Langabezian dauden Arrigorriagako herritarrentzako ikastaroak antolatu ditu Udalak urritik azarora bitartean. Aurreneko prestakuntza saioa urriaren 16tik 26ra bitartean burutuko da eta Alzheimerra duten gaixoentzako arreta berezitua izango du hizpide (45 ordu).
Biltegiko jarduera osagarrien ikastaroa burutuko da urriaren 18tik azaroaren 30era bitartean. Ikastaro hau bukatutakoan Eusko Jaurlaritzaren profesionaltasun-ziurtagiria bermatuko dute partaideek (170 ordu).
Urriaren 30etik azaroaren 9ra zainketa aringarrien alderdi orokorren inguruko ikastaroa eskainiko dute (40 ordu). Bertan, gaixotasun terminaletara egokitzea eta dauden tratamenduak, gaixoarekin eta bere familiarekin komunikazio zuzena bideratzea, emozioak kudeatzea edota erresilentzia jorratuko dituzte partaideek.
Laugarren ikastaroa informatika-alfabetatzeari buruzkoa izango da eta azaroaren 6tik 16ra izango da. Saio honetan parte hartuko dutenek honakoa ikasiko dute: word programa (20 ordu), posta elektronikoa erabiltzea (10 ordu) eta outlook posta-zerbitzua (10 ordu), eta curriculuma egin eta dokumentuak antolatu eta artxibatu (5 ordu).
Izena emateko bideak
Ikastaroetan parte hartzeko eskariak udaletxeko Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) edo Abusuko Zentro Soziokulturalean egin beharko dituzte interesdunek irailaren 29ra arte. Onartutakoen zerrenda urriaren 9an argitaratuko dute.
