→Arrigorriaga

‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’ lelopean mobilizazioa egingo dute gaur Arrigorriagan

Gure Esku herri plataformak mobilizazioak deitu ditu asteburu honetan Euskal Herri osoan, ‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’ lelopean. Tartean, Arrigorriagan.

Hamaika Gara ekimenaren baitan antolatu dituzte ekitaldiak, "plazak berreskuratu eta aldarriz betzeko" // Gure Esku

Gure Esku herri plataformak mobilizazioak deitu ditu asteburu honetan Euskal Herri osoan. ‘Hemen erabaki, herritarrok erabaki’ lelopean, ekitaldi ezberdinak egingo dituzte herri eta hiriburuetan. Arrigorriagan, gaur, ekainak 5, antolatu dute ekitaldia 19:00etatik 21:00etara Argala plazan. “Bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eraman beharko du”, diote Arrigorriagako Gure Eskutik.

Gure Esku plataformarekin batera elkarlanean aritu dira zenbait gizarte-eragile, hala nola, AEK, EHNE, ESK, LAB eta Etxalde sindikatuak, Ikastolen Elkartea, Ernai Gazte Antolakundea, Sare eta Euskal Herriko Bilgune Feminista. “Harreman horiei esker, burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatuko dituen elkarlanerako espazio berri bat artikulatzen aritu gara azken urtean, eta horrela Hamaika Gara ekimena martxan jarri genuen martxoaren 11n, baina ezarritako alarma-egoera dela-eta, erreferendumaren aldeko sinadura-bilketa eta aurreikusitako mobilizazio guztiak udazkenera atzeratzea erabaki zen”, diote antolatzaileek.

Aldarrikapenak plazara

Hamaika Gara ekimenaren baitan antolatu dituzte ekitaldiak, “plazak berreskuratu eta aldarriz betzeko”, eta Euskal Herriko 50 herri batu dira mobilizazioetara. Ekitaldi gehienak igandean, ekainaren 7an, izango dira, 11:00etatik 14:00etara. Bilboren kasuan, besteak beste, ekainaren 6an, larunbatez, deitu dute mobilizazioa 12:00etan Eliptika Plazan.

“Konfinamendu bitartean Gure Eskuk ‘Gelditu.Hausnatu.Erabaki’ solasaldi digitalak antolatu ditu, norantz jo nahi dugun hausnartzeko. Orain, fase berri honetan, gure aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela uste dugu”, diote Gure Eskutik: “Premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

🟣 Martxoak 8 Basaurin! 💪 #Zuzenean
|