Sareak

☉ Arrigorriaga

24 orduko lanuztea egingo dute bihar Talleres Berasategui lantegiko beharginek

Gaur goizean gertatutako lan isitripua salatzeko, lantegiko beharginek 24 orduko lanuztea egingo dute bihar. Gainera, 12:00etan kontzentrazioa egingo dute.

|

// Argazkia: Geuria

Lan istripua izan da gaur goizean Arrigorriagako Talleres Berasategui lantegian eta 56 urteko behargin bat hil da, lau metroko altueratik erorita. Lan isitripua salatzeko, lantegiko beharginek 24 orduko lanuztea egingo dute bihar, apirilak 17. Gainera, 12:00etan kontzentrazioa egingo dute enpresa atarian, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek babestuta.

Horrez gain, Aiaraldeko greba-batzordeak bi deialdi egin ditu eskualdean gaurko: bata 19:00etan, bost minututako isilunea egiteko, eta 19:05etik 19:15era lapiko jotzea deitu dute.

Arrigorriagako enpresa horrek bere jarduerari ekin zion martxoaren 14an eta LAB sindikatutik salatu dutenez, “oraindik ez du aurkeztu koronabirusaren aurrean aurkeztu beharreko prebentzio protokoloa”. “Lanera bueltatzera behartu gaituzte, gure osasuna eta bizitza bermatua ez dagoen arren eta egoera kontrolatuta egon ez arren. Erakunde publikoek eta patronalak kapitala langileon bizitzen gainetik jartzea lehenetsi dute”, salatu dute LABetik.

2020. urtea hasi zenetik 24 dira Euskal Herrian lanean zeuden bitartean hil diren langileak, horietatik 10 Bizkaian. “Atzo, lan istripu larria izan zen Atarrabiako San Andres papertegian eta garraiolari baten heriotza Pasaiako Portuan. Honetaz aparte, bi langilek, Alberto eta Joaquinek, desagertuta jarraitzen dute Zaldibarreko zabortegian otsailaren 6tik”, diote LABetik.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Clown eta Pailazoen jaialdiak Euskal Herriko sei konpainia ekarriko ditu aurten

Maiatzaren 10etik 12ra antolatu dute 29. edizioa Arrigorriagako erdigunean eta Abusun, eta emakumearen presentzia nabarmendu dute jaialditik

|

Jaialdiko ordezkariak, Bilbon // Geuria

Maiatzaren 10etik 12ra antolatu dute Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIX. Jaialdia eta aurten berritasunez beteta dator. Horrela azaldu dute Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak, Iratxe Rubio Arrigorriagako Kultura zinegotziak, Eider Txarterina Kultura teknikariak eta jaialdiaren zuzendaria Sonia Cámarak gaur goizean Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.

“Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdia Arrigorriagako eta Bizkaiko agenda kulturalean ezinbesteko hitzordua izatea lortu dugu urteetan zehar denok egindako lanari esker”, izan dira Maite Ibarraren berbak. “Anbizioz goaz aurrera, urtero gauza berriak proposatuz, eskaintzak zabalduz edo euskara eta berdintasunagatik apustu eginez”.

Maite Ibarra: “Anbizioz goaz aurrera, urtero gauza berriak proposatuz, eskaintzak zabalduz edo euskara eta berdintasunagatik apustu eginez”

Genero berdintasunak garrantzi berezia izango duela gehitu du Ibarrak: “Emakume artistak nabarmenduko ditugu aurtengo jaialdian”. Horrez gainera euskal konpainien presentzia goraipatu du Arrigorriagako alkateak. Izan ere, aurten 13 konpainia hurbilduko dira Arrigorriagara eta horietatik sei Euskal Herrikoak izango dira, udal ordezkariek azaldu moduan:  Zero H, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, DAB Dantza Konpainia, Xabi Larrea, Zirkozaurre eta Ganso & Cía.

Harreman ikuskizuneko Zirkozaurre konpainiako artista // Geuria

Herrigunean eta inguruetan

Gainontzeko konpainiei dagokienez, Norbegia-Argentina, Polonia, Frantzia, Katalunia, Alakant, Madril, Granada eta Castelló ikuskizunak, dantzak, magia saioak, zirkuak eta musikak  izango dira Lanbarketan, Arrigorriagako udaletxeko plazan, PP2 pistetan, Pergolan, Ollargango plaza estalian, San Antonioko frontoian eta Abusun.

“Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Jaialdia Bizkaiko Foru Aldundiarentzat egutegian gorriz markatutako hitzordua da”, azaldu du Begoña Ibarra Foru Aldundiko Kultura zuzendariak: “Munduari zabalik dagoen talentudun Bizkaia nahi dugu, kulturalki anitza eta ezaugarri horiek biltzen ditu Arrigorriagako jaialdiak, hain zuzen ere”.

1995ean jaiotako jaialdiak, Magia, pailazo eta kale artearen jardunaldiak izenekoak, formatua eta programazioa zabaldu eta berritu ditu 29 urte hauetan: erakusketak, profesional eta zaleentzako clown ikastaroak, eduki pedagogiko nabarmena duten eskolarako jarduerak, ospitaleetan dauden haurrentzako saioak, etab.

Jaialdiko ordezkariak, ‘Itsasoa. Artea zaborrez egina’ erakusketako egileekin // Geuria

Zaborretik artelanera

29. edizio hau erakusketa berezi batez hasiko dute: Maiatzaren 2tik 12ra Itsasoa. Artea zaborrez egina izeneko erakusketa egingo du Iñaki Aguinagak (Lutxana-Erandio, 1972), Hortzmuga konpainiaren bidez, udaletxeko Euskaldun Berria gelan. Diziplina anitzeko artistaren lehen erakusketa monografikoa izango da Iñakirena, Euskadiko erakusketa-galeria publiko baten eginikoa.

Proiektua Barrikako hondartzan jasotako zaborrarekin sortutako 20 artelanek (maskarak, eskulturak, pertsonaia magikoak… besteak beste) osatzen dute. Erakusketa astelehenetik larunbatera ikusgai egongo da 18:00etatik 20:00ak arte. Igandeetan 12:00etatik 14:00ak arteko ordutegia izango du.

Zirkozaurreko artista bat, gaur goizeko prentsaurrekoan // Geuria

Programa | Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIX. Jaialdia

Maiatzak 10, ostirala
17:30 Slackline, Abusu
18:00 Sweet Home on Wheels, Ollargango plaza estalia
18:00 Bajo Zero, udaletxeko plaza
19:00 Into the Wild, udaletxeko plaza
19:00 Slackline, Abusu
20:00 La Calle es Nuestra, ikuskizun ibiltaria

Maiatzak 11, larunbata
12:30 Ez Gara Jaitsiko (Pirritx, Porrotx eta Marimotots), kantxa urdina
18:00 Noeud, Pergola
19:00 Oyun, udaletxeko plaza
20:00 Sweet Home on Wheels, udaletxeko plaza
21:15 Abandónate Mucho, Lonbo aretoa

Maiatzak 12, igandea
12:00 Up, San Antonio frontoia
12:30 Slackline, Gaztegunea
13:15 Harreman, udaletxeko plaza
14:00 Slackline, Gaztegunea
18:00 Welcome & Sorry, udaletxeko plaza
19:00 Desequilibrio Temporal, udaletxeko plaza
20:30 Ambulant, Kiroldegiko frontoia

“Gure Zirkua” Hego Uribera etorriko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

‘Izarrak eta Haitzak’ da Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ arrigorriagarraren azken liburua

Arrigorriagarrak GEURIAri azaldu dio mendi literatura klasikotik urrundu dela eta 20 kirolari ospetsuen errelatuak “nobelatuz” hurbildu dela bere irakurleengana

|

Txapel, Basauriko Elkar liburudendan // Geuria

Karlos Aretxabaleta ‘Txapel’ arrigorriagarrak mendi kirolaren inguruko Izarrak eta Haitzak izeneko liburua kaleratu du, mendi literatura klasikotik urrunduz eta 20 kirolari ospetsuen errelatuak “nobelatuz” eta irakurleei hurbilduz: “Ia bi urte dira proiektu hau martxan jarri nuenetik, eta azkenean argia ikusi du, argia”, izan dira idazlearen berbak eta mendiko kirolari entzutetsuen ateak jo ditu azken bi urteetan beren esperientziak gertutik ezagutzeko. Liburu honen salmentaren bitartez lortutako irabaziak SOS Himalaya Fundazioari emango dizkio idazleak.

Txapelek Edurne Pasaban, Juanjo San Sebastian, Pou anaiak, Alex Txikon, Oihana Azkorbebeitia, Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Ekaitz Maiz, Imanol Amundarain, Irati Anda, Iker Arroitajauregi eta Iñigo Basterraren testigantzak jaso ditu SUA Edizioak kaleratutako liburu honetan, Juanra Madariagaren hitzaurrearekin eta Ioritz Gonzalez Lertxundiren itxierarekin.

“Liburuan agertzen diren izarren kontaketak ez daude kirolarien lorpen indibidualetan oinarrituta, horregatik urrundu naiz mendi literatura klasikotik”

“Liburuan agertzen diren izarren kontaketak ez daude kirolarien lorpen indibidualetan oinarrituta”, azaldu dio Txapelek GEURIAri. “Horretarako dago mendi literatura klasikoa eta kronika ugari idatzi dira mendi lorpenen inguruan”, gehitu du.

Txapel // Asier Arteaga

“Edurne Pasaban eta Alex Txikon bezalako kirolarien kontakizunak jaso ditut baina ez dut beren 8.000en inguruan berba egin; ibilbidean zehar bizitako pasadizo baten kontaketa egin dut: istorio bitxiak, beldurgarriak, barregarriak… jaso ditut”. Horretarako, prozesu luze honetan, kirolari horien esperientziak “nobelatu” dituela dio Txapelek, “hitza ondo esanda ez badago ere”. Idazlea kirolariekin bildu da eta euren bizitzaren zein egoera jakin batzuen inguruko oharrak hartu ditu, kontakizun horiek irakurleei hurbiltzeko.

“Gazte literaturatik nator eta aurreko esperientzia literarioetatik jasotako iradokizunak erabili ditut mendiko literatura honetan eta kapitulu bakoitzak eleberri baten itxura du”

“Mendi literatura gazteei hurbiltzeko esperimentua Etxebarriko eskolan bertan egin nuen behin: Alberto Iñurrategi nor zen bazekiten galdetu nien eta % 98ak ez zuen ezagutzen. Baina ni gazte literaturatik nator eta aurreko esperientzia literarioetatik jasotako iradokizunak erabili ditut mendiko literatura honetan eta kapitulu bakoitzak baditu bere bitxikeriak”.

Liburua idatzi ahala, kirolariekin berba egin izan du idazleak, protagonisten feedbacka jasotzeko: “Harrera ona izan du idatzitakoak eta egia da ere testuak modu batean edo bestean berridatzi behar izan ditudala, kirolarien gomendioak jarraituz. Azken batean, elementu fantastikoak eta testuinguruak proposatu ditut, irakurketa epela lortzeko. Azken batean hau ez da kronika bat, literatura baizik”.

Txapel // Asier Arteaga

Aurkezpenak apirila eta maiatzean

Momentura arte data bi ditu begibistan Aretxabaletak: datorren apirilaren 26an liburuaren aurkezpena egingo du Birakultura elkartean, Bilboko Alde Zaharrean: “Gonbidatu bereziak izango ditugu egun horretan, eta eurena izango da hitza”.

Bestalde, datorren maiatzaren 25ean Urretxun egongo da, Xabi Ormazabal Egunean, liburuari eta mendi literaturari hitz egiteko prest. Egun horretan liburuko hainbat protagonista gerturatuko dira eta “egun berezia” izango dela aurreratu du Txapelek.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Javi Chueca arrigorriagarraren ‘Monotonia’ laburmetraiak Balmaexpress lehiaketa irabazi du

Laburmetraiak hiru sari jaso ditu guztira: aktore onenarena (Javi Chueca), aktoresa onenarena (Amaia Arkotxa) eta laburmetrai onenarena

|

Javi Chueca, 'Los Cuatro Cortos' lantaldearekin // Javi Chueca

Javi Chueca Corro Arrigorriagarrak aktore onenaren saria jaso du parte hartu duen azken laburmetraiarekin joan den apirilaren 21, 22 eta 23an antolatutako Balmaexpress jaialdiko bigarren edizioan. Monotoniak, berez, hiru sari jaso ditu guztira: aktore onenarena (Javi Chueca), aktoresa onenarena (Amaia Arkotxa) eta laburmetrai onenarena.

Balmasedako lehiaketa honen berezitasun aipagarriena, izenak adierazten duen bezala, arintasuna da. Parte-hartzaileek 42 ordu dituzte guztira ideia bat landu eta kameren aurrean filmatu ostean editatu eta aurkezteko.

Aurtengo gaia ‘Athleticarekiko pasioa’ izan da eta lehiaketan parte hartzeko baldintzetako bat Balmaseda irudietan agertu behar zela. Chuecak gai honi buelta bat eman nahi zion eta bikotekideen arteko harremanetara eraman zuen bere lau minutuko proposamena, “istorio ezberdin bat kontatzeko”.

Irudietan, Sevillako finaletik bueltan datorren Athleticeko bikote bat ikus daiteke, eta Balmasedako zubi batera heltzen direnean beren harremanaren inguruan berba egiten hasten dira. “Itzulera horretan zerbait gertatu egiten zaie”, dio Arrigorriagakoak.

Irabazaleak, sariekin // Javi Chueca

Talde lana, gakoa

Historia Chuecak berak idatzi zuen apirilaren 21ean, eta horrez gainera zuzendari eta aktore lanak egin ditu Balmasedan. Hala ere ez da bakarrik egon; aurreko proiektuetan lan egindako Los Cuatro Cortos izeneko lantaldearekin filmatu eta editatu ahal izan du dena: Amaia Arkotxa (aktorea), Chesikaas Román (irudia) eta Luis Baranda (soinua).

“Larunbatean grabaketa-saioak egin genituen 14:00ak arte eta hortik aurrera, 02:45ak arte edizio lanen txanda izan zen”

“Filmaren istorioa bururatu eta 20 minututan idatzita neukan ostiralean bertan”, azaldu du Chuecak eta egun berean entseguak eta lokalizazioen topaketak egin zituzten. “Hurrengo egunean grabaketa-saioak egin genituen 14:00ak arte eta hortik aurrera, 02:45ak arte edizio lanen txanda izan zen”.

Bigarren edizio honetan 25 talde aurkeztu dira guztira aurten. Lehen saria 1.000 eurokoa izan da eta aktore arrigorriagarrak GEURIAri azaldu moduan etorkizuneko proiektuetara bideratuko ditu.

Hurrengo helmuga: Gasteiz

2024a albiste onez betetako urtea izango da Javirentzat. Izan ere, duela gutxi, bera eta bere lantaldearen Amor y Vino izeneko laburmetraia Gasteizko Icoff III. Film Laburren Nazioarteko Jaialdian parte hartzeko hautatu dute, maiatzaren 6tik 11ra: “Albiste zoragarria da guretzat ICOFF Gasteiz jaialdian parte hartzeko aukera hau izatea eta benetan eskertuta gaude, bertan aurkeztu diren 1.000 lanen artean 15 aukeratu dituztelako eta gu horien artean gaudelako”, azaldu dio GEURIAri.

Amor y Vino Valladolideko upategi batean filmatu zuten beste jaialdi baterako eta Gasteizen aurkeztu zuten ere: “Badirudi harrera ona izan duela azken lan honek eta espero dugu zorte ona izatea!”.

Bestalde, abuztuan, El Poder del Silencio filma proiektatuko dute. Bertan, Chuecak aktore lanak egin zituen eta xehetasun guztiak azaldu zituen GEURIAn.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

#A21 / Emaitzak / Arrigorriaga / EAJk sendo eutsi dio EH Bilduren igoerari

#A21 / Arrigorriaga / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

“Gure Zirkua” Hego Uribera etorriko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

Euskal Herriko lehen zirku ibiltaria Hego Uribera helduko da lehen aldiz, Arrigorriagan zortzi saio eskainiz

|

2017an sortu zuen Iker Galarza aktoreak Gure Zirkua / Gure zirkua

“Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietako herritarrekin”.

Hori da Iker Galarzak sortu duen Gure Zirkuaren definizioa eta helburua. Apustu arrakastatsua izan da Euskal Herriko lehen zirku ibiltariarena, eta udaberriarekin batera euren zazpigarren birari ekin diote. Urte hasieran “Gure zirkua heldu da” dokumentala estreinatu zuten Eitb-ren Nahieran plataforman.

Lehen aldiz euren karpa Hego Uriben altxatuko dute, Arrigorriagan. Maiatzaren azken egunean helduko dira kiroldegiko PP2ra, eta honako hauek dira guztira egingo dituzten 8 saioen egunak eta ordutegiak:

Maiatzak 31 19:00

Ekainak  1 16:30 eta 19:00

Ekainak 2 12:00 eta 17:00

Ekainak  7 19:00

Ekainak 8 16:30 eta 19:00

Osorik irakurri