Koronabirusaren eraginez bi urte jairik gabe egon ostean, Arrigorriagako Madalenak prestatzeko lehen asanblada prestatu dute herriko Jai Batzordeak eta Udalak. “Aurtengo 2022 honetan, eta kontuan hartuta pandemiaren eragina nabarmen jaitsi dela, Jai Batzordeak eta Udalak aurtengoei ilusio handiz helduko diegu”, azaldu dute Udal ordezkariek.
Maite Ibarra alkatea jaien inguruan aurreko urteetan egindako lanaren inguruan aritu da: “Madalenak data bereziak dira edozein arrigorriagarrentzat. Herritar eta elkarteek urteak daramatzate jai herrikoien inguruan lanean, herri bezala batzen gaituzten guztiak erdigunean jarriz. Kaleetan topatzeko eta espazioak konpartitzeko aukera paregabea. Ilusio handia dugu elkarrekin kulturaz beteriko jaiak antolatzeko. Geure aldetik, ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu”.
Gauzak horrela, uztailaren 21etik 25era ospatuko diren jaien programa diseinatzeko lehen asanbladarako deia zabaldu dute antolaketatik datorren martxoaren 31n, 19:00etan Edurne Garitazelaia kultur etxean: “Jai Batzordeak eta Udalak herritar guztiak animatu dituzte asanbladan parte hartzera. Ideia berriak batu, jarduerak proposatu eta herritar guztiekin batera jaiei ikuspegi berezitik begiratzeko helburua dute”.

Arrigorriagako jaiak 2016an // Geuria
