→Arrigorriaga

Mendikosolo parkea zabalduko du berriro Arrigorriagako Udalak

Montefuerteren kasuan, egun itxita dauden guneak zabaltzeko eskatuko dio Arrigorriagako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari.

Argazkia: Arrigorriagako Udala

Mendikosolo parkea zabalduko dute berriro Arrigorriagan. Hain zuzen ere, 08:00etatik 11:00etara bitartean egongo da zabalik bihartik aurrera. Taberna eta jolas-guneak, ordea, itxita mantenduko dituzte.

Montefuerteren kasuan, egun itxita dauden guneak zabaltzeko eskatuko dio Arrigorriagako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari, “jolas-guneak itxita mantenduz”, diote Udaletik. Lurzorua Udalarena den arren, kudeaketa Aldundiarena da.

Asteburuan, “balorazio positiboa”

Maiatzaren 2tik aurrera konfinamenduaren arintze neurri berriak ezarri zituen Espainiako Gobernuak eta larunbatetik aurrera paseatzera eta kirola egitera kalera atera daiteke. “Asteburuko balorazioa orokorrean positiboa izan da, baina egia da pilaketak egon zirela hainbat gunetan momentu jakin batzuetan, eta hori konpondu beharra dago, segurtasun neurriak bete daitezen”, dio Peio Garmendia Arrigorriagako Udaleko Segurtasun arloko zinegotziak.

Gaur bilera izan dute udal ordezkariek, Udaltzaingoak eta teknikariek asteburuan gertatutakoa aztertzeko eta aurrera begirako neurriak zehazteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak