→Arrigorriaga

25. Nazioarteko Clown eta Pailazoen jaialdiko ikuskizunak Kiroldegian antolatuko dira

arrigorriaga clown pailazo jaialdia 2015
2015eko Arrigorriagako Clown eta Pailazoen jaialdia / Geuria

Gaurtik irailaren 20ra Arrigorriagako 25. Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdia, Arrigorriagan. Emanaldi guztiak herriko kiroldegian antolatuko dira (Lonbo aretoko Zapatos Rojos filmaren proiekzioa izan ezik). Asteburua umorez, zirraraz eta ilusioz betetako ikuskizunez bueltatuko da Arrigorriagara, segurtasuneko neurri guztiak betez. Prest zaudete asteburu ahaztezin bat bizitzeko?

 

Gaurkoan, akrobaziak eta ilusionismoa

MAROMAk zirkuko akrobazietan oinarritutako pertsona bakarreko ikuskizuna ekarriko digu kiroldegira: eskuen gainean oreka mantentzea, kapelekin aritzea eta jauzi akrobatikoak eta bihurrikatze txundigarriak ikusi ahal izango ditugu (18:00ean, 50min).

PRODIGIAk, ostera, Jon Zabal mentalista eta Tor eta Txoborro magoen trukoak eskainiko dizkigu etorkizun iragarpenak zein eskapismo-saio izugarriak erakutsiz (19:30ean, 60min)

 

Larunbatean, antzerkia, dantzak eta zinema

EDEN, Mundu berrien sorkuntza bulegoak hitzik gabeko mundu guztiarentzako ikuskizun-collagea da. Objektuen antzerkia, instrumentu askoren musika, dantza… ikusi ahal izango da, irudia, soinua eta usaina poesiarekin uztartuz (12:00).

ZAPATOS NUEVOS, Payasos de Hoy en Europa filmaren proiekzioak mende aldaketarekin batera ibilitako pailazoen istorioa kontatuko digu Carlo Colombaioni pailazotik gaur egun arte. Proiekzioaren aurkezpena Virginia Imazek eta Brian Rodríguezek egingo dute (13:00etan, Lonbo Aretoan).

GABE Ohiulari Klown konpainiaren testurik gabeko ikuskizuna dugu, familia osoari zuzendutakoa eta bertan etxerik gabeko pailazo txiro biren istorioa kontatzen da, umoreaz baliatuz (13:30ean)

ENTRE SUEÑOS CABARET obra bost artistek egindako akrobazien, antipodismoen, bihurrituen, malabareen, CYR gurpilen eta orekarekin egindako ariketen inguruko ikuskizuna dugu (19:00etan).

DE TODAS LAS BELLAS, LAS MÁS BELLOTASek musika, barreak eta umore gordina ekarriko digu pistara, hiru emakumeen gorabeherak kontatzen dituena istorioa plazaratuz (20:30ean).

 

Igandean, pailazoak eta oreka saioak

THE PESTOFF obra Clownbaret Kanariar Uharteetako konpainiaren ekarpena dugu. Ikuskizun honetan, Woody eta Macarroni pailazo klasikoek obra honen 15. urteurrena erakutsiko digute, sketch berezien bitartez. Estreinaldia Euskadin (12:00etan).

FOOT BALL SHOW-k ikuskizunak hankaz gora jarriko du futbolaren errealitatea Mancho Sosa artistaren bidez. Argentinako malabarista honek futbol zelaiak utzi zituen ikusleak estilo libreko futbolaren bidez aho zabalik uzteko (13:30ean).

YES, WE ART Gag Street Boys konpainia euskal herritarraren ikuskizuna dugu eta publikoaren parte-hartzea eskatuko du, Art Machine gailuaren bitartez (18:30ean).

ÁUREOk, Murtziatik etorritako Up Arte konpainiaren ikuskizuna ekarriko digu. Saio honen helburua ikusleak armonia eta oreka nagusi diren atmosferan murgiltzea da, maila tekniko handiko akrobazioak eskainiz (20:30ean).

 

Arrigorriagako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBK Fundazioaren, Cementos Rezolaren, Euskaltelen, Bilboko Udalaren, Artekaleren, PATE eta Karrikanen laguntzarekin antolatutako ekitaldia da Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdia.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak