→Arrigorriaga

Arrigorriagako Udalak azken asteetan kiroldegian egindako ekintza bandalikoak gaitzetsi ditu

Azken asteetan ekintza bandalikoak egin dituzte Arrigorriagako Udal kiroldegian. Joan den asteburuko ostiral eta larunbatean saskibaloiko kantxako eta PP2 pistako hainbat elementu kaltetu dituzte.

Kalteak, kiroldegian // Arrigorriagako Udala

Azken asteetan hainbat ekintza bandaliko egin dituzte Arrigorriagako Udal kiroldegian. Joan den asteburuko ostiral eta larunbatean saskibaloiko kantxako eta PP2 pistako hainbat elementu kaltetu dituzte. Aldagelak hesitu behar izan dituztela azaldu dute kiroldegiko arduradunek, egun batzuk lehenago pertsona talde batek ateak apurtu eta su-itzalgailuak hustu zituztelako instalazio horietan. Ekintza horiek guztiak gaitzetsi ditu Arrigorriagako Udalak, prentsa ohar baten bidez.

Saskibalio-kantxa eta PP2 pistako eserleku batzuk apurtu eta erre zituzten eta sua ikusita, auzokide batzuek suhiltzaileak ohartarazi zituzten. Udalak azaldu du, gainera, PP2ko fokuen babes sarea ere txikitu egin dutela. Horrez gainera, kantxen estalkira igo ziren bandaloak  koadro elektrikoa ireki eta kantxa argi barik uzteko: “Udal hesiak ibaian eta igerilekuan agertu dira eta azken asteburu honetan saskibaloi kantxako zaintza-kamerak desagertu dira”, azaldu du Udalak.

Kirolariak eta umeak, kaltetuenak

Arrigorriagako Udalak azaldu du Padura saskibaloi taldea eta Arri-Gorri irristaketa taldea izan dira ekintza honen gaitzak gehien jasan izan dituztenak. Leku horietan egiten dituzte kirol talde horiek entrenamendu saioak, eta eskolako umeek jolastoki modura erabiltzen dute.

Horrelako ekintzek ez dute lekurik Arrigorriagan, traba egitea beste helbururik ez baitute. Gure gaitzespena adierazi nahi dugu, eta, beti bezala, elkarbizitzarako eta elkar zaintzeko jarrerak hartzeko deia egin nahi diegu herritarrei. Kantxa estaliak Arrigorriagako herritar guztiek erabiltzeko espazio irekiak dira. Horiek baliatzea guztion eskubidea da, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu”, azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Udala kiroldegiko arduradunakaz, talde kaltetuakaz eta udaltzaingoagaz harremanetan dago eta laster arazoari aurre egingo diotela iragarri du, era honetako ekintzak berriro gertatu ez daitezen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak