→Arrigorriaga

Errotulazioak eta kanpo-irudiko elementuak euskaraz jartzeko diru-laguntzak emango ditu Arrigorriagak

Euskararen presentzia handitzeko asmoz, Arrigorriagako Udalak elkarteei eta dendei diru-laguntzak eskainiko dizkie errotulazioak eta gainontzeko kanpo-irudiko elementuak euskaraz jartzeko.

Arrigorriagako Merkatari Eguna, 2020 // GEURIA

Euskararen presentzia handitzeko asmoz, Arrigorriagako Udalak elkarteei eta dendei diru-laguntzak eskainiko dizkie errotulazioak eta gainontzeko kanpo-irudiko elementuak euskaraz jartzeko. Gastuen zenbatekoaren %50 estaltzeko laguntzak izango dira.

Dendei dagokionez, kanpoko errotuluak, toldoak eta merkataritza-ibilgailuetako errotulazioa aldatzeko eskatu ahalko dira laguntzak. Izena, abizena edo bi datuak besterik ez duten errotuluak edota txarto idatzita daudenak edo akats gramatikalak dituztenak ez dira finantzatuko.

Elkarteek bazkide-karneta, zigiluak, txartelak, gutunazalak eta orriak euskaraz jartzeko gastuetarako egin dezakete eskaera. Horiek ere ondo idatzita eta akats gramatikalik gabe egon beharko dute.

Testua edo errotulua oso-osorik euskaraz jarriz gero, zenbatekoaren %50 ordainduko zaio eskatzaileari (gehienez, 350 euro). Testua edo errotulua euskaraz zein gaztelaniaz badago, berriz, gastuaren % 30 ordainduko da (gehienez, 175 euro). Kasu horretan, lehentasuna eman beharko zaio euskarazko testuari (tamainari, lekuari edo nabaritasunari dagokionez).

Zerbitzua Arrigorriagan kokatutako dendei eta euren jarduera udalerrian garatzen duten kultur, kirol, auzo, hezkuntza eta aisialdi arloko elkarte guztiei dago bideratuta. Eskabideak urte osoan zehar aurkeztu ahal izango dira, urtarrilaren 1etik azaroaren 20ra. Prozedurari buruzko informazio guztia Udalaren web orrian dago ikusgai.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak