Aurtengo Musika Asteak azaroaren 5etik 19ra antolatu du Arrigorriagako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Azaroan bost jarduera izango ditugu Lonbo aretoan eta Magdalena elizan. Musika programa Jesús Ayesta arrigorriagak zabalduko du azaroaren 5ean Lonbo aretoan, adin guztietako pertsonentzako kontzertuagaz. Azaroaren 7an sei urtetik gorako umeentzako musikala eskainiko du Route 6.6 emanaldiak. Hilaren 12an Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazteen Kontzertua izango da. Bertan, Nerea González abeslariak eta Carmen Santamaría piano joleak bekadunen emanaldia eskainiko dute, Lonbo aretoan, 19:30ean.
Azaroaren 18an Literatura Topaketa egingo dute Armando Astarloagaz eta jarraian organo kontzertua egingo dute Magdalena elizan. 19:00etan aurkezpen fisiko-teknikoa egingo dute eta ekitaldia 19:30ean izango da. Azaroaren 19an La Basuk ‘Gerra’ saioa eskainiko du publiko gazte eta helduarentzat, euskara hutsean Lonbon, 19:30ean.
90. hamarkadatik
Musika Asteak 90. hamarkada hasieran jaio zen tokiko musikarien programa bat lez. Urteek aurrera egin ahala izenez aldatu zuen: 2000tik 2019ra ‘Udazkeneko Kontzertuak’ izena izan zuen eta programaren filosofia aldaketei erantzunez azken bi urteetan ‘Musika Asteak’ deitzera igaro da: “Partaideen artean hainbat perfil bermatzea du helburu, eta beraz, horrela osatuta egoten da: herriko talde baten kontzertua, umeentzako kontzertu didaktikoa, Bizkaiko Foru Aldundiak bekatutako gazte-talde bat eta Musika garaikidearen erreferenteren bat”, azaldu du Arrigorriagako Udalak. Gainera, emakume musikarien eta artisten lanaren presentzia sustatzeko konpromisoa hartu du, aurtengo adibide bezala Nerea González abeslaria eta Carmen Santamaría piano jolea bekadunak izanik.

Jarduera gehienak Lonbo aretoan antolatu ditu Arrigorriagako Udalak // Geuria
Programa
AZAROAK 5 | Jesús Ayesta, Lonbo aretoan, 19:30ean. Sarrerak: 9 euro
AZAROAK 7 | Route 6.6, Lonbo aretoan, 12:30ean. Sarrerak 5-7 euro
AZAROAK 12 | BFAren Bekadun Gazteen Kontzertua, Lonbo aretoan, 19:30ean. Sarrerak: 9 euro
AZAROAK 18 | Literatura topaketa eta organo kontzertua, Magdalena elizan, 19:30ean. Sarrerak gonbidapenagaz
AZAROAK 19 | La Basu, Lonbo aretoan, 19:30ean. Sarrerak: 9 euro
