→Arrigorriaga

Mendikosolok urtebete ostean “abandonatuta” jarraitzen duela egotzi dio EAJk gobernu taldeari

EAJ-PNV Arrigorriagak Gobernu taldea osatzen duten EH Bildu eta Arrigorriaga Garari gelditasuna salatu die “Arrigorriagako birika berdea abandonatuta jarraitzen duelako”.

Pedaloak, Mendikosolon // Geuria

EAJ Arrigorriagak Gobernu taldea osatzen duten EH Bildu eta Arrigorriaga Garari gelditasuna egotzi die Arrigorriagako birika berdea “abandonatuta” jarraitzen duelako. “EAJ Arrigorriagak salatu du denbora bere aurka doala, eta EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak osatzen duten Gobernu taldeak aitzakiak bilatu besterik ez duela egiten eurek sortu duten arazoari soluziorik ez emateko. Adar eta zuhaitz eroriak, etengabe hazten ari diren sasiak eta abandonatuta dagoen taberna bat dira Arrigorriagako bizilagunak duela 12 hilabete baino gehixeago oso harro sentitarazen zituen espazio baten paisaiaren parte”, azaldu du EAJ-PNVk medioei bidalitako prentsa ohar batean.

“Aitzakiek ez dute balio: Mendikosolok berehala jardutea eskatzen du. Baina ez da pausorik eman norabide egokian, eta inork ez du taberna berriz martxan jarri nahi izan, ezta egoera txarrean dagoen parkea txukundu ere; gertaera horiek agerian uzten dute EH Bildu eta Arrigorriaga Gara ez direla gai egoera tamalgarri hori konpontzeko”, azaldu du Sonia Rodríguez EAJko bozeramaileak prentsa oharrean.

Urtebeteko prozesua, bizirik

Mendikosolo tabernako eta Naturbaso S.L langileen kontratuak pasa den urteko irailaren amaieran amaierara heldu zirenetik Arrigorriagako gobernu taldea parkearen etorkizunari itxura ematen hasi zen eta aurtengo udaberrian bertan Mendikosolo parkeko prozesu parte-hartzailea martxan jarri zuen eta pasa den maiatzaren 28an Mendikosoloko prozesu parte-hartzailearen aurkezpen ofiziala egin zen Arrigorriagako Lonbo aretoan, 60 pertsonen aurrean. Bertan izan ziren Maite Ibarra alkatea, Paola Sangalli SCIAko teknikaria eta Amaia Albeniz prozesu parte-hartzailearen arduraduna. 2020ko uda ostetik, Mendikosolo urtegiaren etorkizuna ezbaian jartzen zuen inguruko informazioa jaso zutenetik. 2011n, Konfederazio Hidrografikoak urtegiaren katalogazioa A motako presara aldatzea eskatu zion Arrigorriagako Udalari eta 2019an Konfederazioak eskatutako zehapen batekin topo egin zuen Gobernu Taldeak.

Lonboko informazio-bilera, maiatzean // Geuria

“Hasieratik argi izan genuen ezin genuela gaia kaxoi batean sartu eta egoera gehiago luzatu, bai ala bai, heldu behar geniola. Bagenekien gai delikatua izango zela bertan lanean aritu diren pertsonengatik. Gu heltzerako urtegiaren auziak hainbat eta hainbat urte zeramatzan mahai gainean eta herritarrek ez zuten honen berri. Bitxia da hamar urtetan egoeraren berri izan dutenek eta ezer egin ez dutenek, udal gobernu honi leporatzea hilabete batzuetan konpondu ez izana. Kontua da konponbidea jartzen ari garela eta hamar urte barru datorrenak ez dituela topatuko inondik inora guk aurkitu ditugun arazoak”, azaldu zuen Maite Ibarra alkateak lonbo aretoko ekitaldian.

Mendikosoloko prozesu parte-hartzailearen aurreproiektuko fasean bagaude ere, alkateak eta teknikariek Arrigorriagako parkean egin litezkeen aukerak azaldu zituzten Lonboko bilera informatiboan, herritarren aurrean. “Udan zehar katak eta analitikak egin ditugu Mendikosolon eta orain Ur konfederazioaren eta Uraren oniritzia behar dugu hurrengo pausua emateko”, azaldu du Maria Jesus Acedo Arrigorriagako Ingurumen eta Jasangarritasun zinegotziak. “Urriaren 6an, 19:00etan beste informazio bilera bat antolatu dugu Lonbo aretoan. Bertan prozesuaren jarraipena eta presa zein parkearen kontrola erakutsiko diegu herritarrei eta azaroan herritarrekin tailer parte-hartzaileak prestatuko ditugu”, aurreratu du Acedok.

Mendikosolo parkeko prozesu parte-hartzailea udaberrian abiaraziko du Arrigorriagako Udalak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak