☉ Arrigorriaga
Kultur ekintzak prestatu dituzte Arrigorriagan, ohiko inauterien ordez
Iaz bezala, Arrigorriagako Inauteri Batzordeak eta Udalak ohiko formatuko aratusteak eta Kanporamartxoa bertan behera uztea erabaki dute, “jende pilaketak ekiditeko”. Horren ordez, kultur ekintzak prestatu ditu herrian zehar jaialdi falta hori arintzeko

Iaz bezala, Arrigorriagako Inauteri Batzordeak eta Udalak ohiko formatuko aratusteak eta Kanporamartxoa bertan behera uztea erabaki dute, “jende pilaketak ekiditeko”. Horren ordez, kultur ekintzak prestatu ditu herrian zehar jaialdi falta hori arintzeko: “Arrigorriagako Inauteri Batzordekook aurten ere inauteriak ez ospatzea erabaki dugu. Osasun egoera dela eta jai giroa bai, baina arduratsu jokatzea eskatzen diegu herritarrei”, azaldu dute batzordetik.
“Inauteri Batzordeak eta Udalak Arrigorriagako herritarrei dei egiten diegu sormenari lekua egin eta inauteri egunetan mozorrotuta kalera irteteko”, azaldu du Udalak prentsa ohar baten bidez. Arrigorriagako eskolaren kasuan, esaterako, ikasleei zuzendutako inauteri propioak prestatu dituzte eta aurtengo gaia ‘musikalak’ izango da.
Horiek horrela, hainbat kultur jarduera prestatu dituzte otsailaren 18tik martxoaren 5era arte, Abusuko Zentro Soziokulturalean eta herriguneko Lonbo aretoan zein Gaztegunean, besteak beste:
- Otsailaren 18tik martxoaren 5era: 2001 eta 2020 urteen bitartean Abusun ospatutako inauterien argazki-erakusketa. Inaugurazio egunean Hodei magoa egongo da Abusuko Zentro Kulturalean bertan
- Otsailak 25: Espejo konpaoiniaren ‘Cris, Pequeña Valiente’ umeentzako antzezlana. 19:30ean, Lonbo aretoan
- Otsailak 26: Inauterietako maskaren tailerra, 12 urtetik gorako gazteentzat. 18:30ean, Gaztegunean
- Otsailak 26: Ellas son Ellos SHOW, nagusientzako ikuskizuna. 19:30ean, Lonbo aretoan
- Otsailak 27: Kaleak bizirik!, Potx eta Lotx pailazoak. 12:30ean, Lonbo aretoan
- Otsailak 27: Herri Krosa
Arrigorriagako Inauteri Batzordea duela zazpi urte sortu zuten herriko hainbat elkartek eta Udalaren laguntzaz “kutsu komunitarioa erdigunean izan duten inauteriak” antolatu dituztela azaldu dute Udaletik.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Mari Domingik eta Olentzerok ibilbidea moldatu eta Arrigorriagako haurrei bisita egin diete

Euriak eta iluntasunak ez ditu Mari Domingi eta Olentzero geldiarazi Arrigorriagan.
Ibilbidea moldatu eta Lonbotik hasita, Urgoiti pasealekutik igaro eta udaletxeraino iritsi dira, haurren azken gutunak jaso eta argazkiak egitera baserri mugikorrean.
Hortik kantxa urdinera abiatu dira, txistulari eta guzti.
☉ Arrigorriaga
Ur puzgarriak antolatu dituzte Arrigorriagan, urte amaieran
Jarduera abenduaren 29an antolatu dute 8 eta 14 urte bitarteko gazteentzat eta doakoa izango da

Arrigorriagako Udalak ur puzgarriak antolatu ditu gabonetako oporretan, abenduaren 29an, udal kiroldegiko igerilekuan.
“Plan bikaina prestatu dugu 8 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat”, iragarri dute Udaletik. “Goizeko 10:00etatik 13:30ak bitartean ur puzgarriak prestatuko ditugu kiroldegiko igerilekuan, doan!”, eta gaztetxoak bertan parte hartzera deitu dituzte.
☉ Arrigorriaga
Maruja Torres Adiskideak taldearen sortzailearen izena jasoko du Ollargango futbol zelaiak
Omenaldia abenduaren 28an egingo dute eta futbol partida eta herri bazkaria prestatu dute emakumearen aztarna hilezkortzeko

Arrigorriagako Udalak izen berria ipiniko dio datorren igandean Ollargango futbol zelaiari: ‘Maruja Torres’.
Marujak Ollargango Adiskideak taldea sortu zuen. “Gure herriko emakumezkoen lehen futbol taldea, bidea sortuz eta kirolaren bidez komunitatea eraikiz. Bere lana eta dedikazioa eskertzeko, ekitaldi bereziak antolatu ditugu”, azaldu dute ufdal ordezkariek.
Omenaldia abenduaren 28an egingo dute futbol partida eta herri bazkari batekin. Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa eta interesdunek 670 377 196 telefono zenbakira deitu beharko dute. “Zatoz Ollarganera aitzindari honi merezi duen aitortza ematera! Zure zain gaude!”.
Emakume aitzindaria
Joan den ekainaren 29an zendu zen Maria Torres, ‘Maruja’, Abusuko Adiskideak CD taldeko sortzaile eta presidente ohia. “Atsekabe handiz hartu dugu Maria Torres ‘Maruja’ Adiskideak CDko presidentearen heriotza. Gure doluminik sentikorrenak bere familia eta lagunei. Goian bego”, azaldu dute Bizkaiko Futbol Federaziotik.
Maruja Bizkaiko emakumezkoen futbolean aitzindari izan da. Adiskideak emakumezkoen Kluba erronka batetik jaio zen, senarrek luzatutako apustu bat onartu ostean: “Ezetz praka motzak jantzi eta partida bat jokatu!”. Esan eta egin: partida bakarra ez, Adiskideak CD taldea sortu zuten.
1982-1983. denboraldian Sondikarekin batera federatutako lehenak izan ziren neska horiek. Torresek ilusioz gogoratzen zuen emakume batzuk elkartu eta beraientzat hain “dibertigarria” zen “zaletasun” hura.
Arrigorriagarra zendu zenean, bere bizitzaren inguruko artikulua idatzi genuen GEURIAn, hemen irakurgai.
Egitaraua | Maruja Torresen omenaldia 2025
Abenduak 28, igandea
11:00 Omenaldia
12:00 Partida
15:00 Herri bazkaria
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako osasun zentro berria eraikitzeko orubea eman dio Udalak Eusko Jaurlaritzari
Eraikin berriak “zonalde osoa hobetuko duela” azpimarratu du Maite Ibarra herriko alkateak, “HAPOk jasotzen duen hirigintza-garapenarekin bat etorriz”

Arrigorriagako Udalak orube bat lagako dio Eusko Jaurlaritzari osasun zentro berria eraikitzeko. Gobernu taldeak argi berdea eman dio abenduko osoko bilkuran erabakiari, EH Bildu, Arrigorriaga Gara, NOA eta PSEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
“Hau zen udalaren azken izapidea”, azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak. “Gure esku zegoen guztia egin dugu, eta orain Eusko Jaurlaritzari dagokio obrak egitea, Osakidetzaren bitartez”. Osasun zentro berria Eusko Jaurlaritzaren Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen 2025-2032 programan sartu da.
“Gainera, partida bat bideratu da Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuetan proiektuak idazteko eta obrak zuzentzeko zerbitzuak lizitatzeko, eta horrek are gehiago hurbiltzen du udalerriarentzat hain garrantzitsua den obra hori egitea”, gehitu du Ibarrak eta Arrigorriagako osasun zentro berriak “zonalde osoa hobetuko duela” azpimarratu du, “HAPOk jasotzen duen hirigintza-garapenarekin bat etorriz”.
1.600 milioi euro
Duela egun gutxi GEURIAn iragarri lez, Eusko Jaurlaritzak 1.600 milioi euroko inbertsioa egingo du Osakidetzan, hainbat azpiegitura hobetu edo berriak eraikitzeko. Zerrenda horretan Arrigorriagan eraikiko duten osasun zentro berria ageri da.
Diru partida horretatik 74 ekintza egingo dituzte guztira eta horietako 21 lehen mailako osasun zentro berriak eraikitzeko izango dira. Horien artean, Bizkaian Arrigorriagan aurreikusi dutena ageri da, Bilbokoekin (Abusu eta Bolueta), Durangokoarekin eta Urdulizkoarekin batera.
2026an Arrigorriagako osasun zentro berriko obrak egiteko proiektua idazteko eta zuzentzeko zerbitzuak lizitatuko dituzte.
☉ Arrigorriaga
Gabonetako irteera Gasteizko Big kartingera eta Nova Jumpera antolatu du Arrigorriagako Gazteguneak
Abenduaren 26an antolatu dute egun osoko irteera kart-ak gidatu eta Nova Jumpen salto egiteko

Gabonetako aurtengo irteera Gasteizera antolatu du Arrigorriagako Gazteguneak abenduaren 26an, bertako Big karting-era eta Nova Jump nabera.
Kartingean kart-ak gidatzeko aukera izango dute Gazteguneko nerabeek, bertako arduradunek emandako jarraibideak errespetatuz.
Nova Jump park-ek elkarren artean konektatutako 60 ohe elastiko ditu, jauzi libreaz gozatzeko aukera ematen duten horma elastikoekin. Hainbat joko-aukera egin ahal ditu erabiltzaileak bertan.













































































