Mugiment KirolTxartelak, kirola bultzatzeaz gainera herritarrei egindako kirol-eskaintza handitzea du helburu. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiagaz batera sortutako proiektu honen bidez, abonatuek kirol Txartela erabiltzen duten beste udalerrietako kiroldegiak erabili ahal izango dituzte, “Udal bakoitzak jarritako erabilgarritasunaren arabera”, azaldu du Arrigorriagako Udalak. Gaur egun 62 udalerritan erabili daiteke Mugiment KirolTxartela, eta Hego Uribe eskualdean, Basauri, Arrigorriaga, Zaratamo, Galdakaon, Etxebarrin eta Ugaon. Arrigorriagaren kasuan, bi urte daramatza Mugiment kirol txartelagaz.

Igerilaria, Ugaon // Geuria
Txartel birtuala
Berez, ez da txartel fisikoa; eskuratu nahi duten interesdunek Google Play edo Apple Storera jo beharko dute eta ‘KirolTxartela Mugiment‘ APPa deskargatu. Udal bakoitzak erabakiko du bere kiroldegiko zein instalazio eskainiko dituen txartelaren bidez (gimnasioa, igerilekua, frontoiak…). Gaur egun 115 kirol-instalazio eskuragarri daude guztira aplikazioan.
Behin deskargatuta, txartela martxan jarri behar da. Horretarako, erabiltzaileak Arrigorriagako kiroldegira jo beharko du bertan tramiteak egiteko edo baita kiroltxartela.eus webgunearen bidez.
