→Arrigorriaga

Kale-izendegirako emakumeen izen-zerrenda osatzeko herritarren partaidetza bilatuko du Arrigorriagak

Parte hartzeko epea zabalik egongo da maiatzaren 31tik ekainaren 13ra bitartean udal webgunearen bitartez // Geuria

Arrigorriagako kale-izendegian emakumeen presentzia handitzeko prozesua berrabiaraziko du Udalak. Iazko irailean prozesuaren berri eman zuen udal gobernu taldeak, baina urrian oposizioak atzera bota zuen proposamena. Hala ere, berriro ekin diote herriko kale-izendegian emakumeak ikusarazteko prozesuari, eta horretarako herritarren partaidetza bultzatuko dute. Emakumeen izen-zerrenda egiteko, maiatzaren 31tik ekainaren 13ra bitartean udal webgunearen bitartez zabalik egongo da parte hartzeko epea. Arrigorriagan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute prozesuan.

“Kale eta plazen izenak tresna garrantzitsuak dira herriak balioa eman diezaion eta ikusaraz dezan emakumeek gizarteari egindako ekarpen historikoa eta, horrela, oso zabalduta dagoen bidegabekeria historikoa zuzentzeko”, dio Joana Etxeberria Gizarte Ekintza eta Politika Feminista arloetako zinegotziak: “Umeek aitorpen publiko hori merezi dutenen irudi distortsionatua izatea saihestu nahi genuke. Hau da, erreferentziazko emakumezko figurarik ez badugu, emakumeak garrantzi publikoko jardueretan ez aritzeko estereotipoa sustatzen laguntzen ari gara“, dio Etxeberriak.

75 KALETATIK, EMAKUMEEN IZENEKO BI

Gaur egun 75 kale daude Arrigorriagako kale-izendegian eta horietako 24k pertsonen izenak dituzte: “Genero-desberdintasun izugarria ematen da, izan ere, 24 kale horietatik bik baino ez dute emakume izena: Concha Espina eta Santa Isabel. Hori kontuan hartuta, funtsezkoa da herritarrak inplikatzea aitorpen publikoa izan behar duten emakumeen izenak bilatzen”, dio Etxeberriak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak