→Arrigorriaga

‘Mendikosolo parkearen aurrerapausuak’ bilera antolatu du Arrigorriagak Lonbon

Arrigorriagako Udalak Mendikosoloko prozesu parte-hartzailearen inguruko bigarren informazio-bilera antolatu du urriaren 6an, 19:00etan

Lonbo aretoko bilera, pasa den maiatzean // Geuria

Arrigorriagako Udalak Mendikosoloko prozesu parte-hartzailearen inguruko bigarren informazio-bilera antolatu du urriaren 6an, 19:00etan: “Maiatzean hasi genuen parkearen prozesu parte-hartzailea aurrera doa. Lonbo Aretoan egindako aurkezpena eta herrigunean eta Abusun eragile eta herritar-talde desberdinekin bilerak egin eta gero, talde teknikoari zegokion Mendikosolobarrena parkeko presaren inguruko ikerketa eta azterketa teknikoa izango dira mintzagai”, azaldu du Udalak. “Urriaren 6an bigarren informazio bilera antolatu dugu Lonbo aretoan. Bertan prozesuaren jarraipena eta presa zein parkearen kontrola erakutsiko diegu herritarrei eta azaroan herritarrekin tailer parte-hartzaileak prestatuko ditugu“, aurreratu du Maria Jesus Acedo Ingurumen eta Jasangarritasun zinegotziak.

Bilera horretan Mendikosolobarrena eta Mintegi parkearen prozesu parte-hartzailearen jarraipena egingo da, hasieratik egin diren ikerketa tekniko horiek aztertuz (momentura arte egindako katak, analitikak…) eta herritarrei erakutsiz. Ekitaldian Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Maria Jesus Acedo Ingurumen eta Jasangarritasun zinegotzia, Paola Sangalli SCIA talde teknikoaren kidea eta Amaia Albeniz Hiridunak estudioa-partaidetza prozesuaren arduraduna izango ditugu.

Mendikosolo parkeko langileen elkarretaratzea, Arrigorriagan, 2020an // Geuria

 

Prozesuaren aurrekariak

Mendikosolo tabernako eta Naturbaso S.L langileen kontratuak pasa den urteko irailaren amaieran amaierara heldu zirenetik Arrigorriagako gobernu taldea parkearen etorkizunari itxura ematen hasi zen eta aurtengo udaberrian bertan Mendikosolo parkeko prozesu parte-hartzailea martxan jarri zuen eta pasa den maiatzaren 28an Mendikosoloko prozesu parte-hartzailearen aurkezpen ofiziala egin zen Arrigorriagako Lonbo aretoan, 60 pertsonen aurrean. Bertan izan ziren Maite Ibarra alkatea, Paola Sangalli SCIAko teknikaria eta Amaia Albeniz prozesu parte-hartzailearen arduraduna. 2020ko uda ostetik, Mendikosolo urtegiaren etorkizuna ezbaian jartzen zuen inguruko informazioa jaso zutenetik. 2011n, Konfederazio Hidrografikoak urtegiaren katalogazioa A motako presara aldatzea eskatu zion Arrigorriagako Udalari eta 2019an Konfederazioak eskatutako zehapen batekin topo egin zuen Gobernu Taldeak.

“Hasieratik argi izan genuen ezin genuela gaia kaxoi batean sartu eta egoera gehiago luzatu, bai ala bai, heldu behar geniola. Bagenekien gai delikatua izango zela bertan lanean aritu diren pertsonengatik. Gu heltzerako urtegiaren auziak hainbat eta hainbat urte zeramatzan mahai gainean eta herritarrek ez zuten honen berri. Bitxia da hamar urtetan egoeraren berri izan dutenek eta ezer egin ez dutenek, udal gobernu honi leporatzea hilabete batzuetan konpondu ez izana. Kontua da konponbidea jartzen ari garela eta hamar urte barru datorrenak ez dituela topatuko inondik inora guk aurkitu ditugun arazoak”, azaldu zuen Maite Ibarra alkateak lonbo aretoko ekitaldian.

Mendikosoloko prozesu parte-hartzailearen aurreproiektuko fasean bagaude ere, alkateak eta teknikariek Arrigorriagako parkean egin litezkeen aukerak azaldu zituzten Lonboko bilera informatiboan, herritarren aurrean. “Udan zehar katak eta analitikak egin ditugu Mendikosolon eta orain Ur konfederazioaren eta Uraren oniritzia behar dugu hurrengo pausua emateko”, azaldu du Maria Jesus Acedo Arrigorriagako Ingurumen eta Jasangarritasun zinegotziak. “Asmoa da azaroan tailer parte-hartzaileak antolatzea eta aurrerago Mendikosoloko prozesu parte-hartzaileko behin betiko proiektua aurkeztea”.

Mendikosoloren behin betiko proiektua urrian aurkeztuko da bilera irekian

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak