→Arrigorriaga

Arrigorriagako Udalak, Nerbioi Ibaizabaleko beste bederatzi udalerriekin eta Elhuyarrekin STEAM sarearen hitzarmena sinatu du

Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Zeberio, Arakaldo, Arrankudiaga eta Urduñako Udalek, Elhuyarrekin batera, hitzarmena sinatu dute Arrigorriagako udaletxean, eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa piztearren.

Gaur goizean Arrigorriagako udaletxean bildutako udalerrien alkateak eta teknikariak // Geuria

Arrigorriaga, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Zeberio, Arakaldo, Arrankudiaga eta Urduñako Udalek, Elhuyarrekin batera, hitzarmena sinatu dute Arrigorriagako udaletxean, eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa piztearren. “Hitzarmen honen bidez, eskualdeko gazteen artean STEAM gaien inguruko interesa piztu nahi da”, azaldu du Arrigorriagako Udalak gaur goizean bertan udaletxean eskainitako prentsaurrekoan. STEAM hitzak Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics edo Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematikak esan nahi du.”Iaz hasi ginen eskualdean zientzia eta teknologiaren aldeko apustu berritzaile honekin”, azaldu du Maite Ibarra Arrigorriagaklo alkateak. “Elkarrekin egindako identifikazio lan batetik ondorioztatu genuen gazteek joera gutxi zutela STEAM gaien inguruko ikasgaiak aukeratzeko, neskek bereziki”.

Prentsaurrekoa, gaur goizean // Geuria

Hori dela eta, hemen bildu garen eragile eta instituziook STEAM sarea sortu eta gaur sinatu dugun hitzarmenaren bitartez gure eskualdeko gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa pizteko helburua dugu”. Alkateak azaldu du gazteekin batera hezkuntzarako espazio horiek zabaltzea “erronka bereziki garrantzitsua dela, bereziki gure udalerrietarako”. Zientzia eta teknologiarekiko interes hori piztearren hainbat jarduera antolatuko dituzte hurrengo hilabeteetan eskualdean zehar: tailerrak, erakusketa bat eta baita topaketa bat ere. Udalek 32.000 euro bideratu dituzte aurten proiektu honetarako Elhuyar eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz.

Maite Ibarra alkatea Karlos Idirin Zeberioko alkateagaz (ezkerraldean) eta Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateagaz (eskumaldean) // Geuria

Iratxe Rubio Gil Arrigorriagako Udaleko Kultura eta Gazteriako zinegotziak azaldu du gaur sinatu duten hitzarmena komunitateko proiektu berriaren lehenengo pausua dela: “Galdakaoko Udalarekin eta Elhuyarekin egindako lana oso oparoa izaten ari da eta antolatutako jarduera guztiek helburu berbera izan dute: gazte gehiengoak jarduera hauek ezagutzen ez dituela ikusita, STEAMeko profesionalak eurengana hurbildu eta gertuko harremanak sortuko dituzte. Horrez gain, antolatuko diren jardueren bidez XXI. mendeko konpetentziak garatuko dituzte gazteek: pentsamendu kritikoa, lankidetza gaitasuna, sormena eta komunikazio gaitasuna, besteak beste”.

Elhuyar Zientziako Garazi Andonegi Beristain koordinatzailea // Geuria

Eskualdeko alkate eta ordezkariez gainera, Elhuyar Zientziako Garazi Andonegi Beristain koordinatzailea bertan izan da ere eta gaur sinatutako hitzarmenaren bidez, Nerbioi-Ibaizabal eskualdea Bizilabe gazteentzako ikerketa-zentroen sarera batuko dela iragarri du: “STEAM arloa indartzeko ezinbestekoa da komunitate osoaren inplikazioa: Udalak, ikastetxeak, aisialdi-taldeak, gurasoak, enpresak…” eta bizipenek gazteengan duten garrantzia azpimarratu du. Horregatik, zientzia eta teknologiarekin zerikusia duten jarduerak herrietako gazteguneetan antolatuko dituztela iragarri du, ‘Ni STEAM Emakumea’ erakusketa eta ‘Parekoen Topaketa’z gainera.

Iratxe Rubio Gil Kultura eta Gazteria zinegotzia eta Maite Ibarra Goti Arrigorriagako alkatea // Geuria

Azaroko tailerrak

Neguan hainbat doako tailer prestatuko dituzte gure Hego Uribeko gazteguneetan 12 eta 15 urte bitarteko gazteentzat.

  • Esperimentu likatsuen tailerra: tailer hau Arrigorriagan antolatu dute azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 18:00etatik 20:00ak arte.
  • Kriptografia eta kode sekretuak! Scape Room bat eraikitzeko tailerra: Galdakaon, azaroaren 5ean, 12an, 19an, eta 26an, 17:00etatik 19:00ak arte.
  • Kriminologia tailerra: Zeberion, azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 18:00etatik 20:00ak arte. Etxebarrin ere, azaroaren 9an, 16an, 23an, 30ean, 17:30etatik 19:30ak arte.

Tailer hauetan izen emateko epea irailaren 21etik urriaren 21era zabaldu dute herriko gazteguneetan eta udaletxeetan bertan. Edukiera mugatutako jarduerak dira, eta lekuak beteko balira, itxaron-zerrenda sortuko lukete.

Eskualdeko zenbat arduradun politiko Arrigorriagako Kultur etxearen aurrean // Geuria

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak