→Arrigorriaga

AP-68ko erabiltzaile bizkaitarrek ez dute gastu-muga hobaririk izango

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Foru Departamentuak AP-68 autopistako %60ko bonifikazioak ezarriko ditu Laudio-Bilbo tarteko erabiltzaile arabarrentzat gaurtik aurrera eta Bizkaitarrek ezin dituzte obari hauek erabili.

AP-68 autopista, Arrigorriagan // Geuria

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Foru Departamentuak AP-68 autopistako %60ko bonifikazioak ezarriko ditu Laudio-Bilbo tarteko erabiltzaile arabarrentzat gaurtik aurrera eta Bizkaitarrek programa horretatik kanpo jarraitzen dute. Momentura arte, programak Zanbrana eta Laudioko herriei mesede egiten bazien, gaurtik aurrera martxan jarri den programak AP-68ko ibilbide osoan eragina izango du, bai Araba eta baita Bizkaiko errepide zatiuetan. Hilabetean egindako 15. bidaiatik aurrerako egindako bidaien bidesariaren %60 diruz laguntzen du Arabak eta Gasteiz eta Laudiotik Bilbora egunero bidaiak egiten dituen erabiltzaile arabarrek 502 eta 554 euro aurreztuko dituzte. Bizkaiak marko horretatik kanpo jarraitzen du, hobari horiez gozatu barik.

Gai honek zer esan handia eman du Arrigorriaga eta Ugaoko Osoko Bilkuretan behin baino gehiagotan. Arabarrek 2012. urtetik dute gastu-muga AP-68an, Arabako Aldundiak hala erabakita. Abenduaren 5etik errepidea Arabako eta Bizkaiko Aldundien eskumenekoa da eta harrezgeroztik “aitzakiarik ez dagoela” azpimarratu zuen Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak 2019ko abenduan: “2017tik Hego Uribeko herritarrek onura gutxiago izan dituzte AP-68a erabiltzeagatik, beste hiru errepideekin alderatuta. Baina 2017an posible izan ez zena, orain ez dago oztoporik proposamen hau aurrera ateratzeko”.

Eskualdeko Udaletan EH Bilduk mozioak aurkeztu zituen Bizkaiko Foru Aldundiari AP-68 autopistaren erabiltzaile bizkaitarrentzat lehenbailehen martxan jarri dezala eskatuz bere eskumenekoak diren Super Sur, AP-8 eta Artxandako tuneletan ezarrita duen gastu-muga hobari sistema.

AP68an 30 euroko hileroko gastu-muga ezartzea eskatu dio EH Bilduk Bizkaiko Aldundiari

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak