→Arrigorriaga

Mendikosolo parkeko zaintza kudeatzeko lehiaketa zabaldu du Arrigorriagako Udalak

Enpresa interesdunek abuztuaren 2ra arte dute lehiaketara aurkezteko epea. Kontratuaren aurrekontua 360.000 eurokoa da eta iraupena bi urtekoa izango da.

Argazkia: Geuria

Mendikosolobarrena eta Mintegi parkeko zaintza, kontserbazio, mantentze eta ingurumen kudeaketako zerbitzuak esleitzeko lehiaketa publikoa zabaldu du uztailean Arrigorriagako Udalak. Enpresa interesdunek abuztuaren 2ra arte dute lehiaketara aurkezteko epea. Kontratuaren aurrekontua 360.000 eurokoa da eta iraupena bi urtekoa izango da, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.

Lehiaketara atera den baldintza teknikoen agirian zehaztutako lanak “iragankortasun-izaera” dute. Izan ere, ingurune paisajistiko eta natural horren egungo konfigurazioa “aldatu egin daiteke”: Udalak prozesu parte-hartzailea abiarazi du, “Mendikosolo parke berria denon artean zehazteko”, diote udal ordezkariek. Iraila bitartean prestakuntza eta eztabaida saioak antolatuko dituzte eta behin herritarrek ideiak mahai gainean jarrita dituztela, talde teknikoek eta politikoek proiektu oso bat itzuliko diete herritarrei. Ondo bidean, urrian egingo den saio ireki batean behin betiko proiektua aurkeztuko zaie herritarrei: “Horrek txertatuta izango ditu, batetik derrigorrezko baldintza teknikoak, bestetik herritarren ekarpenak”.

Mendikosoloren behin betiko proiektua urrian aurkeztuko da bilera irekian

Mantentze-lanei dagokienez, honako lan hauek egingo dira: bideak egunero garbitzea, ibilbideak eta bigarren mailako bidezidorrak astean behin garbitzea, zakarrontzietako eta tabernaren eremutik kanpo dauden aisialdi-guneetako zaborrak egunero biltzea, eta, horrez gain, hareatzetako eta haur-jolasetako guneak garbitzea, astean bitan gutxienez. Parkeko landaredia zainduko dela bermatzeko, enpresa emakidadunak honako lan hauek egin beharko ditu: espezie aloktonoak pixkanaka espezie autoktonoekin ordeztea, zuhaixka autoktonoak sakabanatuta landatzea tabernaren eta errekaren arteko eremuan, espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzea eremu ibiltarienetan, eta tratamendu fito-sanitarioak ematea, behar izanez gero ziurtapen ekologikoko produktuekin.

Beste jarduketa-ardatz bat instalazioen eta altzarien mantentze-lanei buruzkoa da: konponketa puntualak egitea eta bankuak, egurrezko kartelak, hesiak, mahaiak, biltegiratze-ateak eta instalazioak, komunak, iturriak, parkeko hiri-altzariak, jolasguneak, bideak eta hareak birjartzea.

Mendikosolo tabernaren kudeaketa esleitzeko proposamena egin du Arrigorriagak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak