→Arrigorriaga

Iñaki Agirre ‘Nax’: “Musika barruan daramat eta hura ateratzeko beharra dut”

Bakarlari bidea hartu ondoren, bere lehenengo zuzenekoa eskainiko du Arrigorriagan azaroaren 27an. Horrez gain, proiektu berri baten berri eman digu.

Arrigorriagako Musika Astearen barruan kontzertua emango du azaroaren 27an Lonbon Iñaki Agirre Naxek // Argazkia: Geuria

Iñaki Agirre “NAX” (Arrigorriaga, 1964) musikariak “Barre bat” eta “Bera” kantak aurkeztu ditu proiektu berri baten aurrekari moduan. Bi abesti hauek bere bigarren diskoa osatuko dute: Musu. 90ko hamarkadan musikaren munduan murgildu zen Duenak Azer Piper taldearekin. 2014. uretan, agertokietara itzuli nahian, NAX taldea sortu zuen herriko lagun batzuekin, baina handik bi urtera taldea desegin zen. Duela urtebete bere bidea bakarlari gisa hasi zuen, 11 kantu biltzen dituen Serengeti diskoa kaleratuz. Hain zuzen ere, azaroaren 27an kontzertua emango du Lonbo aretoan, Musika Astearen barruan (19:30. 9 euro).

Gitarra lagun izan duzu zure ibilbide osoan zehar. Nola erabaki zenuen bide horretan hastea?
Niri beti gustatu izan zait musika, eta txikitatik bizi izan dut. Aitite trikilaria zen eta nire aitaren familian kantatzeko ohitura zegoen biltzen ziren bakoitzean. Txikitan panderoren bat hartzen genuen eta euren arreta erakartzen genuen. Hori barneratzen zoaz eta nagusitzen zoazen heinean zerbait egiteko gogoa sortzen zaizu. Barruan daramadala konturatzen naiz, baita ateratzeko beharra ere badudala. Taldeko proiektuak bertan behera gelditu zirenez, umezurtz geldituko banintz bezalako sentsazioarekin geratu nintzen, eta bidea bakarrik jarraitzea erabaki nuen, noraino helduko naizen jakin gabe.

Lanbidez irakaslea zaren aldetik, musika umeen heziketan beharrezkoa dela uste duzu?
Guztiz. Gainera dibertigarria da eta horren bitartez gauza pilo bat ikasi daitezke. Eta ez modu indibidual batean bakarrik; talde gisa ere gauza asko landu ahal dira. Emozioak sortzen dira musikarekin eta emozio horietatik bideratu daiteke momentuan interesatzen zaizun alorra. Nire ustez eskoletan ematen zaion denbora gutxi da, eta pena bat da.

Rock euskalduna izan da talde ezberdinetan jorratu duzun estiloa. Bakarlari gisa nola definituko zenuke zure musika?
Pop-rockean sartuko nuke, nonbaiten kokatzearren. Kanta lasaiak egitera tendentzia dudala ikusten dut. Entseguak etxean egiten ditudanez horregatik izan daiteke, ahopean egiten saiatzen naizelako ez molestatzeko. Azkenean nire burua baldintzatzen dut eta sortzen diren abestiak ildo horretatik doaz. Leundu egin naiz, agian ni neu bakarrik nagoelako. Talde batek beste era batean gorpuzten du eta taldekideen ekarpenak ere nabaritzen dira.

Zein izan da zure esperientziarik arrakastatsuena? Eta txarrena?
Inork esaten dizunean entzun izan duena gustatu egin zaiola, hori da esperientziarik arrakastatsunea, pertsona bakarra bada ere. Nire musika zabaltzeko erabili ditudan bideak eskasak izan dira, beraz, ez da jende askorengana heldu eta nahiz eta lagun baten iritzia izan, guztiak dira ongi etorriak. Etxean arrakasta lortzea oso zaila da. Txarrena, ordea, ez dakit… Nik ez dut ezer espero, orduan sentsazio txarrik ez dut izaten. Horrekin disfrutatzen dut eta onura ekartzen dit niretzako soilik egiten badut ere. Komentario txarrak normalean ez dizkizute zuri zuzenean egiten, baina entzun nahiko nituzke hobetzeko edo kontutan izateko baldin badira.

Musikari-lanetik gehien gozatzen duzunaz galdetuko banizu.
Musika sortzeko prozesu guztia: lehen ideia sortzen denetik bukaerara arte. Azken batean badago letra, doinua… Eta grabatzerakoan hori guztia landu egin behar da dituzun medioekin. Beste zerbait sartzea gustatzen zait, hala nola, ahots gehiago nahastea; zuzeneko batean ezin dudana egin, alegia. Hori dibertigarria da eta gustatu egiten zait azken emaitza entzuterakoan. Lana bada, txukundu egin behar delako, eta estudioan egin dena ikusi ondoren soinu-ingeniariaren iritziak partekatzen dira; feedback hori ere badago.

Zeintzuk dira zure inspirazio-iturriak abestiak konposatzeko orduan?
Bizitza bera, ikusten dudana: pelikula bat, eskolako patio orduak, lagunak, sentimenduak, arazoak… Gaiak edozein momentutan ager daitezke, gizakia inguratzen dutenak direlako. Momentu batzuetan burura etortzen zaizkidan ideiak apuntatzen ditut. Doinuak ere mugikorrarekin grabatu behar ditut, ahaztu ez ditzadan. Gero, etxean eseri eta ideiak eta soinuak lotzen eta lantzen hasten naiz.  

Serengeti autoekoiztutako lana izan da.
Nik egiten dut gero disko fisikoan bihurtuko den guztia, baina Serengetirako kolaborazioren bat nahi nuen eta Rodrirekin hitz egin nuen diskoaren azalerako, eskolan dagoen margolaria. Nuen ideia transmititu nion eta bere ekarpenekin portada egin zuen. Gero, jendearengana helarazteko zailtasunak badaude, nire kabuz egiten dudalako. Sare sozialetatik saiatu naiz baina ez naizenez oso ondo moldatzen, erantzuna eskasa izan da. Komunikabide batzuetan egon naiz ere nire musika ezagutzera emateko. Diskoa kontaktuen bidez banatu dut gehienbat, eta herriko “Dida” dendakoak batzuk saltzen lagundu dit. Oraindik hor daude salgai eta asko eskertzen diot. Niri hori kostatzen zait, jendea gehiegi baldintzatzen zaudela dirudi eta ez zait gustatzen. Interneten begiratzen egon ondoren, abestiak plataforma batzuetan eskegitzea lortu dut: badok, kulturklik… Topatu izan ditudan zirrikituetatik sartzen saiatu naiz, baina kostatu egiten zaidanez, ez dakit ondo aprobetxatzen ari naizen eskura ditudan baliabide guztiak. Musikaren munduan ibilbide bat jorratzea zaila da, engantzatzen duen zerbait izan behar duzu.

Musikaren industria asko aldatu da denboraren poderioz; aurkezpenak, ekoizpena, kontsumitzeko modua… Nola bizi izan duzu zuk aldaketa hori?
Mundua aldatzen doa, egia da, baina begira biniloarekin zer gertatu den: desagertzeko zorian zegoen eta berpiztu egin zen, eta gaur egun badu bere lekua. Musikarekin geratzen den bezala, bada antzinako musika gaurkoa baino nahiago duen jendea. Musika jasotzeko beste iturri batzuk daude, nahiz eta antzinakoak oraindik baloratzen eta kontsumitzen jarraitzen diren. Nire ustez, kontsumorako diren gauza guztietara bideratzen digute begirada horri erantzuten diogun heinean. Baina bada nor gauza gehiago bilatzen dituen eta merkatuan ere aurkitutzen dituenak, modan ez dauden arren. Gauza berrietara egokitzen ari naiz, atzean geratu nahi ez dudalako, baina dagoena ahaztu gabe eta garrantzia emanez. Azken batean, herri batera zoazenean urteak daramatzate betiko indabak eta baserriko ogia egiten, eta gozamen bat da. Gustatzen bazait hori egiten jarraituko dut, baita hori kontsumitzen jarraitu ere. Horrekin ez dut esan nahi orain egiten den sukaldaritza berri hori ez dela ona izango. Probatuko dut eta gustatzen bazait kontsumituko dut, ez bata ez bestea baztertu gabe. Guztiz normala da eboluzionatzea eta zergatik ez gozatu eskura ditugun gauza guztietatik.

Irailean “Barre bat” eta “Bera” kantak kaleratu zenituen.
Musu diskoak bilduko ditu bi abesti horiek eta, tituluak adierazten duen moduan, musuak bien barruan daude zentzu zabal batean. Musu bat gauza asko dira eta mota ezberdinetako musuak ere badaude: maitasunezkoak, desiozkoak, konpromisozkoak, agur modukoak, lagunartekoak… “Barre bat” bikote bat hasten denean suertatu ahal den pasadizo bat da. Barruan diren desio horiek dauden arren, egoera ez da ematen eta kantaren bukaeran oroitzapen modura planteatzen da. Momentu horretan gertatu ez zen arren, denborarekin ematen da eta harremanak aurrera egin duela ikusten da. “Bera”, aldiz, denontzat kristona den pertsona bat da. Horren berezia da pertsona horrek aportatzen duena denok ikusten dugula, dena ona dela. Ikasle batean oinarritu nintzen abestia idazteko.

Martxan duzun proiektuaren barruan egongo dira ere.
Proiektua zatika ateratzeko pentsatuta daukat, amaieran fisikoki lotuta joango dena. Nire asmoa lau disko kaleratzea da eta Musu horietako lehenengoa izango da. Beste hiru kanta grabatu ditut dagoeneko, bigarren diskoa osatuko dutenak ziur aski. Datorren urtean beste bi disko grabatzea espero dut, bizpahiru kanta bana izango dituztenak. Ondoren hori dena kutxa batean biltzea, bakoitza bere izenburu eta azal propioarekin kaleratu nahi dut. Orain tendentzia dago singleak entzutera, baina nik album formatua errebindikatzen dut. Horregatik, lau disko txiki lotzea bururatu zait. Aurten Durangoko Azokan egotea espero dut, orain arte dudana aurkeztu ahal izateko.

Zein da artista moduan duzun motibaziorik handiena?
Kontzertuak ikustera joan naizen bakoitzean beti galdetu izan diot nire buruari ea zer sentitzen duten bakarlariek eszenatokietara igotzen direnean. Oroitzapen onak datorzkit burura eta oso ondo pasatu izan dut ikusle bezala. Beti pentsatu izan dut ea zer izango zen, areto txiki batean bada ere, publikoa zure kantak abesten dagoela sentitzea. Ez da helburu bat, ez dakidalako noizbait momentu hori bizi izango dudan, baina horrek motibatzen nau eta presente ere badut.

Arrigorriagako Musika Astea dela eta, Lonbo Aretoan egongo zara bihar Serengeti kontzertua eskaintzen.
Bakarlari moduan eszenatokira igotzen naizen lehen aldia izango da. Garai batean antzerkia eta umeentzako berbenak egiten ere ibili nintzen, baina beti izan da norbaitekin alboan. Hau da, talde batekin, ez bakarrik, eta horrek beldurtu egiten nau. Uste dut ez nagoela prest. Orain daukadan erronkarekin espero dut ez urduritzea eta gozatzea. Hori da nire asmoa behintzat. Ez dut pentsatu nahi horretan, ea lortzen dudan ondo pasatzen eta eskaini ahal dudana eskaintzen dudala ikustea, baita jendeak gustukoa izatea ere. Horri begira nago prestatzen orain. Zuzenekoekin beti transmititu ahal duzu gehiago, beraz, transmititu ahal dudana transmititu ahal izatea gustatuko litzaidake, eta gero baloratuko du ikusten duenak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak