→Arrigorriaga

PCR positibo bat atzeman dute Arrigorriagan azken orduetan

Uztailaren 14an positibo bakarra atzeman dute Hego Uriben, Arrigorriagan. Eskualdeko gainerako udalerrietan ez dute PCR positiborik diagnostikatu azken lau egunetan.

Uztailaren 14an positibo bakarra atzeman dute Hego Uribe eskualdean, Arrigorriagan // Argazkia: Geuria

PCR positibo berrien inguruko txostena argitaratzen du egunero Osasun Sailak, eta astero datu orokorren berri ematen du (positiboak eta hildakoak udalerrika). Uztailaren 15ean publikatutako txostenaren arabera, hilaren 14an positibo bakarra atzeman dute Hego Uribe eskualdean. Hain zuzen ere, Arrigorriagan. Eskualdeko gainontzeko udalerrietan ez dute PCR positiborik diagnostikatu.

Datu orokorrei dagokienez (uztailaren 6ra artekoak), 1.200 positibo atzeman dituzte Hego Uriben: 132 Arrigorriagan, 552 Basaurin, 113 Etxebarrin, 349 Galdakaon, 36 Ugaon, 11 Zaratamon eta 7 Zeberion. Hildakoak 128 izan dira eskualdean: 12 Arrigorriagan, 75 Basaurin, 6 Etxebarrin, 32 Galdakaon, 2 Ugaon eta 1 Zaratamon. Azpimarratzekoa da Zeberion positibo kopuru bera dagoela ekainaren 8tik eta ez dela koronabirusaz hildakorik egon. Uztailaren 13ra arteko datuak aste honetan zehar emango ditu Eusko Jaurlaritzak jakitera.

Maskarak derrigorrezkoak

Nekane Murga Osasun sailburuak gaur bertan eman du horren berri: maskarak derrigorrezkoak izango dira bihartik aurrera EAE osoan, kalean zein espazio publiko itxietan, “pertsonen arteko distantzia edozein izanda ere”, dio Murgak. Azken 24 orduetan 60 kasu atzeman dituzte EAEn: 7 Araban, 10 Bizkaian, 41 Gipuzkoan eta 2 kasu Euskaditik kanpo.

Tabernetan, jatetxeetan edota elkarte gastronomikoetan maskara erabili beharko da eta, “edaria edo janaria irensten den unean bakarrik kendu ahal izango da”, dio Murgak. Gainera, mahai baten inguruan gehienez ere 10 pertsona egon ahal izango dira, establezimendutik kanpo zein establezimendu barruan, eta ordutegi-luzapenak etenda geratu dira.

Igerilekuetan eta hondartzan ere derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea, “joan-etorrietan”, eta etzatean edo leku batean esertzean kendu ahal izango da, “betiere metro eta erdiko tartea gordetzen bada, edo pertsonak elkarbizitza unitate berekoak badira”, dio Murgak. Neurri berriak aplikatzea ez du baztertu Osasun sailburuak. 

📊 DATUAK | Koronabirusa | Herriz herri

Azken eguneraketa: uztailak 6

POSITIBOAK
– ARRIGORRIAGA: 132
– BASAURI: 552
– ETXEBARRI: 113
– GALDAKAO: 349
– UGAO: 36
– ZARATAMO: 11
– ZEBERIO: 7
– HEGO URIBE: 1.200
– BIZKAIA: 12.028
– EAE: 20.902

HILDAKOAK

– ARRIGORRIAGA: 12
– BASAURI: 75
– ETXEBARRI: 6
– GALDAKAO: 32
– UGAO: 2
– ZARATAMO: 1
– ZEBERIO: 0
– HEGO URIBE: 128
– BIZKAIA: —
– EAE: 1.622

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak