→Arrigorriaga

Hamaika zirku konpainiak Arrigorriaga hartuko dute asteburuan

Irailaren 10, 11 eta 12an Arrigorriagako Klown eta Pailazoen Nazioarteko jaialdiaren XXVI. edizioa antolatu du Udalak.

Maite Ibarra, Begoña de Ibarra, Amagoia Garaizabal eta Iratxe Rubio, prentsaurrekoaren ostean // Geuria

Irailaren 10, 11 eta 12an Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko jaialdiaren XXVI. edizioa antolatu du Udalak. Aurten hamaika konpainia izango ditugu kiroldegian eta frontoian: Euskal Herriko lau, Estatu mailako hiru eta nazioarteko beste lau. Aurten ere musika, kale-antzerkia, zirku modernoa, aire akrobaziak eta umorea izango dugu herrian Galizia, Madril, Andaluzia, Frantzia, Argentina, Brasil eta Kenyako konpainien eskutik. Gaur goizean jaialdiaren aurkezpena egin du Udalak prentsaurreko batean, eta hurrengo asteburuko nondik norako guztiak azaldu dituzte bertan: “Gaur, poztasun handiz kontatu nahi dizuegu, datorren asteburuan, irailaren 10, 11 eta 12an Klown eta Pailazoen Nazioarteko XXVI. jaialdia ospatuko dugula Arrigorriagan”, azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

“1995ean “Magia, pailazoak eta kale-artea jardunaldiak” izenpean jaio zena, 26 urte hauetan zehar, formatua eta programazioa zabaltzen eta berritzen joan da. Hasiera batean, egitate eszenikoaren hedapen gisa pentsatuta zegoen, baina azken urteetan hainbat jarduera osagarrirekin jaialdia aberasteko apostua egin da, hala nola: erakusketak, klown ikastaroak profesionalentzat eta zaleentzat, eduki pedagogikoko eskolarako jarduerak, haur-ospitaleetarako saioak, etab”, jarraitu du alkateak Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusiarekin, Amagoia Garaizabal Arrigorriagako Kultur Teknikaria eta Jaialdiaren Zuzendariarekin eta Iratxe Rubio Arrigorriagako Kultur zinegotziarekin batera egindako prentsaurrekoan. Aurkezpen egunean bertan Circo Chosco, Trotamundos eta Maite Guevara konpainietako kideak egon dira.

Aurtengo edizio honetara joan ahal izateko izena eman beharko dute interesdunek eta horretarako bide bi ahalbidetu ditu Arrigorriagako Udalak: lehen aukera kulturakoinskripzioak@arrigorriaga.eus helbidera idaztea da. Bigarren aukera Kultur Etxeko telefono zenbakira deitzea da (946 712 361) 16:00etatik 20:00etara. “Covid-19ari lotutako egoerari dagokionez, Udalak arduratsu jokatu nahi izan du: horregatik, aurretiko izen emateaz gainera, jarduera guztiek %60ko edukiera murriztua izango dute, musukoa nahitaezkoa izango da, eta eserlekuak 1,5 metroko segurtasun distantziara jarriko dira”, azaldu du Udalak.

Goitik behera, Circo Chosco, Trotamundos eta Maite Guevarako kideak, udaletxeko plazan // Geuria

Irailak 10, barikua

Jaialdiak gogor ekingo die ikuskizunei ostiral arratsaldean hasita: 18:00etan Galizia eta Euskal Herriko Forzu 2 ikuskizuna izango dugu Circo Chosco konpainiaren eskutik. Umorea ardatz nagusi bezala, tranpez, kolpeez eta magiaz baliatuko dira publikoa aho bete hortz uzteko.

19:30ean, Gala Zirko Euskalduna izango dugu frontoian, Trotamundos eta Zirkodromoa Barakaldo konpainien eskutik.

Irailak 11, zapatua

Zapatuan ere programa oso interesgarria izango dugu Arrigorriagan. 12:30ean Julian Y Pendorcho konpainiak 60 minutuko Julián Jaunaren Zirkua izeneko ikuskizuna eskainiko du erdaraz, 18:00etan Galiziako Sempre Arribaren C’est Pas Possible eta 19:00etan Bambolea konpainiak Udazkeneko Kabareta. Hiru saioak kiroldegian antolatu dituzte.

Frontoian Brasil eta kataluniako Circo Los-ek Kasumay testurik gabeko ikuskizuna eskainiko du 20:30ean. ‘Kasumay’ “Kaixo, zer moduz?” esan nahi du senegaldarrez eta obra honetan hiru pertsona ikusiko ditugu mahai baten inguruan, euren bizitzak zeharo aldatuko dituen dei baten zain.

Irailak 12, domeka

Domeka ere ikuskizunez blai datorkigu 12:00etatik 20:30ak arte. 12:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimotots izango ditugu kiroldegian Amaren Intxaurrak ikuskizunarekin: “Geure kultura ospatzeko eta errituak berritzeko. Garena mugitzeko. Hankak luzatuz, gerria mugituz, hegoak astinduz eta ur azpian ere egiten dugu dantza. Etor zaitez gurekin dantzatzera, atera ezazu zure barneko animalia kalera!”.

18:00etan Adoro, Pailazak Gurpil Gainean ikuskizuna eskainiko dute Alta Gama konpainiakoek frontoian. Klownez, bizikletez eta zuzeneko musikaz gozatu ahalko dute bertara hurbilduko direnek.

19:00etan Zein Egun Ona plazaratuko du Maite Guevara artistak Martina pertsonaiaren bidez. 19:30ean La Querida Compañíaren Airean ikuskizuna antolatu dute.

20:30ean Mighty Jambok Ehiztaria izeneko testurik gabeko ikuskizuna dakar frontoira. 60 minurtuko saio honetan Kenyako masaien herrietara eramango gaitu, “indarrez betetako ikuskizuna izango da eta urruneko kultura batera hurbiltzen gaitu bgere tradizio eta jauzi tribal eta jantzi originalekin”.

Argazkiak prentsaurrekoaren ostean // Geuria

“Azken urte zailek erakutsi digute zein garrantzitsua den kultura eta artea gure herrien eta herritarron bizitzetan. Klown eta Pailazoen Nazioarteko XXVI. Jaialdiak kolorea, musika eta humorea ekarriko digu Arrigorriagari; eta hau da garrantzitsuena guretzako”, izan dira Ibarraren hitzak prentsaurrekoari amaiera emateko.

Arteen sukaldea

Irailaren 23an eta 24an ere Arteen Sukaldea 2021 Euskal Herriko kale-arteen elkartearen urteko topaketa antolatu dute Lonbo Aretoan. 23an ‘Del Dato al Relato’ tailerra antolatu du Cultumetriako Álvaro Fierrok 10:00etatik 14:00ak arte. Hilaren 24an, 09:30etatik 14:00ak arte ‘V. Gogoeta Jardunaldia antolatu dute: Datorren Kultura adierazleak eta ondasuna’ eta ostean La Pez Konpainiak ‘Alferrikakoen Askatasuna’ hitzaldia prestatu du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak