→Arrigorriaga

10.000 bonutik gora banatuko dituzte Arrigorriagan, herriko dendetan erabiltzeko

Arrigorriagako 18 urtetik gorako herritarrentzako erosketa-bonuak banatuko ditu doan Udalak gaurtik aurrera. Bonu bakoitzak 5 euroko balioa du.

Arrigorriagako 18 urtetik gorako herritarrentzako erosketa-bonuak banatuko ditu doan Udalak gaurtik aurrera // Argazkia: Geuria

Arrigorriagako 18 urtetik gorako herritarrentzako erosketa-bonuak banatuko ditu doan Udalak gaurtik aurrera. Guztira, 10.100 dira banatuko dituztenak eta 5 euroko balioa izan du bonu bakoitzak. Udalak buzoietan utziko ditu bonuak, eta ekainaren 15etik uztailaren 27ra bitartean trukatu ahal izango dira, atxikitako establezimenduetan. Horietan, pegatina bat eta identifikazio-kartela jarriko dituzte.

“Gutxienez 15 euroko erosketa egin beharko da, eta erosketa-tiket bakoitzeko, gehienez ere, bi bonu erabili ahal izango dira”, dio Celia Rubio Enplegu eta Ekonomia zinegotziak. Gainera, establezimendu bakoitzak, gehienez ere, bezeroen 300 bonu jaso ahal izango ditu.

Asmoa da osasun-alarma ezarri zutenetik komertzioen galera ekonomikoa arintzea eta herriko jarduera ekonomikoa berpiztea. Udalak 50.500 euro bideratu ditu ‘Tokiko merkataritza gara’ kanpainara eta ADECKA merkatari elkartearen babesa du.

60 denda

“Gutuna igorri diegu euren jarduera kaltetuta ikusi duten eta kanpainan parte har dezaketen 60 bat saltokiri”, dio Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak: “Besteak beste, kanpainara atxikitzeko izena emateko orria bidali diegu. Berau Kultur Etxeko tailerren eraikinean (Urgoiti pasealekua, 17) entregatu beharko dute kanpaina bukatu aurrertik”.

Kanpaina honetan tabernek eta ostalaritza establezimenduek ez dute parte hartuko: “Bilerak izan ditugu merkatariekin, ostalariekin eta enpresekin, eta denon artean erabaki dugu kanpaina hau dendei soilik zabaltzea. Ostalaritzarako beste kanpaina bat egitea dugu pentsatuta eta hori aurrerago egingo genuke”, dio Ibarrak.

Tokiko merkataritzaren “balio erantsia” nabarmendu dute Arrigorriagako herritarrek

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak