→Arrigorriaga

Arrigorriagako EAJk, PSE-ek eta NOAk mozioa aurkeztu dute abenduko osoko bilkuran

Joan den abenduaren 22an Arrigorriagako udaletxean antolatutako Osoko bilkuran, Gobernu taldearen aurkako mozioa aurkeztu zuten EAJ, PSE eta NOA alderdiek: “Kontratazio arloan Gobernu taldeak duen jarrerak benetan kezkatzen gaitu.

NOAko Jose Ignacio Fernández eta EAJko Sonia Rodríguez // Geuria

Joan den abenduaren 22an Arrigorriagako udaletxean antolatutako osoko bilkuran, Gobernu taldearen aurkako mozioa aurkeztu zuten EAJ, PSE eta NOA alderdiek: “Kontratazio arloan Gobernu taldeak duen jarrerak benetan kezkatzen gaitu. Urte biz lardaskeriak, kontratu irregularrak eta Gobernu talde baten ohikoak ez diren jokatzeko modu ez-serioen lekuko izan gara”, azaldu du EAJk prentsa ohar baten bidez.

Kontratuak, aztergai

Oposizioko alderdien arabera, horren adibide dira Mendikosolo parkeko, Gazteguneko eta Kiroldegiaren kudeaketa: “Mendikosoloren kasuan, planifikazio ezak eta Gobernu taldearen kudeaketa txarrak bertan behera utzi du Arrigorriagako birika berdea. Planifikazio egoki batekin ez ginateke egoera honetan egongo”. Gazteguneari dagokionez, oposizioak azaldu du bertako langileen kontratuak “iraupen laburrekoak” direla eta “lizitazioen bidez” kudeatu beharko litzatekeela: “Langileak Mendikosoloko patua izateko zorian egon dira”.

Kiroldegiaren inguruan antzeko ezer gertatzen dela azaldu dute oposiziotik: “Kiroldegiko enpresaren kontratua 2020an amaitu zen. Azaroaren 1erako Gobernu taldeak lehiaketako baldintzak prest eta kontratua esleituta egon beharko litzateke. Hala ere, berriro, EH Bildu eta Arrigorriaga Garak osatutako Gobernu taldea oso berandu iritsi da. Dagoeneko, 2020ko urritik 2021eko urtarrilaren 29ra noraezean ibili da Udala”. Horrez gainera, “2020ko 32.042,32 euroko indemnizazioa 2021eko diruagaz” ordaindu behar izan dela azaldu du EAJk, “hilabete biz kontratu legal barik jarduten duen enpresa bategaz”.

Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, aurrekontu parte-hartzaileen aurkezpen egunean // Geuria

Adierazpen hauen aurrean, Arrigorriagako Gobernu taldeak, “iritziez baino hartutako erabakiez” berba egitea nahiago izan du: “Aurreko legealdiaren zati handi batean Arrigorriagako Udala kontu hartzailerik gabe egon zen. Hori erabaki politiko bat izan zen, PNV-PSOE Udal Gobernuak hartutakoa. Ez da gardentasunaren edo fiskalizazioaren mesedetan egiten, inondik inora”, azaldu dio Gobernu taldeak Geuria komunikabideari. “Udal Gobernura heldu ginenean hartu genuen lehen erabakietako bat kontu hartzailearen lan-postua betetzea izan zen, eta ez hori bakarrik: ordutik hona, Arrigorriagako udalean egin gabe zegoen Fiskalizazio Plana bultzatu dugu teknikariarekin batera. Zentzu horretan, egiten ari den lana txalotzekoa eta nabarmentzekoa dela deritzogu”. Fiskalizazio plan horrek utzi zigun lehen ondorioa argia izan da Gobernu taldearentzat: “Arrigorriaga Udalak arazo estrukturalak zituen kontratuak landu, jorratu eta esleitzerako orduan, eta bere prozeduretariko asko zaharkituta zeuden. Urte luze hauetan berritu ez izana ere erabaki politikoa da, eta ez gardentasunaren eta fiskalizazioaren mesedetan”. EH Bilduk eta Arrigorriaga Gara alderdiek osatutako Udal taldeak azaldu du plana martxan jarri zutenetik “sakon” aritu izan direla “gaizki egindakoak konpondu eta bideratzeko”: “Hori ere erabaki politikoa izan da, kasu honetan gardentasunaren eta fiskalizazioaren mesedetan. Argi daukagu bidean akatsak egingo ditugula, eta ez daukagu onartu eta konpontzea beste biderik, uste dugulako Arrigorriaga Udalak eredugarria izan behar duela bide horretan, herritarrek gardentasun osoa merezi dutelako.

Gobernu taldearen ustetan, “oposizioak gauzak ondo egitea” leporatzen dio Arrigorriagako Udal Gobernu taldeari: “Eurek utzitako anabasa konpontzen ari gara, beste gai askotan bezala. Gure asmoa, baina, ez da atzera begiratzea; Arrigorriaga hobetzen jarraitzea baizik. Bide horretan aurkituko gaituzte bai herritarrek eta bai oposizioko alderdiek ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak