→Arrigorriaga

Herrigunea Martiartu industriagunearekin lotzeko bidegorria eraikiko du Aldundiak

Ugao eta Martiartu (Arrigorriaga) bidegurutzean dagoen seinalea / Wikiloc / Txurigorri

Bizkaiko Foru Aldundiak Arrigorriagako bidegorri sarea luzatuko du Agirre Lehendakaria parkeko igarobidea -Gaztegunearen ondokoa- Martiartu industriagunearekin lotzeko. Tarte berri honek kilometro eta erdiko luzera izango du eta bide gehiena Nerbioi ibaiaren ertzetik hedatuko da. Aldundiak datozen hilabeteetan hasiko ditu lanak eta 770.000 euro inguruko bideratuko ditu horietara.

Bidegorriaren zati berria eraikitzeko obrak zortzi hilabetez luzatuko direla aurreikusten du Aldundiak. Ibilbide berri honekin, Arrigorriagak hiriarteko bidegorria osatuko du, Nerbioi ibaiaren bi ertzetatik Basaurirekin lotzen duena. Ia bost kilometroko luzera du bidegorri ibilbide honek.

Hego Uribe eskualdeko bidegorri sarearen aldarrikapenak baditu urte batzuk: eskualdeko herriak lotuko dituen bidegorri sarearen lanak martxan jartzeko eskatu zion EH Bildu alderdiak Bizkaiko Foru Aldundian 2018an; aurtengo urtarrilean EAJko eskualdeko alkateek ere bidegorrien aldeko apustua agertu zuten Bizkaiko Aldun Nagusiarekin egindako bilera batekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak