→Arrigorriaga

Hitzaldi bi antolatu dituzte Arrigorriagan aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldietan

Malmasingo Lagunak elkarteak, Arrigorriaga Harrera Herria eta Arrigorriagako Udalak hitzaldi bi antolatu dituzte aurten Arrigorriagan, Ondarearen Europako Jardunaldien markoan, urrian zehar

Ondarearen Europako Jardunaldiak, Etxebarrin, 2020an // Geuria

Malmasingo Lagunak elkarteak, Arrigorriaga Harrera Herria eta Arrigorriagako Udalak hitzaldi bi antolatu dituzte aurten Arrigorriagan, Ondarearen Europako Jardunaldien markoan, urrian zehar. Lehena gure memoria migrantearen ingurukoa dugu, eta bigarrenak emakume bizkaitarrek Erdi Aroan zuten bizimoduaren ingurukoa.

Urriaren 7an, 19:00etatik 20:30ak arte Gure Memoria Migrantea Eraikitzen: Iragana eta Oraina berbaldia eskainiko dute udaletxeko Euskaldunberria aretoan: “Gure herrira, etorkizun desberdin baten bila etorri ziren pertsonen istorioak ezagutzeko jarduera proposatzen dugu. Urruneko jatorria duten pertsonekin esperientziak partekatu ahal izatea da helburua. Horrela, beste orainaldi bat eraikiko dugu, pertsona guztiak kontuan hartzen duen orainaldia, etorkizun komuneko pertsonen iraganeko eta orainaldiko ezagutzak partekatuz”. Zer gertatu zen 1900 eta 1970 urteen artean Arrigorriagako populazioa boskoitzeko? Nondik etorri eta non kokatu ziren beren seme-alabekin biztanleriaren ¾ izatera heldu zirenak? Zein ondorio ekarri zuen migrazio hark? Zertan da migrazioen egungo egoera gurean? Erantzuten saiatuko gara orduko eta egungo migratzaile banarekin. Antolatzaileak Malmasingo Lagunak elkartea, Arrigorriaga Harrera Herria eta Arrigorriagako Udala dira.

Ondarearen Europako Jardunaldietako ibilbide bat, 2020an / Geuria

Urriaren 28an, bestalde, emakume bizkaitarrek Erdi Aroan bizitako ‘Emakumeak Barne: Emakumeak Erdi Aroan Bizkaian’ izeneko berbaldia antolatu du Malmasingo Lagunak elkarteak eta Arrigorriagako Udalak 19:00etatik 20:30ak arte, Lonbo aretoan. “Emakumeengana eta historian zehar izan duten presentziara gerturatuko gara, zehazki Erdi Aroan Bizkaian izan zuten papera eta bizimodua aztertzera. Horrela, diskurtso inklusiboagoa sortu nahi dugu. Era berean, historikoki esanguratsua izan den talde gisa, hau da jasotzen dugun diskurtsoaren subjektu historiko gisa, emakumeen presentzia erakustarazi nahi dugu. Horrela, berdintasun historia baterantz aurrera egin dezagun. Janire Castrillo, historialari eta EHUko doktore arrigorriagarrak garai hartako emakumeen bizimoduari buruzko hainbat aspektu jorratuko ditu: familia ingurunea, 25 urte arteko adingabetasuna, hitzartutako ezkontzak, lan-bizitza, merkataritza-jardueran parte hartzea, soziabilizazio-espazioak…

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak