→Arrigorriaga

Patin ibilbidea egingo dute Arrigorriagan uztailaren 25ean

arrigorriaga madalenak irristaketa 2015
Arrigorriagako Irristaketa Herri-Ibilbidea 2015ean // Geuria

Madalena jairik ez, baina Udalak eta herriko elkarteek hamaika jarduera antolatu dituzte uztailean zehar. Besteak beste, hilaren 25ean, igandez, Irristaketa Herri-Ibilbidea izango da. Aurtengoa 13. edizioa da eta 11:00etatik 13:00etara bitartean izango da. Udaletxeko plazatik hasiko da ibilbidea, eta, “errepidetik eta parketik joango gara”, diote antolatzaileek: “Ez ahaztu kaskoa, belaunekoak, eskukoak, ukondokoak, ezta patinak ere, jakina!”.

Gure Magalean elkarteak antolatu du jarduera, eta adierazi dutenez, nahiz eta ibilbidea aire librean izan, segurtasun neurri guztiak errespetatu behar direla diote: “1,5 metro arteko gutxieneko distantziak mantendu beharko dira eta maskara jantzita eraman behar da. Gogoratu zentzudun jokatu behar dugula: etorri baino lehen etxean tenperatura hartu eta sintomak izatekotan, etxean geratu. Lasai, datorren urtean elkar ikusiko dugu!”, diote.

Era berean, izena ematea beharrezkoa izango dela diote antolatzaileek: “Ibilaldia hasi baino lehenago hurbil zaitez udaletxeko plazan egongo den izen-emateko mahaira. Izen-abizenak, jaiotze-data, e-posta eta nongoa zaren jasoko dugu. Gainera, telefono zenbakia ematea derrigorezkoa da aurten”, diote. Aurreko urteetan bezala, jarduera doakoa da.

Aurten, berriro ere, ‘Etiopian patinatzen‘ elkartea lagunduko dugu, eta horretarako patinatzeko materiala emango diegu. Kiroldegian bilduko ditugu zuk eman nahi duzuna, hala nola, patinak, babesak, kaskoak, galtzerdiak, kamisetak, allen giltzak…”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak