→Arrigorriaga

Olga Ibarrondo: “Pelikula baten antzera: bakarrik bizi nintzen eta lagun berriak egiten”

Ikus-entzunezko komunikazioa bi urtez ikasi ondoren, Erasmusa egin berri du Olga Ibarrondo arrigorriagarrak Tilburg hirian, Herbehereetan. Bartzelonatik Tilburgera: Hego Uribeko gazteek munduan barrena dituzten esperientzien eta jasotako ikaskuntzen elkarrizketa sortaren bigarrena da hau.

Honako honetan GEURIAko ‘Banoa’ elkarrizketa sortan Kataluniatik Holandara egin dugu salto Olga Ibarrondoren (Arrigorriaga, 2001) eskutik. Duela sei hilabete, Tilburgen (Herbehereak) lurreratu zen hogeita bat urteko gaztea, Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko komunikazioa bi urtez ikasi ondoren. Duela gutxi itzuli da gure artera eta berarekin batera ikasturte erdian zehar bildutako bizipenak ekarri ditu. Olgak maleta ireki digu jertsei eta bakeroen artean ezkutatutako oroitzapenei begirada bat eman diezaiogun. Pelikula batean bizi izan omen da Holandan igaro dituen hilabeteetan zehar eta bere bizikletan igotzeko aukera eman digu, Tilburgeko kaleetan barrena. 

Erasmusak eskaintzen dituen aukera guztien artean zerk bultzatu zintuen Holandara joateko erabakia hartzera?
Erabakia hartzerako orduan bizitza esperientziari berari erreparatu nahi izan nion. Ikasketek ere garrantzia izan zuten, EHUn orain arte ez genituen grabazio-proiektu asko egiten eta gradu bera beste herrialde batzuetan nola bideratu eta planteatzen zuten ezagutzeko jakinmina neukan. Holandan Fontys Unibertsitatean egon naiz, bertan ez naiz Ikus-entzunezko komunikazioan matrikulatuta egon izatez, Transmedia Design graduan nengoen. Horrela, transmedia proiektuak burutzen erakutsi digute, istorio ezberdinak plataforma ugaritan mahaigaineratzen ikasiz. Ikasketez gain, bertan lan egin nahi nuen, erridikulua egitekotan etxetik urrun nengoela baliatuz. 

Ikuspuntu berri bat eskaini dezake unibertsitatez aldatzeaz gain, beste gradu bat egiteak.
Hori da, EHUn egiten ari naizenetik apur bat urruntzeak bere abantailak ditu. Etorkizunerako aukera paregabea izan daiteke, era transbertsalean arlo ezberdinak harremanatzeak emaitza oso interesgarriak izan ditzake nire formaziorako. Azkenean Fontysen ez nuen grabazio-proiektu askorik burutu, baina erreminta berriak barneratu nituen, etorkizuneko lanetan baliagarriak izango direnak. 

Aurretik aipatu duzu Tilburgera lekualdatzeko arrazoia ez zela ikasketetan oinarritzen. Beraz, zeintzuk izan ziren gainerako motibazioak?
Holanda nire lehen aukera izan zen hasieratik, argi nuen Erasmusa egitekotan bertara joan nahi nuela. Institutuko hirugarren mailan ikasketa-bidaia Amsterdamera egin genuen eta giroaz eta hiriaz maitemindu nintzen. Une horretatik Erasmusa bertan egingo nuela erabaki nuen. Gainera, herrialde horietako hezkuntza-sistemak ospe handia dauka eta ideia horrek erabakia hartzeko azken bultzada eman zidan. 

Olga Ibarrondo // Utzitakoa

Europa erdialde eta iparraldeko hezkuntza-sistemak idealizatu egiten dira askotan. Nolakoa izan da zure esperientzia?
Kasu honetan ezberdintasunak ugariak dira, bereziki ebaluatzeko moduari erreparatuz gero. Ebaluazioa ez zen azterketen bidez egiten, hiru proiektutan oinarritzen zen, banakako bat, bikoteka egiteko bat eta talde-lan bat. Bost ikasgai eduki beharrean, gai zehatzen inguruko klaseak genituen eta guk erabaki genezakeen gai horiek gure proiektuak burutzeko interesgarriak ziren ala ez. Gainera, pandemiaren egoeraren aurrean, irakasleek egunero galdetzen ziguten nola geunden, ikasleon osasun-mentalaz arduratzen ziren eta sistemak kontuan zeukan elementu bat zen. Une berezi honi aurre egiteko askoz hobeto moldatuta zegoen sistema. 

Bizitza osoa Arrigorriagan igaro ondoren, hegazkinean igo eta Tilburgera bizitzera joatea erabaki zaila izan behar da. Maleta egin eta zure etxea osatzen duen guztitik urrutiratzea, zure burua herrialde ezezagun batean aurkituz.
Lehenik eta behin, Erasmusa egingo nuela erabaki aurretik, taula bat egin behar izan nuen ordaindu nezakeen jakiteko, azken finean oso garestia baita. Azkenean izena eman nuen, baina hala ere, ez nintzen kontziente hilabete batzuk barru Holandan biziko nintzela, zeozer gaizki aterako zela uste nuen eta azken unean ezin izango nintzela joan. Abuztua heldu zen ia konturatu gabe eta abiatu aurreko egunetan nire ama egon zen ni baino urduriago. Unibertsitateko lehen mailan klasean nirekin zegoen neska bati ere plaza eman zioten eta hasieran elkar asko ezagutzen ez genuen arren, nolabaiteko segurtasuna ematen zidan berarekin jaoteak. Ni gauza praktikoetan zentratzen saiatzen nintzen, maleta ondo egin, zer arropa sartu behar nuen pentsatu, bidaia antolatu…

Bidaiaren eguna iritsi da. Nola bizi izan zenuen joanaldia bera? Tilburgera zuzenean iritsi zineten?
Egun hori oso berezia izan zen, etengabeko ustekabez betea. Tilburgera joan aurreko egunean eman nuen txertoa eta hegaldia izugarrizko buruko minarekin egin nuen. Hegazkinean aurrean bi neska eseri zitzaizkigun, ostean nire lagunak bihurtuko zirenak. Holandarako sarrera oso polita izan zen, egun osoan zehar, tren batetik bestera salto egiten genuela, jendeak etengabe laguntza eskaintzen zigun eta egunaren adrenalinak azkenean buruko mina ere kendu zidan. Azkenean nire pisura iritsi nintzen, hiriaren mendebaldeko auzo batera. Pisuko  nire logela oso txikia zen arren, balkoia zeukan eta une horretan ez nion ezeri alde txarrik ikusten. Auzoa ez zen lekurik politena, baina txoko hori nire etxe bihurtu nuen.

Txikitatik gurasoekin bizitzen egon ostean, independentzia berri hori nola bizi izan zenuen?
Bakarrik bizitzerako orduan etxetik atera eta giltzak ahazteak beldurra ematen zidan, zentzu horretan oso despistatua baitnaiz eta askotan atarian geratu behar izaten naiz familiako norbait etxera heldu arte. Tilburgen baina, ez zitzaidan hori gertatzen, lau pisukide nituelako atea irekitzeko prest zeudenak, japoniar bat, suediar bat, lituaniar bat eta eskoziar bat. Ez nituen aurretik ezagutzen, baina zorte handia izan nuen, elkarbizitza oso ona izan zen eta beti eramango ditut nire bihotzean.

Diruari dagokionean, pisua merkea izan arren, herrialde garestia omen da Holanda.
Bai, nahiko garestia da orokorrean. Nik supermerkatu merke bat aurkitu nuen eta bertan egiten nuen asteko erosketa. Oso gustura ibili naiz sukaldatzen, baina errezeta merkeak egiten saiatzen nintzen eta plater handi bat jaten nuen, baina bakarra. Gehienetan janari osasuntsua egiten saiatzen nintzen, baina Erasmusaren bizimoduak, denbora asko kalean igarotzen genuenez, kanpoan jatera bultzatzen zaitu. Hirian eskuragai genituen jatetxe bakarrak janari lasterreko lekuak ziren, baina hala ere, ura oso garestia zen leku guztietan. Bilbora itzultzean harrituta geratu nintzen prezioen desberdintasunarekin.

Egunak joan ahala, ezezaguna de kultura batera ohitu behar izan zinen, aurreiritziak alde batera utzita, talka kulturalen bat bizi izan zenuen?
Holandaren inguruan joan aurretik nuen ideia bizikleten ugaritasun eta erabileraren ingurukoa zen eta era argian barneratu dudan ohituretako bat da, supermerkatura jaisteko ere hartzen nuen bizikleta. Hiriaren barnean leku guztiak bizikletan hogei minutura zeuden eta etengabe erabiltzen genuen garraio-modu bezala. Beste alde batetik, unibertsitateko exigentzia maila askoz altuagoa izango zela uste nuen eta gainerako ikasleekin alderatuz, klaseak jarraitzea zaila irudituko zitzaidala. Azkenean guztiz kontrakoa gertatu zitzaidan, gainerako ikasleak ez ziren nik uste bezain langileak, baina haien burua era paregabean saltzeko gaitasuna zeukatela onartu behar dut. 

Ezaguna egiten zitzaidan arren, jateko ordutegiek asko harritu ninduten, oso goiz eta gutxi bazkaltzen zuten eta ostean afaria arratsaldeko sei edo zazpietara aurreratzen zuten. Buddy sistemaren barruan, unibertsitatean Erasmus ikasleen orientazio eta integraziorako sistema bat, egin nuen lagun batek bere etxera afaltzera gonbidatzen ninduenean, bi aldiz bazkalduko banu bezala sentitzen nintzen. 

Erasmusa zurekin egiten zuten lagunez gain eta buddyaz gain, bertakoekin harremanik egitea lortu zenuen edo kulturaren langak mugatzen zintuen?
Egia da nirekin ibili diren ikasle gehienak Euskal Herrikoak zirela, izan ere, nire helburuen artean bidaiatzea zegoen eta bertakoentzat urte hori beste urte arrunt bat baino ez zen. Erasmusa egiten genuenok helburu antzekoak partekatzen genituen eta egoera berean geundenez, talde bat sortu genuen, sei euskaldunez eta bi katalanez osatua, bidaiak batera egiteko. Klase asko online ziren eta honek ere bidaiatzea errazten zuen. Azken finean bizipenen izaerari dagokienean, gauza gehiago genituen komunean gurekin batera etorritakoekin. Hala ere, unibertsitatean bertako lagunak egiteko aukera izan genuen, gurekin bidaiatzen ez zuten arren, harreman estuak eraiki genituen beraiekin .

Hizkuntzaren arloan, nola moldatu zinen ingelesarekin?
Gehienetan ingelesez hitz egiten genuen, nederlandarrek ingeles maila oso altua dute, ia natiboak balira bezala. Bertakoentzat ez da ahalegin bat ingelesez aritzea eta orokorrean guztia dago bi hizkuntzetan. Hizkuntzaren muga arlo teknikoetan soilik nabaritu izan dut. Nire buruan eta bertara joan aurretik, ingelesez oso ondo moldatzen nintzela uste nuen, baina gero pertsona batekin elkarrizketa bat izaterako orduan, bereziki gai sakonei buruz hitz egitean, zailagoa egiten zitzaidan. Dena den, hizkuntza ez da oztopo bat izan niretzat eta arlo praktikoan asko hobetzeko aukera eman dit. Hizkuntza, nire ustez, Euskal Herriko jendearekin batzeko beste arrazoietako bat izan da, egunerokoan ingelesez egiteko ahalegina egin ostean, lasaitu bat hartzeko aukera eskaintzen baitzigun, erlaxatzeko eta era naturalean hitz egin ahal izateko. 

Sei hilabete izan arren, zure ingurua faltan botatzea oso ulergarria da. Zer egin zenuen etxeminari aurre egin ahal izateko?
Zure etxea faltan ez botatzea ezinezkoa da eta zentzu horretan beldur handia nuen hasieran, oso pertsona etxetiarra naizelako eta egoera berri horretara ohitzea asko kostatuko zitzaidala uste nuelako. Lagunek ere esaten zidaten negar egingo nuela eta oso barneratuta nuen gaizki pasatuko nuela, behintzat hasierako egunetan. Hara heldu nintzenean, ordea, gauzak aldatu egin ziren, nire buruan argi zegoen oso esperientzia laburra izango zela eta ezin nuela gaizki egoten denbora galdu. Iraungitze-data zuen bizipena zen eta horregatik momentu guztiak ehuneko ehunean aprobetxatu behar nituen. Hala ere, familiarekin eta lagunekin kontaktu itxia izaten jarraitzen nuen eta ez nuen etxea faltan botatzeko aukerarik izan. Pelikula batean bezala bizi nintzen, betidanik nahi izan nuena egiten, bakarrik bizitzen eta lagun berriak egiten. Nolabait, nire ametsa bete nuen eta lagun horiekin partekatu nuen amets hori, bizitza osoan zehar ezagutu izan banitu bezala. 

Hasieran lan egin nahi zenuela aipatu duzu. Lan-egoerari dagokionean ezberdintasunen bat nabaritu duzu?
Bai, logistika enpresa batean lan egitea lortu nuen, webgune baten bidez. Aurreko udan, Arrigorriagan nengoela lana aurkitzen saiatu nintzen, baina gazteontzat aukera bakarrak janari lasterreko jatetxeak, arropa-dendak eta supermerkatuak ziren. Gainera, lotsa ematen zidan hemen lan egiten hasteak eta aukera honetaz baliatzea erabaki nuen inoiz berriro ikusiko ez nuen jendearen aurrean akatsak egiten ikasteko. Benetako lan eta nagusi bat izan nahi nituen eta Holandak horretarako aukera paregabeak eskaintzen ditu. Lanari dagokionean oso kultura ezberdina daukate. Ikaslea izanda zure ordutegia aukeratzeko aukera daukazu, unibertsitateko ordutegietara moldatzen dena. Nire kasuan astean hiru egunetan zehar egiten nuen lan, bost orduz. Hemen hori egitea ezinezkoa da, ez dago ia ikasleen ordutegiekin bat etortzen den lanik eta gainera dauden aukerek oso soldata eskasak dituzte. 

Horrela konturatu nintzen han askoz hobeto antolatuta daukatela eta ikasleek lan-mundua zer den aurretik ezagutzeko ahalegina egiten dutela. Bertan egindako lagunek 15 urte zituztenetik egiten zuten lan, astean ordu gutxi batzuetan zehar eta horrek lanari eta diruaren balio eta kudeaketaren inguruko ezagupen sakonagoa izaten laguntzen zien.  

Esperientzia honen eraginaren inguruan hausnarketa sakona egin genezake. Zein zentzutan uste duzu izan duela influentzia? Eta zergatik gomendatuko zenioke beste ikasle bati Holandara joatea?
Asko pentsatu dut gai honen inguruan. Duela gutxi heldu nintzen berriro etxera eta epe luzean izango duen eragina ez dut oraindik ezagutzen, baina aurretik nire buruaren inguruan ez nekizkien ezaugarri batzuetaz jabetu naiz. Orain badakit bakarrik bizitzeko gai naizela, nire burua mantendu dezakedala eta ni bakarrik guztia egiteko gai naizela, ikasi, lan egin eta bidaiatzen dudan bitartean. Hortaz gain, denbora soberan dagoela konturatu naiz. Joan aurretik etxean geratzen nintzen beti eta ez nuen plan askorik egiten. Tilburgen konturatu naiz beste modu batean bizi daitekeela eta egun bakar batean mila gauza egin daitezkeela eta nire gorputza eta burua erritmo horri aurre egiteko gai direla eta gogoko dudala. 

Esperientzia hau edonori gomendatuko nioke, bizitzea eta zure burua erronkei aurre egitera behartzea oso garrantzitsua baita. Zuk zeuk independente izateko gaitasuna duzula frogatu eta aldi berean bizitza zer den ikasi, egin beharreko guztia zure gain hartuz. Baina guztia ez dira erantzukizunak eta nik bereziki gomendatzen du Erasmusa egitea pelikula batean igaro baititut sei hilabeteak. Uste duguna baino eguzkitsuagoa den herrialde bat da, bizikletaren ohitura hori duena eta herrialde barnean bidaiatzea errazten duen tren merkeak dituena. Betirako eramango dut une bat buruan grabatua: udazkenaren laranjaz margotutako inguruan murgildurik nindoan hiritik bizikletan, hostoak gainean erortzen zitzaizkidala.  

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak