→Arrigorriaga

Txirrindularien eta txakurren araudia aldatu dituzte Arrigorriagako Mendikosolon

Arrigorriagako Udalak atzo (ekainak 30) egindako osoko bilkuran onartu dute Mendikosolo eta Mintegi parkearen erabilerari buruzko ordenantza aldatzea. Hiru dira aldatutako artikuluak.

Mendikosolo parkeko taberna // Geuria

Arrigorriagako Udalak atzo (ekainak 30) egindako osoko bilkuran onartu dute Mendikosolo eta Mintegi parkearen erabilerari buruzko ordenantza aldatzea. Hiru dira aldatutako artikuluak. Batetik, sua non egin daitekeen mugatu dute. Bestetik, lotuta doazen txakurrak eta konpainiako beste animalia batzuk parkera sartu ahalko dira. Era berean, txirrindulariek Mendikosolotik eta Mintegitik igarotzeko aukera izango dute hemendik aurrera. EH Bildu, Arrigorriaga Gara eta NOA taldeen aldeko botoekin eta PSOE eta EAJren abstentzioarekin hartu dute erabakia.

Halere, PSOEk eta EAJk kritikatu dute ez dagoela modurik jendeak neurri berriok errespetatuko dituela ziurtatzeko. Horrela, parkeetan zaindaririk ez egotea salatu du Argoitz Gómez PSOEko zinegotziak: “Nork kontrolatuko du ordenantza betetzen dela zaindariaren figura segurtasun kamerengatik aldatu bada?”. Mendikosolon eta Mintegin jendeak sua horretarako ahalbidetutako lekuetatik kanpo egin dezakeela salatu dute, animaliak lotu gabe eraman ditzakeela, edota txirrindulariak azkarregi ibili daitezkeela parketik. Sozialistek esan dute aurreko lizitazioan (2021eko ekainaren 1ekoan) biltzen zen neurria zela zaindari bat kontratatzea eta mantendu beharko litzatekeen erabakia dela. Egun, Udaltzaingoak betetzen duen funtzioa da parkeen zaintzarena.

Arrigorriaga GARA alderdiak zaindaria izatea beharrezkoa iruditzen zaiela onartu dute. María Jesús Acedo zinegotziak gogoratu du horretarako planteatu zela, hain zuzen, 2021eko lizitazioa, baina neurria ez zela onartu, “ziurrenik, hiru langileren subrogazioagatik, baina, batez ere, kontratuaren iraupen laburragatik”. Bestalde, gehitu dute mota horretako kontratu bat egiteko egoera lehen baino okerragoa dela, Mendikosoloko presaren harira egin behar diren aldaketek gainontzeko kontratuei zuzenean eragingo dietelako. Datorren urteari begira, “trantsizioko garai honen ondoren”, lizitazioa onartu ahal izatea espero dutela gehitu dute alderditik.

Garbiketa kontratuak

Parkeen neurriaz gain, udalerriko bideak, igogailuak eta pasabideak garbitzeko kontratuaren luzapena ere onartu dute. EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak alde bozkatu dute, eta PSOE, EAJ eta NOA abstenitu egin dira. Orain arte, ENVISER Servicios Medioambientales SAU enpresa arduratu da zeregin horretaz, eta zerbitzua beste urtebetez (2023ko ekainera arte) luzatzea onartu dute. Mendikosolobarrena eta Mintegiko parkearen garbiketa ere enpresa berari esleitu diote: irailera arte, bi langile arduratuko dira garbiketa lanez, eta urtarriletik martxora arte, operario bat egongo da. Udaletik garbiketa zerbitzua indartzearen garrantzia azpimarratu dute, parkeetara jende gehiago hurbiltzen delako Mendikosoloko taberna eta piknik-guneak ireki ondoren.

Milioi erdi eta lau milioi euro arteko diru-laguntza jaso dezake Arrigorriagak Mendikosolo parkeko birgaitze-lanetarako

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak