→Arrigorriaga

Basamortuko abenturak: 400 km gurpildun aulkian

Errioxako Castañaresko kanpinean lagun egin zirenetik, Arrigorriagako NOAko Jose Ignacio Fernández Udal zinegotziak eta Ruben Zuluetak Caminus elkartea sortu zuten.

Jose Ignacio Fernández, Arrigorriagan // Geuria

Errioxako Castañaresko kanpinean lagun egin zirenetik, Arrigorriagako NOAko Jose Ignacio Fernández Udal zinegotziak eta Ruben Zuluetak Caminus elkartea sortu zuten. Biek Distrofia Muskularra pairatzen dute, eta elkartearen sorreratik gaixotasun arraroak pairatzen dituztenen errealitatea ikusarazten egiten dute lan. 2019an Done Jakue bidea egin zuten eta ekarpen modura ezgaitasun fisikoa pairatzen duten erabiltzaileentzat ‘Caminus de Santiago’ izeneko APPa garatu zuten. Aurten, ostera, Monegroetako basamortua gurutzatu dute inolako laguntza barik 400 kilometro eginez 10 egunetan. Esperientzia ahaztezina izateaz gainera, abenturaren nondik norakoak kontatuko dituen dokumentala ekoizten ari dira hilabete batzuk barru zinemetan proiektatzeko.

‘Opor’ bereziak aurtengoak, Jose Ignacio! Benetan bereziak izan dira. Pasa den urteko irailetik ibili izan gara Caminuserako proiektu batean burubelarri, Monegroetako basamortua gurpil-aulkian gurutzatuz gaixotasun arraroen errealitatea munduari erakusteko. Nik Muskulu-sistemako endekapenezko gaixotasuna pairatzen dut 25 urte nituenetik. Ni bezala makina bat pertsona dago munduan eta proiektu hauen bidez eta baikortasunez euren erosotasun eremutik irtetera gonbidatzen ditugu.

Zer nolako garrantzia dauka errealitate hau munduari ezagutarazteak? Donostiako ospitaleko Adolfo López de Muniaín neurologo prestigiodunaren hitzetan: “Dirua balego, gaixotasun hauek sendabidea izango lukete”.

Hortaz, diru horren bila hasi zinen. Duela urte asko Ruben Zulueta laguna ezagutu nuen, nire gaixotasun bera pairatzen duena. Ni momentu horretara arte oso pertsona ezkorra nintzen, baina 2019an gure lehen proiektua martxan jartzeko konbentzitu ninduen: Done Jakue Bidea gurpil-aulkian egitea. Garai hartan Rubenek ez zuen gurpil-aulkirik erabiltzen, eta nire gurpil-aulkiak gehienez 7km egin ditzake guztira 4,5km/h abiaduran. Nola zen posible erronka honi aurre egitea? “Gurpil-aulki bat eskatuko dugu horretarako”, esan zidan.

Done Jakue Bidea arrakastatsua izan zen. Munduko lehen pertsonak izan ginen Done Jakue Bidea Orreagatik Santiagora gurpil-aulkian modu autonomoan egiten. Inoren laguntza izan barik, alegia. Igaro ezin zitezkeen bideak topatzen genituenean, buelta erdia eman eta alternatibak topatzen genituen.

Eta bidea egin ostean zer? Caminus de Santiago izeneko doako APPa sortu genuen, PlayStoren eskuragarri. Edozein pertsonak, ezgaitasun funtzionalik badu, deskargatu dezake guk egin genuen ibilbidea jarraitu ahal izateko. Jende asko harremanetan jarri da gurekin, egindako lana zoriontzeko. Bildutako diru guztia Isabel Gemio Fundazioari eman genion, era honetako patologiak ikertzen dituzten mediku zientifikoek horrela gomendatu zigutelako.

Nolako harrera izan zuen bigarren abentura honek udaletxean? Proiektuaren berri izan zutenean nigana hurbildu eta zoriondu ninduten denek. Baita proiektuaren kamisetak erosi ere! Handinahikoa eman dezake, baina nire ustez Udalean alde bateko eta besteko arteko inflexio puntua ezartzen dut. Nire izaeragatik edo politika egiteko moduagatik izan daiteke, batek daki. Harreman ona dut udaletxeko langile gehienekin.

Oraingo honetan nora eta Monegroetara joan zarete. Nola bururatu zitzaizuen erronka hau? Eskualdeko presidentearekin, turismo aholkulariarekin eta Gobernu taldearekin bildu ginen eta Monegroetako basamortua gurpil-aulkian zeharkatzeko ideia proposatu genien. Zur eta lur lotu ziren.

Jose Ignacio, Rubén eta Antonio, Monegroetan // Caminus

Gauza bat Done Jakue bidea egitea da, baina basamortu bat gurpil-aulki batekin gurutzatzea beste gauza bat da. Proiektu berri bat zen eta berau egiteko erronka erakargarri bat behar genuen, gure kausa zabaltzearren. Hasiera batean ideia asko etorri zitzaizkigun burura: Quixote edo Cid pertsonaiaren ibilbideak… Baina azkenean Monegroen basamortua gurutzatzearena aukeratu genuen.

10 egun eta 400 kilometro. Ba al dago horretarako autonomia duen gurpil-aulkirik merkatuan? Gasteizko Ortopedia Bidarik aulkien kudeaketaz arduratu zen eta Ottobock gama altuko aulkiak utzi zizkiguten. Berez ez dira egokitutako aulkiak; guk geuk egokitu ditugu zentralitan eskua sartuz: aulkiek dakartzaten gelezko bateriei litiozko beste bi gehituz eta horiek kommutadore batez konektatuz. Horrek iraupen gehiago ematen dio aulkiaren bateriari, bakoitzak 20-25 kilometroko autonomia izanez. Bakoitzak litiozko bateria bi zituen atzealdean, 70 kilometroko autonomiarekin. Egunero batez beste 40 kilometro inguru egin genituen.

Era honetako erronkak egiten dituzten txirrindulari askok gurpil zulatzeak dituzte. Eta zuek? Gurpilak aldatu genizkien aulkiei eta trinkoak jarri genizkien, arazo horiek ekiditeko.

Zenbat diru eskuratu zenuten? 3.900 euro inguru, den-dena gaixotasun arraroak ikertzeko. Herriko jende askok lagundu digu diru hau eskuratzen, Udaletik hasita.

Miresgarria da zuen energia eta bizitzari begiratzeko modua. 18 urte izan arte bizikletan ibiltzea, korrika egitea, mendira joatea eta orokorrean kirola egitea asko gustatzen zitzaidan, eta nire lana butano botilak kargatu eta deskargatzea zen. Nire bizitzak aldaketa sakona jasan zuen gaztea nintzela. Zer egin dezaket? Proiektu hauetan parte hartu, asteburu batean gustuko ditugun gauza horiek egitea nolabait ahalbidetzen digutelako. Proiektu hauek burutu ostean, gaur egun mendia ikusten dudan bakoitzean, bertara nolabait joaterik dagoen galdetzen diot nire buruari.

Jose Ignacio, Arrigorriagako udaletxeko plazan // Geuria

Etapak bakarrik egin badituzue ere, ez zarete bakarrik egon abentura honetan. Gure atzetik 15 minutura Antonio Luis González amurriotarrak gidatutako furgoneta bat geneukan, behar izatekotan laguntza emateko prest. Momentura arte egindako bidaia guztietan bertan izan dugu, edozertan laguntzeko prest. Zorte izugarria izan dugu Antoniorekin beti.

Monegroetan egonda Isabel Gemio ezagutzeko aukera izan zenuten. Bai. Bujaralozen geundela ezagutzeko aukera izan genuen. Bere semeak distrofia muskularra du eta gertutik ezagutzen du errealitate hau.

Done Jakue Bidea egin ostean APP bat egin zenuten. Zer egin duzue oraingo honetan Monegroen bidaiaren haritik? Oraingo honetan dokumental bat ekoiztuko dugu Gasteizko Pecas Voladoras ekoiztetxearen bidez. Gure proiektua ezagutu zutenean horren inguruko zinta grabatzea bururatu zitzaien, guztiz debalde. 10 egunetan zehar gurekin izan genituen, kamera eta mikrofonoekin. Crowfunding kanpaina abiarazi zuten gure proiektuan parte hartzeko egin zuten inbertsioa berreskuratzeko.

Jose Ignacio, Monegroetan erabili zuen Ottobock gurpil-aulkian // Geuria

Zer egin behar duzue dokumentalarekin? Gure asmoa zinema areto batean estreinatzea da. Zoragarria litzateke abenduaren 23an proiektatzea, Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Egunean. Hainbat telebista katerekin berba egin dugu baita ere, estreinaldiaren ostean zinta emititu ahal izateko. Asmoa ez da irabazi ekonomikoak izatea; proiektuari ikusgarritasun eta hedapen handia ematea baizik. Horrela, etorkizuneko proiektuek oihartzun handiagoa izango dute.

Julian Iantzigaz // Caminus

Zein izango da Caminusen hurrengo erronka? Proiektu bat daukagu esku artean, baina ezer gutxi konta dezakegu horren inguruan: datorren urteko udan egun askotako abentura egiteko asmoa dugu. Kilometro asko egingo ditugu bidaia horretan eta jende askori gustatuko zaiolakoan gaude. Esan dezakegun gauza bakarra zera da, kolaboratzaile berezi bat izango dugula. Momentu honetan bidaiaren bideragarritasuna eta nondik norako guztiak aztertzen ari gara.

Baikortasuna zuen bidaien funtsezko osagarria dugu, ezta? Bai, noski! Nire gaixotasuna duen jende asko ezagutzen dut Bizkaian, baina inork ez luke era honetako proiektuetan parte hartuko. Ruben Zulueta ezagutzea kasualitate hutsa izan da. Zorte izugarria izan dut berarekin eta Antoniorekin.

Jose Ignacio // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak