→Arrigorriaga

Argazkiak | Hamaika koloretako maskarak jantzi ditu Arrigorriagak M8an

Gaur arrastian manifestaziorako deia egin du Arrigorriagako Urruma Asanblada Feministak eta ehunka lagun kalera irten dira, Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. 19:00etan irten da martxa Argala plazatik eta Urgoiti pasealekutik Severo Otxoa kalera salto egin dute manifestariek, Lonboko biribilgunera arte

Haur bat, heldu batekin jolasean Arrigorriagan // Geuria

Gaur arrastian manifestaziorako deia egin du Arrigorriagako Urruma Asanblada Feministak eta ehunka lagun kalera irten dira, Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean. 19:00etan irten da martxa Argala plazatik eta Urgoiti pasealekutik Severo Otxoa kalera salto egin dute manifestariek, Lonboko biribilgunera arte. Oihuak, garrasiak, musika eta “Gora Borroka Feminista” lelopean, Lonbon Urgoiti pasealekua hartu dute berriro martxakoek, Argala plazaraino. Bertan, argazki ofiziala egin eta euro baten truke txokolatea edan ahal izan dute, ekarpena Korrikarako kilometroa erosteko baitzen. Plazan ere Arrigorriaga Harrera eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak izan dira, Atzerritarrak erregularizatzeko kanpainan murgilduta, herritarren sinadurak batzen.

Aurten, kolore morea janzteaz gainera maskarak jantzi dituzte manifestazioan parte hartu duten emakume askok: “Emakume askorekin gertatzen den drama izugarria izanda, maskarek kolorea eta ‘umore ukitua’ ematen diote gai honi. Azken batean, Albertina Carri zinemagileak Zinegoak jaialdian azaldu zuen bezalaxe umoreak drama horretatik nolabait salbatzen gaitu”, izan dira Esti Bilbao Galdeano Urruma Asanblada Feministako kidearen hitzak. Urrumako kideek asteak eman dituzte interneten bidez gaur bertan jantzitako maska horiek nola egiten diren tutorialak sareetan zehar hedatzen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak