→Arrigorriaga

Arrigorriagako Harrera Sareak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformek Europar Batasuneko migrazio-politikak salatu dituzte

Arrigorriaga Harrera Sareako hainbat kide herrian bildu ziren atzo Europar Batasuneko migrazio-politikak salatzeko, azken egunetan mugetan gertatu diren ezbeharrak ikusita

Arrigorriagako Ongi Etorri Errefuxiatuak-eko kideak, Maite Ibarra eta Joana Etxeberriagaz // Ongi Etorri Errefuxiatuak

Arrigorriaga Harrera Sareako hainbat kide herrian bildu ziren atzo Europar Batasuneko migrazio-politikak salatzeko, azken egunetan mugetan gertatu diren ezbeharrak ikusita: “Europar Batasuneko migrazio-politiken ondorioz beste pertsona bat desagertu da Irungo Bidasoa ibaia gurutzatzen, beste 44 hil egin dira Kanariar uharteetara zihoazela ontzia hondoratzean eta joan den asteburuan beste 19 lagun zendu dira, euren ontzia Mediterraneo itsasoan hondoratzean”, azaldu dute plataformako kideek sare sozialetan. “Ezbehar ugari gertatu dira azken bolada honetan mugetan, eta egoera hori salatzeko elkartu ginen joan den astelehenean Arrigorriagan, salaketa-argazkia egiteko, alegia”, azaldu dute Arrigorriagako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformatik.

“Mugarik ez”, “Hilketarik ez” eta “Euskal Herria, Harrera Herria” irakurri zitekeen kartelak erakusten zituzten argazkian, Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea eta Joana Etxeberria Politika Feminista eta Gizarte Ekintza zinegotzia egon ziren, plataformako kideez gainera.

Solidaritatea, denontzat

Joan den martxoaren 6an, gerratik ihes egiten duten Saharaz hegoaldeko migratzaileen egoeraz mintzatu ziren Arrigorriaga Harrera Sareako plataformakoak: “Migratzaile hauek gerra eta gosetik ihes egiten dute, eta bizitza duinaren bila Melillako hesitik salto egin eta bestaldetik, Europak ukabilkadekin, ostikadekin eta kolpeekin erantzuten die. Ondoren, ‘Gobernu demokratikoak’ euren jatorrizko herrialdeetara bero itzultzen ditu”.

Afrikak, Siriak, edo Yemenek jasaten duten egoera aurtengo otsailetik Ukrainak bizi duen egoeragaz alderatu dute: “Aste honetan, Europak besoak zabalik eta solidaritatez beteta jasotzen ditu gerratik ihes egiten duten ukrainar migranteak. Horrela tratatu beharko lituzkete edozein arrazoigatik munduan zehar igarotze-prozesuan dauden pertsonak. Hori dela eta, beldurretik ihes egiten duten pertsonak direla ikusita, zer dela eta tratatzen dituzte gobernu eta instituzioek modu ez-bidezkoan eta era hain ezberdinean?”. Arrigorriaga Harrerako kideen arabera, giza eskubideak urratzen dituzten egoerak salatu behar dituzte: “Inor ez litzateke modu horretan tratatu muga gurutzatzea saihatzeagatik. Tratu iraingarri eta onartezina da. Pertsonen azalaren koloreak ezin du giza eskubideekiko errespetua baldintzatu”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak