Sareak

☉ Arrigorriaga

Tokiko merkataritzaren “balio erantsia” nabarmendu dute Arrigorriagako herritarrek

Tokiko merkataritzak herriarentzat suposatzen duen balio erantsia nabarmendu dute Arrigorriagako hainbat herritarrek bideo batean.

|

Argazkia: Arrigorriagako Udala

Tokiko merkataritza bultzatzeko ekimena zabaldu dute Arrigorriagan. Hain zuzen ere, Arrigorriagako merkatariak laguntzeko eta babesteko bideoa egin dute. Tokiko merkataritzak herriarentzat suposatzen duen balio erantsia nabarmendu dute hainbat herritarrek bideoan.

“Arrigorriagako dendari, ostalari eta zerbitzu enpresak hasi dira apurka-apurka euren ateak zabaltzen, deskonfinamenduaren arintze neurrien lehen fasearen baitan”, dio Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak: “Azken asteetan merkatari eta ostalariekin egindako bileran adostu zen, tokiko merkataritza bultzatzeko egingo diren ekimenen artean, hasierako bideo hau egitea”. Bideoa maiatzaren 9an kaleratu zuten eta euskarazko bertsioak dagoeneko 500 ikustaldi baino gehiago ditu.

“Merkatari asko pertsiana altxatzen ari dira. Denon artean altxatzea dagokigu orain, elkartasunez, batasunez, bizi pozez, Arrigorriaga bizi eta koloretsua berreskuratzeko asmoz”, dio Ibarrak.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Garrikoko kirolariek brontzezko dominak eskuratu dituzte Espainiako Taekwondo txapelketan

Itxaso Hernándezek brontzezko domina bi eskuratu zituen: bat bakarkako borrokan eta bestea bikoteka, Sergio Pachorekin, Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatuz. Maider Castrok beste brontzezko domina bat ekarri du etxera

|

Unibertsitate arteko txapelketako Garrikoko kirolariak, Toledon // CD Garriko

Joan den asteburuan Unibertsitate arteko Espainiako Taekwondo txapelketa jokatu zuten Toledon eta Arrigorriagako CD Taekwondo Garrikoko Itxaso Hernández, Sergio Pacho, Maider Castro eta Iker Sevillano kirolariek bertan hartu zuten parte.

Itxaso Hernández galdakoztarrak brontzezko domina bi eskuratu zituen: bat bakarkako borrokan eta bestea bikoteka, Sergiorekin, Euskal Herriko Unibertsitatea ordezkatuz. Gainera, Maider Castro arrigorriagarrak beste brontzezko domina bat eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatearen izenean.

Bizkaiko Haurren Borroka-txapelketa // CD Garriko

Zortzi, Bilbon

Joan den igandean Bizkaiko Haurren Borroka-txapelketa antolatu zuten Miribillako frontoian eta Arrigorriagako klubeko kirolariek zortzi domina eskuratu zituzten: Adriana Andresek, Iker Ubedak, Markel Garciak, Izei Intxaurragak, Aitzol Portugalek, Hegoi Dominguezek eta Julen Fernandezek urrezko domina bana eskuratu zuten eta Lur Guerrak zilarrezko bat lortu zuen.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

32. Ume Mendi Ibilaldia antolatu du Arrigorriagako Padura Mendi Taldeak

Maiatzaren 26an antolatu dute 32. edizioa eta urtero lez, proba laburra eta luzea izango ditu

|

Pastorekorta // Geuria

Maiatzaren 26an 32. Ume Mendi Ibilaldia antolatu du Arrigorriagako Padura Mendi Taldeak. Urtero lez, kirol proba honek kategoria bi izango ditu, eta biak Arrigorriagatik abiatuko dira: Laburra (7,81km eta 214 metroko desnibelekoa) eta Abrisketako Done Peritik, Benta Handia eta Mendikosolotik igaroko da. Luzea, ordea, (11,64km eta 535 metroko desnibelekoa), Otxandioko Atxatik, Pastorekortako tontorretik eta Txus iturritik igaroko da.

“Luzeak, anoa-gune bat izango du ibilbidean. Laburrak, ordea, ez”, azaldu dute Euskal Mendi Federaziotik. “Baina, amaieran, ibilbide bietako parte-hartzaileek indarrak berreskuratzeko jakiak izango dituzte helmugan, baita opari-poltsa bat ere”.

Izen emateak eta ibilbideen trackak Euskal Mendi Federazioaren webgunearen bidez ikus daitezke.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Abusu Casting Klubak Arrantza Opena egingo du taldearen 25. urteurrenean

Hitzordua ekainaren 23an izango da eta 450 euro eta kirol materiala banatuko dituzte sarietan

|

Abusu Castingeko Mikel Jimenez kidea // Abusu Casting Klub

Abusu Casting Klubak mende laurdena bete du aurten eta ospakizun modura Arrantza Open 25 jarduera prestatu dute Arrigorriagako auzoan. Hitzordua ekainaren 23an izango da eta 450 euro eta kirol materiala banatuko dituzte sarietan.

“25. urteurrenean egun berezia antolatu dugu Abusun”, azaldu dute elkarteko ordezkariek. “Hori horrela, herritarrak gonbidatu nahi ditugu Korrokoiak arrantzatzera”. Jardueran parte hartzeko arrantza klubarekin harremanetan jartzea eskatu dute 678 51 84 64 telefono zenbakira deituz.

Lehen saria 200 euro, txapela eta trofeoa izango da; bigarrena 150 euro eta trofeoa; hirugarrena 100 euro eta trofeoa. Laugarren postutik hamargarreneraino kirol materiala banatuko dituzte parte-hartzaileen artean. “Parte-hartzaile guztiek saria jasoko dute hala ere”, gehitu dute arrantza taldetik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Harreman komunitarioak indartzea izango dute helburu Arrigorriagako Aniztasun Kulturalaren II.jardunaldiek

Astebeteko programazio oparoa osatu dute, herrigunean zein Abusun: tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, prestakuntzak, mahai-inguruak eta baita zineforuma ere

|

Jardunaldien aurkezpena / Arrigorriagako Udala

2022an abiarazitako bideari segida eman eta Arrigorriagako Udalak, Harrera eta Zubietxe elkarteekin batera, Aniztasun Kulturalaren II.jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 20tik 26ra bitartean. Aukeratutako datak badauka bere sinbolismoa, maiatzaren 21a Elkarrizketa eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Munduko Eguna baita.

Jardunaldi hauen helburu nagusia “harreman komunitarioak sustatzea da”, eta horretarako astebeteko programazio oparoa osatu dute, herrigunean zein Abusun: tailerrak, hitzaldiak, erakusketak, prestakuntzak, mahai-inguruak eta baita zineforuma ere. Gainera, giza liburutegiaren esperientzia errepikatuko da: munduko hainbat lekutatik etorritakoek beren migrazio-esperientziak kontatuko dituzte. Jardunaldiak igandean amaituko dira, munduko ogien dastaketa eta arepak egiten ikasteko tailerrarekin.

Udal ordezkariek azaldu dutenaren arabera “jardunaldiak Udalaren eta Arrigorriaga Harrera eta Zubietxeren, kulturartekotasunaren, migrazioen esparruan eta gizarte-bazterkeriaren aurka lan egiten duten erakundeen, arteko elkarlanaren emaitza dira”.

Prestatu dituzten ekitaldiekin arrigorriagarren errealitateen arteko hurbilketa eragin nahi dute, beti “hemen bizitzea erabaki dutenekin harrera-herri solidarioa izateko konpromisotik abiatuta”. Maite Ibarra, Arrigorriagako alkateak, jardunaldi hauen balioa nabarmendu nahi izan du:”Ez dugu ahaztu behar gure amek, aitona-amonek edo izekoek ere beste herrialde batzuetara emigratu zutela edo hona etorri zirela urte askoan zehar. Ziur gaude aurreiritziak uxatzeko modurik onena hurbiltzea eta entzutea dela”.

Harrera gida eguneratua

Bestetik, 2022ko jardunaldietan argitaratu zen Harrera Gida, Arrigorriagara iristen diren migratuei dauden baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa ematen diena, arabieraz, frantsesez eta ingelesez berrargitaratu eta eguneratuko dela zehaztu dute Udaletik.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagatik Martiarturainoko herriguneko bidegorri zatia urte amaiera baino lehen konponduko dute

Bizkaiko Foru Aldundiak, bere partetik, Ugaoko Ondategi auzoko bidegorri zaharraren trazadura aprobetxatuko du Arrigorriagako Martiartu auzoa eta Ugao etorkizunean modu seguruan lotzeko

|

Bidegorriaren amaiera, Martiartun // Geuria

Arrigorriaga eta Ugao etorkizunean lotuko duen bidegorriaren lanak astiro baina aurrera doaz. Duela egun batzuk, maiatzaren hasieran, Arrigorriagako Udalak herriguneko bidegorri zati batzuk hobetu eta birmoldatzeko eskaintzak aurkezteko epea zapaldu zuen. Iragarpen hartan Arrigorriaga eta Ugao lotuko dituen bidegorria aipatu zuten, 2022an inauguratutako herrigunetik Martiarturainoko bidegorriari jarraipena emango diona.

“Gure helburua mugikortasun jasangarria indartzen jarraitzea da”, azaldu zuen David Cidre Arrigorriagako Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitzako ziengotziak duela astebete. “Proiektu honen bidez, oinezkoen eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea eta bideragarri eta seguru bihurtzea da helburua”.

Gaur egun, Arrigorriagatik datorren bidegorri zatia Martiartu industrialgunearen sarreran amaitzen da. Hala adierazten du industrialgunearen sarreran ikus daiteken seinale bertikal batek (goiko argazkia). Honek esan nahi du Arrigorriagatik Ugaora joan nahi duen txirrindulari batek bidegorria utzi eta Bi-625 errepidea erabili behar duela, halabeharrez.

Arrigorriagako Udalaren hurrengo urratsa bidegorriak Arrigorriagan zehar dituen zati jakin batzuk konpontzea da, Basauriko bidegorriarekiko loturatik Ugertza parkean dagoen eta Martiartu auzora doan zubiaz bestalderaino. Arrigorriagak 366.696 euro bideratuko ditu guztira proiektu honetara Herriak Egiten funtsen bidez emandako transferentziak aprobetxatuz eta jarduketen artean bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bereiziak eraikitzea, seinale bertikalak eta horizontalak jartzea, barandak jartzea eta zoladura-lanak egitea aurreikusi dute.

David Cidre: “Proiektu honen bidez, oinezkoen eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea eta bideragarri eta seguru bihurtzea da helburua”

Cidreren arabera, Arrigorriagako HAPOa “gutxi barru” onartuko du Arrigorriagak eta helburua bidegorriaren eraberritze-lanak ahalik eta lasterren martxan jartzea da: “Gure asmoa bidegorriaren zati hau urtea bukatu baino lehen prest egotea da”, izan dira Hirigintza zinegotziaren berbak.

Ugaoko Ondategi auzoko bidegorria, gaur egun // Geuria

Ugaorako konexioa

Arrigorriagako azken zati hori eginda, eman beharreko hurrengo urratsa bidegorria Ugaorekin konektatzea litzateke. Martiartu eta Ugao arteko bidegorri zatia egitearen eskumena Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Cidreren arabera, Ugaora helduko den bidegorri zatia ibaiaren ibilgutik doan “bidegorri zaharraren zati batzuk” moldatuko lituzkete Ugaora heltzeko.

Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak informazio hori berretsi eta Martiartu eta Ugao lotuko duen bidegorria ibaiaren eskumaldeko ibilgutik uztartuko duela azaldu dio GEURIAri (Arrigorriagatik datorren alde beretik, alegia): “Ugaoko hilerritik Martiartura noranzkoan badago gaur egun auzoko errepidearekin elkarbanatzen duen bidegorri txiki bat”, izan dira Ugaoko alkatearen berbak, eta hasiera batean bidegorria Bi-625 errepidearen parean jartzea bazen ere, Mentxakak azpimarratu du trazadura gertuegi egongo litzatekeela bai errepidetik, baita Renfeko trenbidetik: “Bidegorria bertatik igarotzea arriskutsua litzateke”.

Martiarturantz doan bidegorri hori Ondategi auzotik igarotzen da baina Arrigorriagara heldu baino lehen mozten da txirrindularientzako. Foru Aldundiaren asmoa, beraz, bidegorri horren trazadura aprobetxatuz bidegorria Martiartura eramatea da.

Osorik irakurri