Sareak

☉ Arrigorriaga

Naiara Guerra: “Gurean egiten dugun moda herrira hurbildu beharko genukeela uste dut”

22 urte ditu Naiara Guerra arrigorriagarrak eta apurka-apurka modaren industrian bere bidea egiten ari da. Pasarelan zein argazkigintzan egiten du lan eta dagoeneko munduan zehar batetik bestera dabil lanean.

|

// Geuria

[Geuria #078 alean argitaratutako elkarrizketa] Duela sei urte hasi zen Naiara Guerra Rajo (Arrigorriaga, 1999) modelo lanetan. Hasieran takoiekin ibiltzeko ideiarik ere ez zuela gogoratzen du, eta hormari helduta desfilatzen zuela erortzearen beldur. Gaur egun, ordea, ia egunero erabiltzen ditu takoiak, eta inoiz baino irmoago dabil haiek jantzita. Asko esatea bada ere, Euskal Herriko modelorik ezagunenetarikoa bihurtzeko bidean dela esateko ausardia dugu. Ospe handiko diseinatzaileentzat lan egin du. Modak erabat aldatu du bere bizitza, eta jaioterritik urrun hegan egitearekin amesten du, benetan maite duen horretan buru-belarri aritzeko.

Nola sartu zinen modaren munduan?
Egia esan, moda ez zitzaidan inoiz gustatu, ezta interesatu ere, baina erosketak egitera joaten nintzen bakoitzean denda guztietan galdetzen zidaten ea modeloa nintzen. Altueragatik, akaso. Urte pare baten ondoren, probatzeko jakin-mina sortu zitzaidan. Mota guztietako jardueretan izena ematen nuen gustuko nuena aurkitzeko asmoz, eta Bilbon interpretazio eta modelaketa ikastaro batean sartu nintzen. Han hasi nintzen trebatzen, eta asko gustatu zitzaidanez, bide horretatik jarraitzea erabaki nuen. Zenbait agentzien deiak jaso nituen eta gaur egun First Models izeneko agentziarekin egiten dut lan, Donostian. Horretaz gain, hasiberria den gazteei laguntzea gustatzen zait, eta inoiz moda-diseinuan dabilen Ugaoko neskaren batekin lan egin dut.

// Geuria

Modeloa izan aurretik, ba al zenuen lanbideari buruzko aurreiritzirik?
Ez nekien ezer mundu honi buruz, ia itsu-itsuan hasi nintzen; sartu eta pixkanaka-pixkanaka ezagutu nuen. Niretzat lanbide honek hainbat gauza on ditu: asko mugitzen zara, egunero jende berria ezagutzen duzu eta egiten duzun gauza bakoitza guztiz desberdina da. Ez dut nire burua ikusten goizean goiz jaikitzen zortzi orduz gauza bera egiten egoteko. Esperientzia berriak behar ditut, ez dut errutinarik sortu nahi. Goizero altxatzen naiz egun horretan zer gertatuko den jakin-minez. 

Badu bere alde txarra ere, norekin lan egiten duzun kontuan hartuta gaizki tratatu zaitzaketelako. Azken finean maniki bat zara haientzat, eta batzuek ez dute tentu handirik, mespretxatu egiten zaituzte edo gaizki hitz egiten dizute. Gogoan dut Getxon egindako desfile batean eskailera handi batzuk jaitsi eta ibilbide luzea egin behar izan nuela. Soinekoa ez zitzaidan ondo sartzen, oso estua baitzen, eta oihal bat neraman buruan apaingarri gisa. Itotzen ari nintzen! Gainera, zapatak nire oinak baino handigoak ziren. Irten aurretik konortea galtzeko zorian nengoela esan nien, eta bere erantzuna hauxe izan zen hitzez hitz: “Izorratzen zara, horretarako zara modeloa eta!”. Pasarelara bultzatu ninduten eta arnasari eutsiz egin nuen ibilbide osoa. Era berean, gogoan dut argazkilari batzuek tonua igo nahi izan zutela modelo lanetan hasi nintzenean. Hau birritan gertatu izan zait eta salaketak jarrita daude. Ez da ohikoa, gehienek oso modu profesionalean lan egiten baitute, baina txanponaren beste alde hau ere existitzen da. Esperientzia onak txarrak baino gehiago dira, baina presio handia jasaten dugu. Berrogeialditik gizendu egin naiz eta agentziak egunero deitzen dit argaldu egin behar dudala gogorarazteko. Oraintxe bertan neurri handiko modeloa naizela diote. Nik ez diot garrantzi handirik ematen, baina anorexia edo depresioa izan duten kideak ditut. Agentzian hasi nintzenean egia da janaria botatzea bezalako ergelkeriak egin nituela. Orain, beti esaten diet: nire neurriek ez badute balio eskaintzen didaten lanerako, baztertu nazatela zuzenean. Heldutasun bat dut eta badakit zer nahi dudan.

Pandemia ardatz moduan duten hainbat proiekturen protagonista izan zara, hala nola Silent City edo Zaindu Burua kanpaina.
Silent City izan zen berrogeialdiaren ondoren egin ahal izan genuen lehen saio fotografikoa, itxialdia apur bat ireki zutenean. Leire Cavia argazkilariak editoriala egiteko beharrezko baimenak eskatu zizkion Udalari. Hunkigarria iruditu zitzaidan hiriburuko kale guztiak hutsik ikustea. Oso arraroa izan zen. Dena gelditu zen, eta nola posatu ere ahaztu zitzaigun. Gainera, hainbeste denbora takoirik erabili gabe egon ondoren, odoletan amaitu genuen bi modeloak! Kameren atzean gertatzen zena filmatu zuten, non lurrera nola erortzen ginen ikus daiteke. Gero, emaitza ikustean, ileak harrotu zitzaizkigun, eta publikoak berdin sentitu du.

Silent City kanpainako irudia // Utzitakoak

Zaindu Burua kanpainak, berriz, erantzukizunaren eta guztion artean zaintzearen aldeko deia egin zuen. Gainera, une horretan gertatzen ari ziren eraso arrazistekin bat eginez, azal zuriduna eta azal beltzarana zuten bi modelo hartzea erabaki zuten, egungo egoera agerian uzteko. Kanpainak arrakasta handia izan du, egunkari askotan atera da eta argazkia Euskal Herri osoko hainbat lokaletan ikusi ahal izan dugu. 

Proiektu hauek egiten disfrutatzen dut. Antzeztea bezalakoa da baina hitz egin gabe. Zerbait transmititzen saiatu behar naiz keinu soilekin. Hala ere, pasarela argazkigintza baino gehiago gustatzen zait, nahiz eta bietan lan egin. Egia da argazkiak lasaiagoak direla eta luzaroan irauten dutela, baina ibiltokia dena emateko nire unea bezala bizi dut. Askoz dinamikoagoa dela esango nuke.

Zaindu burua kanpainako irudia // Utzitakoa

Dagoeneko Ágatha Ruiz de la Prada, Hannibal Laguna, Alicia Rueda eta Isabel Zapardiez bezalako diseinatzaile handientzat desfilatu duzu.
Harritu egin nau industriaren barruan izena duten diseinatzaileentzat lan egitea osoa dibertigarria dela. Hain ohituak daude giro horretara, non gurekin dantzan hasten baitira… Ágatha Ruizek dantzan aterarazi gintuen! Elkartasun handiagoa dago eta lasaitasuna transmititzen dizute. Noizean behin janzten ari zaren arropak zenbat balio duen esaten dizute, baina tentuz ibil gaitezen. Normalean ibiltokian ateratzen dutena ez da saltzen. Denbora mugatuan arropak aldatzen ditugu berriro desfilatzera irteteko, eta zerbait apurtzen baldin bada, ez da ezer gertatzen. Diseinatzaile berriek, ordea, ez dute berdin jokatzen eta etengabe presionatzen zaituzte ezer hautsi ez dezazun eta garaiz irten zaitezen pasarelara, batzuetan, hain segundo gutxitan ezinezkoa dena.

Zaila da irudiaz bizitzea?
Bereizgarriren bat izan behar duzu modeloa izateko, ez du balio polita izatea bakarrik. Nik hazpegiak oso markatuta ditut eta hori da arreta gehien deitzen duena. Halaber, lanean oso saiatua izan behar zara irudiaz bizitzeko. Oporrak hartzen badituzu, akabo. Ni nire profil desberdinak ikusarazten saiatzen naiz, edertasunak estilo desberdinetan funtzionatzen duela erakusteko; bata oso iluna eta bestea oso koloretsua, esaterako. Horrela askoz lan gehiago ateratzen zait, etengabeko mugimenduan nagoelako eta markek estilo desberdinetara egokitu naitekeela ikusten dutelako. Egunero pertsona desberdinekin lan egiteko aukera dudanez, askoz ere irekiagoa naiz eta hori ere funtsezkoa izaten ari da: jarrera. Ondo moldatzen jakin behar duzu, bai jendearekin, bai kameren aurrean.

Zure jarraikortasunari esker, maila profesionalera iristen ari zarela esan dezakegu?
Zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta hobeto moldatzen naizela sentitzen dut. Ikastaroetan pixka bat trebatzen zaituzte, baina lanean hasi arte ezer gutxi dakizu mundu honetaz. Proiektu bakoitza oso modu zehatzean aztertzen dut egon daitezkeen akats guztiak aurkitzeko. Gaizki ateratzen naizen argazkiak dira gordetzen ditudanak; hau da, ondo daudenak sare sozialetarako edo nire bookerako erabiltzen ditut, baina gaizki ateratzen naizenak nire galerian gordetzen ditut, zuzentzeko eta hobetzen saiatzeko. Kontuan izan behar da, halaber, lan honek nire buruarekin bakarrik denbora luzez egotea eskatzen duela, eta, horri esker, oso independentea bihurtu naiz. Agian behartuta, baina tira, orain segurtasun handia dut neure buruarengan. Lehia handia dago eta garrantzitsuena zure burua ezagutzera ematea da. Horretarako balio baduzu, bete-betean sartu eta beste guztia alde batera utzi beharko duzu. Eskaintzen dizkizuten aukera guztiak hartu, ez baitira berriro errepikatuko.

Nola uztartzen dituzu modelo lanak ikasketekin?
Nik uste dut aukera asko galdu ditudala ikasten jarraitzeagatik. Baina beti izan behar da B plan bat, eta nirea ikasketak dira. Gaur egun, barne-diseinua ikasten ari naiz Gasteizko Unibertsitatean. Ikasketak hasi nituenean, urte oso batez hainbat herrialdetan lan egiteko aukera eskaini zidaten. Hitzartuta zeuden agentziak, aldizkariak… baina oraindik adin txikikoa nintzenez, gurasoek erabakitzen zuten, eta ezetz esan zidaten, lehenengo gauza ikasketak zirela. Uko egin behar izan nion. Hortik aurrera, aukera txikiagoak ere atera zaizkit baina ezin izan ditut hartu, lehenengo ikasketak amaitu nahi ditudalako. Aurtengoa nire azken urtea da eta Bilboko denda batean praktikak egingo ditut. Modelaketa-lan baten bidez lortu nituen: dendak ateak zabaltzen zituen eta zinta mozteko kontratatu ninduten. Denbora luzez haiekin hitz egin ondoren, praktikak bertan egiteko aukera proposatu zidaten.

Zertan aldatu dute zure lana sare sozialek?
Duela urte batzuk sare sozialetan lan egiten nuen eta argitalpen bakoitzeko dirua irabazten nuen. Azkenean uztea erabaki nuen, nire bizitza sozialetik erabat aldentzen baininduen. Gainera, jendeak hiru segundotan kontsumitzen ditu argazkiak, ez ditu baloratzen, eta denbora asko kentzen dizun bi asteko lana “atsegin dut” gutxi batzuen truke joaten da. Orain book gisa erabiltzen dut, lan ezberdinak lortzen baititut Instagram bidez, eta, beraz, noizean behin erabiltzen dut. 

Instagramen kontu bat izatea modelo gisa lan egiteko funtsezkoa dela esango nuke. Lehen webguneak erabiltzen ziren, baina gaur egun gehien begiratzen dena sare sozialak dira. Izan ere, nazioarteko agentzia batzuek gutxieneko jarraitzaile kopuru bat izatea eskatzen dute. Ni ez nago batere ados ideia horrekin. Zer axola du “atsegin dut” edo jarraitzaile asko izatea egin beharreko lana aurrera eramaten baduzu? Bestalde, sare sozialek modeloei nortasuna emateko balio dutela uste dut. Nire kasua ez den arren, modelo askok beren jarraitzaileei hitz egiten diete, beren eguneroko bizitza erakusten diete eta, ondorioz, diren bezala agertzeko aukera dute. Horri esker, gainera, beste lan batzuk ateratzen zaizkie, esaterako, kamera baten aurrean hitz egiteko eduki dezaketen naturaltasunagatik. Adibidez, telesail eta film askotarako profilak hautatzen dituzte sare sozialetan erakutsitako irudia kontuan hartuta. Niri behin baino gehiagotan eskaini didate markek kamera aurrean hitz egitea, baita Euskal Herriko pelikula batean parte hartzea ere. Era berean, sare sozialek hainbat gorputz eta edertasun mota ikusarazten laguntzen dute.

Azkenaldia body-positive deitutako mugimendua goraka doala dirudi.
Bazen garaia! Gorputz guztiak onartu behar dira. Gainera, arropa erosterakoan antzekotasunak sortzen ditugu erakusten dizkiguten gorputzekin, guri nola geratuko litzaigukeen ikusteko. Niri, adibidez, ez zait berdin geratuko modelo curvy bati primeran geratzen zaion zerbait, eta alderantziz. Hala ere, uste dut modelo mota desberdinen falta kritikatzetik, ezarrita zegoen edertasun-kanona kritikatzera igaro dela. Hau da, orain kanpaina gehienetan mota guztietako gorputzak ikus ditzakegu, neska altu eta argalenak izan ezik. Neska horiek beren gorputzak 100%ean landu dituzte modelaketan aritzeko; elikadura zehatza jarraitu dute, gimnasioan orduk eman dituzte, bizimodu bera egiteari utzi diote… Eta orain bizkarra ematen ari zaie. Baztertu egin dituzte erabat. Nire ustez, zentsura hori ere ez da bidezkoa. Edo dena, edo ezer ez.  Gainera, body-positive fenomenoa oso ondo ikusia dago publizitate kanpainetan edo sare sozialetan, baina agentzien paradigma aldaketa ez da batere erreala, normalean desfileetarako prototipo bera bilatzen jarraitzen baitute. Lehen esan bezala, niri argaltzeko presioa egiten jarraitzen didate. Oraindik urrats asko eman behar dira aniztasuna alderdi guztietan onartzeko. Sare sozialek edertasunaren idealak aldatzeko duten ahalmenean ere sinesten dut.

// Geuria

Nola hobetu daiteke Euskal Herrian egindako modaren ikusgarritasuna?
Nik uste dut gurean ateak irekiago ditugula kanpoan lan egiteko, baina egia da Euskal Herrian egindako moda etxean geratzen dela. Nahiko lokala da. Uste dut estiloa publiko zabalago batengana iristeko irekitzen ez bada, ez dela urrutira helduko. Sinpleak gara, ez gara arriskatzen, eta agian horregatik oharkabean pasatzen gara. Gainera, moda ez da gure gizarteko ardatz nagusia, ezta gutxiago ere. Industria bultzatzeko, desfile edo ekitaldi gehiago antolatu eta jendeari hurbiltzen saiatu beharko ginateke. Ezjakintasun handia dago mundu honen inguruan. Nik egiten ditudan lanak pribatuak dira normalean, sarrera ordaindu edo gonbidapena behar izaten da. Jendearentzat irekiak ez direnez, oso jende gutxi etortzen da. Eta publikoa mugatzearekin batera, ikusgarritasuna ere mugatzen da. Pena handia ematen dit hemen zerbait egin eta atzerritarrak bakarrik gonbidatzea, adibidez, herritarrak gonbidatu beharrean. Modeloei dagokienez, potentzial handia dagoela uste dut, baina agentzia handiak kanpoan daudenez, gehienek alde egiteko joera dute. Izan ere, hemengo agentziek kanpora mugiarazten zaituzte, hemen ez dutelako ez lan-karga bera.

Etorkizunari begira, non ikusten duzu zure burua?
Oraintxe bertan unibertsitatea bukatu eta posible da nire herritik kanpo joatea. Iraganean eskaini zizkidaten aukerak joan zirenez, badakit orain nire kontu asko mugitu beharko naizela berriro, eta gehiago ahalegindu beharko naizela lanak lortzeko. Baina iraun dezala iraun behar duenak! Agentzian hasi ginenean egin ziguten lehen galdera hauxe izan zen: “Nora iritsi nahi duzu?” Eta gehienek antzera erantzun zuten: Vogue aldizkarian irten, pasarela handienetan desfilatu… Nik, ordea, esperientzia bizi nahi nuela esan nuen. Eta hori da oraindik nire helburua. Baita aurrera egitea ere, noski. Agentziek nigan interesa izaten jarraitzen dute, eta, beraz, pilak jarri behar ditut, adibidez, kirolari eta osasunari dagokienez. Modelo gisa egiten dudan lana ekitaldien antolaketarekin eta ikasketekin uztartzen saiatuko naiz, lan egonkorragoa lortzeko. Atzerrian egonda, partikularrentzako barne-diseinuko lanak egiten hastea espero dut, lan puntualak eginez eta denborarekin negozio bat sortuz. Hainbeste gustatzen zait modaren mundua, non ahalik eta gehien luzatzea espero dudan.

Eta aurten, zein desfile, kanpaina eta moda-ekitalditan ikusi ahal izango zaitugu?
Uda hasieran egin nuen kanpaina baten zain nago orain, nazioarteko krema marka batekin, eta kartela produktua saltzen den denda guztietan aterako da. Datorren hilean ere Gipuzkoa Modan eta Nafarroako Fashion Week desfileetan izango naiz. Kanpaina askotan parte hartzen ari naiz, baina ateratzen zaizkigun lan gehienetan di-dakoak dira: lana atera eta egin. Beraz, proposatzen dizkidaten proiektu guztietan egotea espero dut.

☉ Arrigorriaga

‘Izarrak eta Haitzak’ da Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ arrigorriagarraren azken liburua

Arrigorriagarrak GEURIAri azaldu dio mendi literatura klasikotik urrundu dela eta 20 kirolari ospetsuen errelatuak “nobelatuz” hurbildu dela bere irakurleengana

|

Txapel, Basauriko Elkar liburudendan // Geuria

Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ arrigorriagarrak mendi kirolaren inguruko Izarrak eta Haitzak izeneko liburua kaleratu du, mendi literatura klasikotik urrunduz eta 20 kirolari ospetsuen errelatuak “nobelatuz” eta irakurleei hurbilduz: “Ia bi urte dira proiektu hau martxan jarri nuenetik, eta azkenean argia ikusi du, argia”, izan dira idazlearen berbak eta mendiko kirolari entzutetsuen ateak jo ditu azken bi urteetan beren esperientziak gertutik ezagutzeko. Liburu honen salmentaren bitartez lortutako irabaziak SOS Himalaya Fundazioari emango dizkio idazleak.

Txapelek Edurne Pasaban, Juanjo San Sebastian, Pou anaiak, Alex Txikon, Oihana Azkorbebeitia, Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Ekaitz Maiz, Imanol Amundarain, Irati Anda, Iker Arroitajauregi eta Iñigo Basterraren testigantzak jaso ditu SUA Edizioak kaleratutako liburu honetan, Juanra Madariagaren hitzaurrearekin eta Ioritz Gonzalez Lertxundiren itxierarekin.

“Liburuan agertzen diren izarren kontaketak ez daude kirolarien lorpen indibidualetan oinarrituta, horregatik urrundu naiz mendi literatura klasikotik”

“Liburuan agertzen diren izarren kontaketak ez daude kirolarien lorpen indibidualetan oinarrituta”, azaldu dio Txapelek GEURIAri. “Horretarako dago mendi literatura klasikoa eta kronika ugari idatzi dira mendi lorpenen inguruan”, gehitu du.

Txapel // Asier Arteaga

“Edurne Pasaban eta Alex Txikon bezalako kirolarien kontakizunak jaso ditut baina ez dut beren 8.000en inguruan berba egin; ibilbidean zehar bizitako pasadizo baten kontaketa egin dut: istorio bitxiak, beldurgarriak, barregarriak… jaso ditut”. Horretarako, prozesu luze honetan, kirolari horien esperientziak “nobelatu” dituela dio Txapelek, “hitza ondo esanda ez badago ere”. Idazlea kirolariekin bildu da eta euren bizitzaren zein egoera jakin batzuen inguruko oharrak hartu ditu, kontakizun horiek irakurleei hurbiltzeko.

“Gazte literaturatik nator eta aurreko esperientzia literarioetatik jasotako iradokizunak erabili ditut mendiko literatura honetan eta kapitulu bakoitzak eleberri baten itxura du”

“Mendi literatura gazteei hurbiltzeko esperimentua Etxebarriko eskolan bertan egin nuen behin: Alberto Iñurrategi nor zen bazekiten galdetu nien eta % 98ak ez zuen ezagutzen. Baina ni gazte literaturatik nator eta aurreko esperientzia literarioetatik jasotako iradokizunak erabili ditut mendiko literatura honetan eta kapitulu bakoitzak baditu bere bitxikeriak”.

Liburua idatzi ahala, kirolariekin berba egin izan du idazleak, protagonisten feedbacka jasotzeko: “Harrera ona izan du idatzitakoak eta egia da ere testuak modu batean edo bestean berridatzi behar izan ditudala, kirolarien gomendioak jarraituz. Azken batean, elementu fantastikoak eta testuinguruak proposatu ditut, irakurketa epela lortzeko. Azken batean hau ez da kronika bat, literatura baizik”.

Txapel // Asier Arteaga

Aurkezpenak apirila eta maiatzean

Momentura arte data bi ditu begibistan Aretxabaletak: datorren apirilaren 26an liburuaren aurkezpena egingo du Birakultura elkartean, Bilboko Alde Zaharrean: “Gonbidatu bereziak izango ditugu egun horretan, eta eurena izango da hitza”.

Bestalde, datorren maiatzaren 25ean Urretxun egongo da, Xabi Ormazabal Egunean, liburuari eta mendi literaturari hitz egiteko prest. Egun horretan liburuko hainbat protagonista gerturatuko dira eta “egun berezia” izango dela aurreratu du Txapelek.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Javi Chueca arrigorriagarraren ‘Monotonia’ laburmetraiak Balmaexpress lehiaketa irabazi du

Laburmetraiak hiru sari jaso ditu guztira: aktore onenarena (Javi Chueca), aktoresa onenarena (Amaia Arkotxa) eta laburmetrai onenarena

|

Javi Chueca, 'Los Cuatro Cortos' lantaldearekin // Javi Chueca

Javi Chueca Corro Arrigorriagarrak aktore onenaren saria jaso du parte hartu duen azken laburmetraiarekin joan den apirilaren 21, 22 eta 23an antolatutako Balmaexpress jaialdiko bigarren edizioan. Monotoniak, berez, hiru sari jaso ditu guztira: aktore onenarena (Javi Chueca), aktoresa onenarena (Amaia Arkotxa) eta laburmetrai onenarena.

Balmasedako lehiaketa honen berezitasun aipagarriena, izenak adierazten duen bezala, arintasuna da. Parte-hartzaileek 42 ordu dituzte guztira ideia bat landu eta kameren aurrean filmatu ostean editatu eta aurkezteko.

Aurtengo gaia ‘Athleticarekiko pasioa’ izan da eta lehiaketan parte hartzeko baldintzetako bat Balmaseda irudietan agertu behar zela. Chuecak gai honi buelta bat eman nahi zion eta bikotekideen arteko harremanetara eraman zuen bere lau minutuko proposamena, “istorio ezberdin bat kontatzeko”.

Irudietan, Sevillako finaletik bueltan datorren Athleticeko bikote bat ikus daiteke, eta Balmasedako zubi batera heltzen direnean beren harremanaren inguruan berba egiten hasten dira. “Itzulera horretan zerbait gertatu egiten zaie”, dio Arrigorriagakoak.

Irabazaleak, sariekin // Javi Chueca

Talde lana, gakoa

Historia Chuecak berak idatzi zuen apirilaren 21ean, eta horrez gainera zuzendari eta aktore lanak egin ditu Balmasedan. Hala ere ez da bakarrik egon; aurreko proiektuetan lan egindako Los Cuatro Cortos izeneko lantaldearekin filmatu eta editatu ahal izan du dena: Amaia Arkotxa (aktorea), Chesikaas Román (irudia) eta Luis Baranda (soinua).

“Larunbatean grabaketa-saioak egin genituen 14:00ak arte eta hortik aurrera, 02:45ak arte edizio lanen txanda izan zen”

“Filmaren istorioa bururatu eta 20 minututan idatzita neukan ostiralean bertan”, azaldu du Chuecak eta egun berean entseguak eta lokalizazioen topaketak egin zituzten. “Hurrengo egunean grabaketa-saioak egin genituen 14:00ak arte eta hortik aurrera, 02:45ak arte edizio lanen txanda izan zen”.

Bigarren edizio honetan 25 talde aurkeztu dira guztira aurten. Lehen saria 1.000 eurokoa izan da eta aktore arrigorriagarrak GEURIAri azaldu moduan etorkizuneko proiektuetara bideratuko ditu.

Hurrengo helmuga: Gasteiz

2024a albiste onez betetako urtea izango da Javirentzat. Izan ere, duela gutxi, bera eta bere lantaldearen Amor y Vino izeneko laburmetraia Gasteizko Icoff III. Film Laburren Nazioarteko Jaialdian parte hartzeko hautatu dute, maiatzaren 6tik 11ra: “Albiste zoragarria da guretzat ICOFF Gasteiz jaialdian parte hartzeko aukera hau izatea eta benetan eskertuta gaude, bertan aurkeztu diren 1.000 lanen artean 15 aukeratu dituztelako eta gu horien artean gaudelako”, azaldu dio GEURIAri.

Amor y Vino Valladolideko upategi batean filmatu zuten beste jaialdi baterako eta Gasteizen aurkeztu zuten ere: “Badirudi harrera ona izan duela azken lan honek eta espero dugu zorte ona izatea!”.

Bestalde, abuztuan, El Poder del Silencio filma proiektatuko dute. Bertan, Chuecak aktore lanak egin zituen eta xehetasun guztiak azaldu zituen GEURIAn.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

#A21 / Emaitzak / Arrigorriaga / EAJk sendo eutsi dio EH Bilduren igoerari

#A21 / Arrigorriaga / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

“Gure Zirkua” Hego Uribera etorriko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

Euskal Herriko lehen zirku ibiltaria Hego Uribera helduko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

|

2017an sortu zuen Iker Galarza aktoreak Gure Zirkua / Gure zirkua

“Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietako herritarrekin”.

Hori da Iker Galarzak sortu duen Gure Zirkuaren definizioa eta helburua. Apustu arrakastatsua izan da Euskal Herriko lehen zirku ibiltariarena, eta udaberriarekin batera euren zazpigarren birari ekin diote. Urte hasieran “Gure zirkua heldu da” dokumentala estreinatu zuten Eitb-ren Nahieran plataforman.

Lehen aldiz euren karpa Hego Uriben altxatuko dute, Arrigorriagan. Maiatzaren azken egunean helduko dira kiroldegiko PP2ra, eta honako hauek dira guztira egingo dituzten 8 saioen egunak eta ordutegiak:

Maiatzak 31 19:00

Ekainak  1 16:30 eta 19:00

Ekainak 2 12:00 eta 17:00

Ekainak  7 19:00

Ekainak 8 16:30 eta 19:00

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Osasun eta Higiene auzoaren berrurbanizazioari ekiteko aurrerapausoa eman dute Arrigorriagan

Aste honetan egin duten bileran proiektua garatu ahal izateko txostena aurkeztu die Udalak auzotarrei, aztertu dezaten

|

Saneamenduarekin eta hornidura sarearekin lotutako hainbat behar pilatu ditu urteetan zehar auzoak / Geuria

Arrigorriagako Osasun eta Higiene auzoa herriko txikienetakoa da, eta dituen berezitasunengatik saneamenduarekin eta hornidura sarearekin lotutako hainbat behar pilatu ditu urteetan zehar. Gauzak horrela, udal gobernua lanean hasi zen 2019an auzotarrekin batera.

Ordutik hona, hainbat pauso eman dituzte: alde batetik, Ur Partzuergoarekin lotutakoak, saneamendua eta hornidura dela eta. Bestetik, obra zibila aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen Arrigorriagako Udalak. Horretarako, beharrezkoa zen  auzotarrak komunitate gisa eratzea, bidean agertu eta agertuko diren hainbat oztopori aurre egiteko.

Aste honetan egin duten bileran proiektua garatu ahal izateko txostena aurkeztu die udalak auzotarrei, aztertu dezaten. Behin hori zehaztuta, eta udaleko arduradunek azaldu dutenaren arabera “bi aldeen adostasunarekin, udalak beharrezko mekanismoak jarriko lituzke martxan Osasun eta Higiene auzoaren berrurbanizazioari ekiteko”.

Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, proiektuaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: Osasun eta Higiene ardura eta heldutasun politikoaren eredu izaten ari da. Gobernutik merezi duen inbertsioa egingo dugu
auzo honetan, eta auzokideek jarrera aktiboa eta kolaboratiboa erakutsi dute, eta hori eskertzekoa da”.

Osorik irakurri