→Arrigorriaga

Jon Tauste Carballo: «Uste guztien aurka, arrantzale on batek ez du atsedenik hartzen»

Jon Tauste Carballo (Basauri, 2001) arrantzale basauriarragaz berba egiteko aukera izan dugu Abusuko ibaiertzean. Taustek bigarren postua eskuratu zuen Peñiscolan jokatutako Casting txapelketa nazionalean eta egun batzuk geroago Frantzian jokatutako Mundu Mailako Txapelketa irabazi zuen Espainiako selekzioarekin

Jon Tauste, ibai ertzean // Geuria

Jon Tauste Carballo (Basauri, 2001) arrantzale basauriarragaz berba egiteko aukera izan dugu Abusuko ibaiertzean. Taustek bigarren postua eskuratu zuen Peñiscolan jokatutako Casting txapelketa nazionalean eta egun batzuk geroago Frantzian jokatutako Mundu Mailako Txapelketa irabazi zuen Espainiako selekzioarekin. 20 urte baino ez dituen arren lorpen handiak erdietsi ditu denbora tarte txikian kirol-arrantzaren esparruan. Abusuko Arrantza eta Casting klubeko kide gazteena dugu basauriarra. Arrainen (eta arrantzale askoren) amesgaiztoa izateaz gainera, naturarekin harremana duten ikasketak bukatzen ari da eta etorkizunean horrekin harremana duten lanetan aritzea gustatuko litzaioke Tausteri. Bizitako mundu mailako txapelketaren esperientziaz eta bere bizimoduaz berba egiteko plazera izan dugu korrokoi, barbo eta, agian, amuarrainen artean, Nerbioi ibaiaren parean.

Jon Tauste, Abusuko ibai bazterrean // Geuria

Lehenik eta behin zorionak, Jon! Nolako sentsazioa izan zenuen itsas arrantzako Espainiako Selekzioa Munduko txapeldun bilakatzean, zu bertako kidea izanik? Ez nuen uste hain ondo egin genuenik, egia esateko! Nazionalean ere bigarren postua eskuratu nuen eta horretarako entrenamendu saio asko egin behar izan ditut: ordu mordoa eman ditut hondartzetan. Txapelketa irabaztean Frantzian Mundu Mailako Txapelketan jokatzeko aukera eskuratu dut.

Nolako probak egin zenituen? Peñiscolan izan zen txapelketa eta lau egun eman nituen arrantzan, lau ordu egun bakoitzeko. Hondartzako arrantza izan zen eta bertan lupiak eta urraburuak arrantzatu nituen. Lehen egunean lehen postua eskuratu nuen, bigarrenean hirugarren postua eta azken bi egunetan bigarren postuak erdietsi nituen.

Eta nazionaletik mundu mailara egin zenuen salto. Hori da, sailkapen horretatik Frantziako Mundu Mailako Txapelketara abiatu nintzen selekzioarekin. Frantzian ere lau egun eman genituen eta esperientzia oso positiboa izan zen egia esateko. Giroa zoragarria izan zen eta asko ikasi nuen bertan: bai arrantzan, bai txankuen esparruan. Bertan lehiatu ziren gainontzeko taldeak maila izugarrikoak izan dira eta asko irakatsi didate.

Zuk 20 urte dituzu eta dagoeneko mundu mailara iritsi zara. Erritmo ikaragarria zurea! Ni berez Basaurikoa naizen arren, familiak etxe bat dauka Errioxan. Bertatik gertu Tiron ibaia igarotzen da. Bertan ikasi nuen arrantza egiten, aitarekin batera. Kanabera batekin loinak harrapatzen genituen eta denborak aurrea egin ahala, zaletasun horrek gero eta gehiago harrapatzen ninduela jabetu nintzen. Konturatu nintzenerako amuarrainak arrantzatzen nenbilen.

Eta hortik Abusuko arrantza elkartera? Handik gutxira lagun batek Abusu Casting Arrantza Elkartean parte hartzera animatu ninduen. Proba egitea erabaki nuen, eta arrantza egiteaz gainera, lehiaketaren munduan murgildu nintzen. Horrela, gaur egun arte.

Estresa ezagutu al duzu arrantza txapelketetan? Bai, noski. Ibai edo hondartzetara noan bakoitzean pazientzia eta denbora daukat arrantzaz gozatzeko. Lehiaketen mundua, ordea, bestelakoa da: azken batean, arrantza abiadurarekin konbinatzen da eta ordu bitan ahalik eta arrain kopuru handiena arrantzatu behar da.

Gainera, zure modalitateek teknika bereziak eskatzen dituzte. Bi modalitatetan aritzen naiz. Bata euli-arrantza da: galtza-botak jantzita ibaian sartu eta epaileak adierazitako zonalde zehatz batean denbora tarte mugatu batean arrantza egin behar dut. Demagun epaileak hiru ordu ematen dizkidala kilometro bateko distantzian arrantza egiteko. Bada, ibaia goitik behera arakatu behar dut amuarrainen bila, esaterako. Euli bazkak guk geuk eskuz egiten ditugu hegaztien lumekin. Arteari dagokion atala dugu esparru hau.
Beste modalitatea Sur Castinga da, hondartzan praktikatzen dena. Arrantzale bakoitzak postu finkoa dauka hondartzan, ezin du handik mugitu. Amuaren ondoan beruna jarri eta urrunera doazen jaurtiketak egiten dituzte.

Nolakoak dira zure entrenamendu saioak? Goi-mailako lehiaketan aritzeko ordu asko eman behar dira ibaietan zein itsasoan. Euli-arrantzan amuarrainak arrantzatzen dira bereziki eta horiek ibaietan harrapatzeko (itsasoan ez bezala) epe bat dago urtean. Epe horretatik kanpo arrantza egin behar dut eta horretarako Basauri edo Arrigorriagako ibaira hurbiltzen naiz. Saioak erloju batekin egiten ditut, lehiaketan egongo banintz bezala, ibaian gora eta behera arrantza eginez. Amuarrainak arrantzatzeko denboraldia ez denean barbo eta karpekin egiten ditut entrenamendu-saioak.

Aizu, eta arrainek sufritzen dute? Euli-arrantzan ez dugu arraina hiltzen. Amu txiki bat erabiltzen dugu eta horrek ez du arraina hiltzen. Ohiko amuarekin, ostera, arrainak askotan hiltzen dira, amua irentsi eta ahotik irtetea galarazten baitio, eta amua kentzean sortzen zaizkion zauriek heriotza eragiten diote. Bada, euli-arrantzan ez da halako amurik erabiltzen, eta harrapatutako arrainak ibaira itzultzen ditugu.

Orain, itsasertzean egon ordez, Nerbioi ibaiaren parean gaude, Abusun. Nolakoa da ibai hau arrantza egiteko? Hemen korrokoiak, karpak eta barboak nagusi diren arren, egia da noizbehinka amuarrainak ere ikusten direla. Duela urte batzuk, ibaia zikin zegoen eta uraren kalitatea ez zen batere ona. Urteek aurrera egin ahala kalitateak onera jo du eta arrain espezie batzuk berreskuratzen hasi gara gure uretan.

 

Abusuko arrantza elkartean ibaia garbitzearen aldeko ekimenak egiten dituzue dagoeneko. Urtean jarduera bi antolatzen ditugu Nerbioi ibaian garbiketak egiteko. Horrela, ibaira isurtzen diren hondakinak kendu eta paisaia hobetzen dugu. Elkarteko kideok ahal dugunean eguna adosten dugu lan horiek egin ahal izateko. Kideez gainera, edonor etor daiteke Abusura ibaia garbitzen laguntzera.

Nolako taldea da Abusuko Arrantza eta Casting kluba? 30 arrantzalek osatzen dugu Abusu Casting Kluba eta gaur egun gazteena naiz ni. Gainontzeko arrantzaleek 40 urte inguru dituzte eta oso lagungarria da niretzat, esperientzia handiko pertsonak direlako.

Esperientzia eta sariak, ikusi dudanez. Taldeak sari ugari irabazi ditu urteetan zehar. ‘Kortxeo’ modalitatean espezializatutako taldea dugu: postu finko batean egonda, amua kortxo batekin jaurtitzen da uretara. Uretan egonik, murgiltzen denean, kanaberatik tiratu eta arrantza egiten dute kirolariek. Modalitate hau ur gozoan edo gazian egin ohi da, eta Abusun bertan praktikatu daiteke. Hori bai, arrantzatzen den arrain nagusia korrokoiak izaten dira.

Euskal Herrian eta estatu mailan ez daukate ospe onik korrokoiek, baina. Esaten da ur azalean ikusten diren korrokoiek zikinkeria jaten dutela… baina usteak erdi ustel. Hemen begi txarrez ikusten baditugu ere, Frantziako Mundialean nengoela, frantziarrek asko apreziatzen duten espeziea dela ohartu nintzen: jatetxe onenetan korrokoien trontzoak asko saltzen dituzte.

Zein ezaugarri izan behar ditu arrantzale on batek? Jendeak dio arrantza egiteko pazientzia behar dela, baina nik ez dut hori uste. Are gehiago, uste guztien aurka, arrantzale on batek ez du sekula atsedenik hartzen: amu-aparailua leku batean edo bestean jartzen duzu, ibaia goitik behera arakatu behar du…

Arrantza praktikatzera doan duen zonaldearen ezagutza ere izan beharko du, ezta? Jakina! Demagun Abusuko ibaian arrantza egin nahi dugula. Akatsa litzateke hona etorri eta pentsatu barik zuzenean amua botatzea; arrantzale on bat ibaiertzera hurbilduko da, bertako harriak altxatu eta bertan bizi den fauna identifikatu eta horixe bera erabiliko du amuan. Ez dauka zentzurik ibaira jaitsi eta arrainei ogia botatzeak: agian arrainek jaten dituzten larbek ogia jango dute, baina arrainek berez larba horiek jaten dituzte.

Autoa arrantza egiteko tramankuluz beteta daukazu. Prest dauzkazu edonoiz edonora arrantza egitera joateko ala? Eskerrak auto honetan hau egin dezakedan (barreak). Baina bai! Autoa arrantza egiteko gailu guztiekin prestatuta daukat eta edonora joan behar badut eguraldiaren partea ikusi eta bertara gerturatzen naiz: euria egingo duen ala ez, nolako haizea egongo den, mareen nolakotasuna… aldagai horien guztien arabera leku batera edo bestera mugitu ohi naiz arrantza egitera.

Zer ikasi duzu zuk? Nire ikasketak naturarekin lotuta daude: mendia, ibaiak, hondartzak… Basauriko Kooperatiba ikastetxean batxilergoa egin ostean basogintza kudeaketaren inguruko goi-mailako zikloa egin nuen eta momentu honetan basogintzarekin harremana duen gradu bat egiten ari naiz. Arrantzaz gainera mendira perretxikoen bila joatea, ehiza… naturarekin harremana duten jarduerak praktikatzea gustuko dut.

Ba al duzu arrantza egiteko sasoi gogokorik? Nik uda osteko egunak ditut gogokoen. Eguzkiak eragin izugarria du uraren tenperaturan, eta berez, arrainengan: eguzkiaren beroak eta izpiek arrainak aktibatzen dituzte eta uda osteko egunetan berotasun hori asko igartzen da.

Posible izatekotan, non gustatuko litzaizuke arrantzatzea? Hego Afrikan aritzea izugarri gustatuko litzaidake. Iazko Sur Casting Mundiala bertan izan zen eta marrazo txikiak arrantzatu zituzten. Bertan egotea itzela litzateke, arrantza, bertakoarekin alderatuta, ezberdina delako.

Eta zer egin beharko zenuke bertara joan ahal izateko? Urte bakoitzean lurralde batean antolatzen dute munduko txapelketa. Aurtengoa Frantzian egin zuten eta hurrengoan Herbeheretan prestatuko dute. Aurten, nazionala La Mangan egingo dute (Murtzia). Bertako txapelketako lehen hiru postuetan sailkatuz gero Herbeheretara joango nintzateke. Esaterako, hiru urte barru Mundiala Hego Afrikan antolatuko balute, nazionalean sailkatuz gero bertara joango nintzateke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak