galdutako potentzia neurtu ahal izateko. “Horrelaxe eskuratuko ditugu parametro fisiologiko guztiak eta etorkizuneko ikerketetarako oso baliagarriak izango dira datu horiek”. Urriaren 23ko proban Deustuko unibertsitateko praktiketako zortzi ikasle hurbilduko dira ikerketa-lanak egiteko. Guzti horren inguruan, Ausartak Mendi Lasterketako antolakuntzak galdetegi bat zabaldu du sare sozialetan trailak eta txakurkrosak egiten dituzten kirolarientzat.

Hezkuntza-proiektua

Beñatek azaldutako hezkuntza eta osasunean oinarritutako proiektuaren haritik eta etorkizunera begira Txakurtrail hezkuntza-proiektua martxan jartzeko asmoa azaldu dute Mendi Lasterketako antolakuntzatik: “Eskolaz kanpoko jarduera bezala kudeatu litekeen proiektua litzateke, Arrigorriagako eskola eta institutuko ikasleentzat prestatutakoa. Ausartak Mendi Lasterketako kideek ikuskatutako proiektua izan arren, kudeaketa herriko gazteen esku egongo litzateke: herrian Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan graduatutako lau gazte daude, hezkuntza proiektu hau kudeatzeko duinak”. Eskola atletismo klub baten itxura izango lukeela azaldu du Xabierrek, baina mendira bideratutakoa hurrengo helburuak jarraituz: ingurumenarekiko errespetua eta naturan jarduera fisikoa bultzatzea, gazteak zein helduak txakurren hezkuntzara hurbiltzea, den-dena kirolaren testuinguruan. “Azken batean, Arrgorriagan 1.400 txakur bizi dira eta gizakiok eurekin behar bezala elkarbizitzen jakin beharko genuke”.

Arrigorriagako Ausartak Mendi Lasterketan izena emateko epea zabaldu dute

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak