→Arrigorriaga

Arrigorriagako lokalak eta trastelekuak etxe bihurtzeko lehen eskariak egin dituzte

Trastelekuen eta lokalen ordenantza berria martxan da / Arrigorriagako Udala

Pasa den hilabetean onartu zuen lokalak eta trastelekuak etxebizitza bihurtzeko hasierako ordenantzaren onarpena udalbatzak, gobernu taldea osatzen duten EH Bildu eta Arrigorriaga Gara alderdien eta EAJ eta PSEren aldeko bozekin. Aurrekoa onetsi zenetik, herritarrengandik hainbat eskari jaso ditu Udalak, bai lokal zehatzei buruzko informazioa eskatuz, bai horietan eraldaketak gauzatzeko modua zein den galdetuz edota jada eginda dagoena erregularizatzeko informazioa eskatuz.

Lokal edo trastelekutik etxebizitza izatera pasako diren azpiegituren kopuru zehatzik ez dago, horien kopurua, hain zuzen ere, eskariaren araberakoa izango da. Hau da, kopurua lokal horien jabeek egiten dituzten eskakizunen zein horien baldintzen araberakoa izango da. Izan ere, lokal horietan irisgarritasuna, pribatutasuna, erosotasuna eta bizi-baldintza egokiak bermatuta egon beharko dira.

Ordenantza honen bidez, jakina denez, Arrigorriagan dauden etxebizitzen kopurua handitzea da lortu nahi dena, lurzoru berria erabili beharrik izan gabe eta, gainera, aldi berean, beharrezkoak ez diren azpiegiturei erabilgarritasuna emanez. Horiekin batera, auzoen itxura hobetzea ere beste xede garrantzitsu bat da, eraikinetako beheko solairu itxiek sorrarazten duten estetika desegokia desagertuko baita.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak