→Arrigorriaga

Arrigorriagako EAJ, NOA eta PSE alderdiek udal kiroldegia berritzea eskatu dute

Kubo auzoko tunela // Geuria

Joan den apirilaren 4an prentsaurrekoa eskaini zuten Arrigorriagako EAJ, NOA eta PSE alderdiek Diruzaintzako soberakinaren inguruan, Udalagaz 3.1 milioi euroko diruzaintzako gerakina ‘desblokeatzeko’: “Hainbat astetako negoziazioen ondoren, EAJ-PNV Arrigorriaga, PSE-EE Arrigorriaga eta NOAk akordioa erdietsi dugu EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak osatutako gobernu-taldearekin, Diruzaintzako gerakina (une honetan 3.177.529,40 euro) herriak behar dituen hobekuntzei aurre egiteko erabil dezaten” azaldu zuten oposizioko taldeek prentsa ohar baten bidez.

Akordio horren berri izan genuen duela egun gutxi, eta oposizioak argi berdea eman zion gobernu taldearen proposamenari. EAJk, NOAk eta PSE alderdiek soberakinaren 600.000 euro eskatu diete EH Bildu eta Arrigorriaga Garak osatutako gobernu taldeari udal kiroldegia berrizten hasteko: “udal gehiengoak ordezkatzen duen  oposizioak, beste behin ere bizilagunen onura bilatzeko bat egitea  erabaki du eta Gobernu Taldearen proposamen guztiei argi berdea emateko konpromisoa hartu du. Horren truke, gerakin horren 600.000  euro Arrigorriagak behar duen inbertsio garrantzitsuenetako batera bideratzea planteatu zion gobernu taldeari: kiroldegia berritzea”, azaldu zuten oposizioko alderdietako ordezkariek, eta EAJk, NOAk eta PSEk “aurreko hauteskundeetan emandako hitza betetzea lortu zutela” gehitu zuten, “udal-politika gidatzea oso zaila den arren, ikusten dugu dena posible dela borondatea badago”.

Argi berdea emandako proiektu aipagarrienak

Gobernu taldreak egindako aurrekontu-aldaketako proposamenetan honakoak dira Udalak egin dituen aldaketa aipagarrienak: Arrigorriagan lehen aldiz egin diren aurrekontu parte hartzaileei erantzuna ematea, TAO proiektua garatzea Abusun (70.000 €), Ollarganeko lehen eta bigarren faseko jarduketak (490.000 €), Odol Emaileen plazako jarduketak (100.000 €), PP2 pistako irristaketa eremua konpontzea (26.000 €), kiroldegiko galdara berritzea (16.000 €) edo jaietako partida handitzea (40.000 €).

Arrigorriagako gobernu-taldeak soberakinaren inguruko akordioa erdietsi du oposizioko alderdiekin

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak