→Arrigorriaga

Arrigorriagako trenbideen konponketek auzokideen kexak piztu dituzte

Arrigorriagako trenbideen lanak gauez egin dituzte, trenen zirkulazioaren frekuentzia askoz txikiagoa delako, eta herriko zenbait auzotarren ondoeza piztu dute, zarata horren zergatia ulertzen ez zutelako.

Merkantzia tren bat, Ugaoko geltokiko lanetatik igarotzen // Geuria

Pasa den urteko urrian ADIFek Arrigorriaga eta Ugaoko tren azpiegituren konponketei ekingo ziola iragarri zuen, Iparraldeko Azpiegiturak eta Trenbideak Tratatzeko Planean. Arrigorriagako lanak bukatu badituzte ere, makinak Ugaoko azpiegituran ikus daitezke. Arrigorriagako trenbideen lanak gauez egin dituzte, trenen zirkulazioaren frekuentzia askoz txikiagoa delako, eta herriko zenbait auzotarren ondoeza piztu dute, zarata horren zergatia ulertzen ez zutelako. Ondorioz, Arrigorriagako Udala ADIF enpresarekin kontaktuan jarri zen, kaltetuen kexak jakinarazteko. Ugaon, aldiz, eguneko lanak egiten ari dira eta momentura arte ez da arazorik egon bertako auzotarrekin.

Balastoa mugitzeko makinak, Ugaon // Geuria

Lanak, gerturtik

Arrigorriagako geltokiari dagokionez, 3. eta 5. trenbideak birgaitu dituzte eta Ugaon 1, 2 eta 3 trenbideen konponketen azken ukituekin dabiltzate, 5 eta 7 trenbideak desagertuko direlako. Horietan, trenbide zaharrak ordezkatuko dira, balastoa kendu (trenbidea eusten duen harria), trenbide-plataformaren tratamendua, trenbide berrien instalazioa, desbideraketen berrikuspena eta tratatutako guneen nibelazio eta alineazio lanak egingo dituzte.

Moztutako trenbidea, Ugao eta Arrankudiaga artean // Geuria

Arrigorriagako gaueko lanek sortutako zaratek zenbait auzotarren kexak piztu ditu eta harremanetan jarri ziren Arrigorriagako Udalarekin: “Lan handiak izan genituen Arrigorriagako geltokian, katenaria moztea barne”, azaldu du Jose Olivares Ballesteros Arrigorriagako Udal Arkitektoak. “Uztaileko hainbat gauetan zehar zarata handia egin dute trenbidetako makinek eta horrek Arrigorriagako hainbat auzotarren kexak piztu zituen”. Auzotarrek zarata horien azalpenen bila jo zuten Arrigorriagako Udalera, eta Udalak kexa horiek ADIF enpresari bideratu zizkien, auzotarrei lanen nondik norako guztiak azaltzeko. Olivaresek azaldu du era honetako lanak Arrigorriagan egiteko gauak aproposagoak direla, “trenbide trafiko gutxiago dagoelako”.

Lan hauetarako 446.091 euro bideratu dituzte guztira (BEZa barne) eta lau hilabeteko lanak estimatu zituen ADIFek obren hasieran amaitutzat emateko. Proiektuaren iragarpena egin zenean lan guztiak gauez burutuko zirela adierazi zuen ADIFek prentsa ohar baten bidez: “Lanak gaueko ordutegian egingo dira, tren-zerbitzuarekin arazorik ez izateko. ADEIFek lan hauek sor ditzakeen eragozpenengatik barkamena eskatu nahi die auzotarrei eta euren ulermena aldez aurretik eskertu nahi die”.

Balastoa mugitzeko makina, Ugaoko trenbideetan // Geuria

 

Arrigorriaga eta Ugaoko trenbideak konpontzen hasiko da Adif

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak