→Arrigorriaga

Maite Ibarra: “Antolatutako ekitaldi sinbolikoetan parte hartzera mugatzeko eskatzen diegu herritarrei”

aurreikusitako jardueratan baino ez parte hartzea eskatu die Udalak herritarrei // Arrigorriagako Udala

Bigarren urtez, Covid-19ak baldintzatuta, ez dira Madalenak jaiak ospatu Arrigorriagan. “Uztaileko egun hauek data garrantzitsuak dira Arrigorriagako herritar guztiontzat, Madalenak ospatzen baititugu. Oso egun bereziak dira, ekitaldi kultural eta herrikoiez beteak; gozatzeko eta ospatzeko uneak. Hala ere, Udalak bere kezka adierazi nahi du Arrigorriagan azken egunetan erregistratutako datuengatik, eta, horregatik, arduraren eta elkarrekiko zaintzaren aldeko deia egiten dugu, batez ere herriarentzat hain bereziak diren egun hauetan”, dio Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.

Osakidetzak emandako azken datuen arabera, 761,95eko intzidentzia-tasa du Arrigorriagak. Osasun-arduradunekin eta Udaltzaingoarekin “etengabeko koordinazioan” jarraitzen du udal gobernu taldeak, eta zera adierazi du Ibarrak: “Elkar zaintzea izan behar da orain gure helburua. Azken egunetako datuak kezkagarriak dira, eta, horregatik, Madalenak ospatzeko, antolatutako ekitaldi sinbolikoetan parte hartzera mugatzeko eskatzen diegu herritarrei. Herri arduratsua garela erakutsi dugu; jarrai dezagun elkar zaintzen”.

Jaien ordez, ‘Ongi etorri uda’ programa antolatu dute Udalak eta Jai Batzordeak elkarlanean uztailean zehar. Programa horretan aurreikusitako jarduera guztiak bere horretan mantentzea erabaki dute, eta horietan baino ez parte hartzea eskatu die Udalak herritarrei. “Azken egunetan jasotako jarduera-proposamenak, programaziotik kanpo geratzen direnak, ezin izango dira garatu”, gogorarazi du Ibarrak. Besteak beste, bertan behera geratu dira Aritz Berri Dantza Taldeak proposatutako erromeria, merkatari batzuek txosna txiki bat jarri nahi zuten txistorrada egiteko edota saskibaloi txapelketa. “Orain arte egin dugun bezala, Arrigorriagako Udaletik, ez lasaitzeko, arduratsuak izateko eta elkar zaintzeko deia egiten dugu”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak