→Arrigorriaga

Jairik gabeko Madalenak

Covid-19ak bertan behera utzi ditu aurtengo Arrigorriagako Madalenak. Hilaren 22an hiru ekintza baino ez ziren burutu goizean eta eguerdian zehar. Txistulariak goizeko 10:45ean hasi ziren doinuka herriko kaleetan barrena, eguzkiak eta tenperatura altuek lehen orduetako hodei beltzak aldentzen zituzten heinean. Ibilaldia udaletxean bertan hasi zuten eta Severo Otxoa kalean barrena, jendeak balkoietatik agurtzen zuen bitartean “Gora Madalenak!” oihukatuz.

12:15ak aldera Pergolan Abusu eta herriguneko sare solidarioei aitortza publikoa egin zitzaien. Maite Ibarra alkateak eta Joana Etxeberria alkateordeak aintzatespena egin zizkieten herriguneko sare solidarioen ordezkariei: Arrigorriagako sare solidarioko Urtzi Roblesi, maskarak egin eta banatzeaz arduratu zen Maite Blasi, Abusuko sare solidarioko Antonio Pachecori, eta Isabel Astobizari, arreta jaso zuen adineko emakumea, edukiera mugatuko ekitaldi batean: “Gaurko aitortza ekitaldi honetaz harago, bihotzean eramango zaituztegu gutako askok zaintza, elkartasuna laguntza eta azken batean bizitza erdigunean jartzeagatik” adierazi zuen Ibarrak. Ekitaldiaren amaieran, Abusu eta herriguneko sare solidarioen omenezko plaka ezarri zuten Pergolan.

Omenaldia plazan / Geuria

Aitortzaren ostean, alkatea, alderdi bakoitzeko ordezkari bakarrarekin udaletxera itzuli eta bertan ekitaldi sinbolikoa egin zuten, edukiera mugatuko ekintza batean: “Jairik gabeko Madalenak egokitu zaizkigu aurten”, azaldu zuen EH Bildu alderdiko alkateak. “Bizitza bera ospatu nahi dugu, bizirik eta osasuntsu gaudelako, modu arduratsuan betiere. Txalo, barre eta musikaren ordez, txupin honek isiltasuna ekarriko digu ordainetan, eta pandemia garai honetan gehien duten omenezkoa izango da”, azaldu zuen.

Ekintza osoa online emititu zen Udalaren Youtube kanalean eta sare sozialetan eskuragarri dago.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak