→Arrigorriaga

Arrigorriagarrak Auzo Taxi zerbitzuaren eremua zabalduko du

Arrigorriagako auzotarrek Auzo Taxi zerbitzuko eremua beste auzo batzuetara handitzeko eskaera egin diete Udalari. Zerbitzua urte hasierako osoko bilkuran onartu zuten EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien aldeko botuekin eta EAJ eta PSE alderdien abstentzioarekin.

Auzo Taxi zerbitzuaren aurkezpena, 2021ean // Arrigorriagako Udala

Arrigorriagako auzotarrek Auzo Taxi zerbitzuko eremua beste auzo batzuetara handitzeko eskaera egin diete Udalari. Zerbitzua urte hasierako osoko bilkuran onartu zuten EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA alderdien aldeko botuekin eta EAJ eta PSE alderdien abstentzioarekin.

“Hasiera batean, Auzo Taxi Zerbitzurako oinarri arautzaileak prestatzen hasi zirenean, udalerriko erdigunetik urrutien dauden eremuak sartzea baloratu zuten, bertan erroldatutakoen mugikortasuna errazteko, oinarrizko zerbitzuekin ondo konektatuta egon daitezen eta udalerriko bizitzan parte har dezaten”, azaldu dute Udal ordezkariek. Iazko abenduan zerbitzuaren deialdia egin zenean, herriko zenbait auzoko herritarrek eskakizunak helarazi zizkien Gobernu taldekoei, Auzo Taxiko ibilbidean kale gehiago gehitzeko: Aixarte, Lamierreketa, Pedro Muro edo Padura auzoetakoak, besteak beste. Gobernu taldeak, proposamen horiek “eta herriko beste zonalde batzuetakoak” baloratu ostean, argi berdea emango die herritarren eskaerei eta prozedura martxan jarri du.

Laguntza behar dutenentzako

Auzo Taxi zerbitzua 65 urtetik gorakoentzat edota mugikortasun arazoak dituzten auzotarrentzat sortu zuen Arrigorriagako Gobernu taldeak NOA alderdiagaz batera. Zerbitzu honek, euro biren truke auzoak eta herrigunea uztartzen ditu autoz “erabiltzaileak zerbitzu publiko, osasun-zentro, banku eta saltoki gehienetara hurbiltzeko helburuagaz”.

Idoia Molina Hirigintza eta Auzoetako zinegotziak azaldu du Auzo Taxi auzotarren beharretik jaiotako zerbitzua dela: “Auzo Taxi zerbitzua Arrigorriagako auzoetako bizilagunen beharretik abiatuta diseinatu genuen, auzo horiei herriguneko zerbitzu nagusien erabilera modu arin, merke eta jasangarrian errazteko. Zerbitzua zabaltzeko proposamenak jasotzea seinale ona da; izan ere, seinale horren arabera, zerbitzuak benetako beharrei erantzuten die, eta, gainera, herritar gehiagori lagunduko die”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak