Uraren erabilera arrazionalaren eta bere kutsadura saihestea gazteria sentsibilizatzea helburu duen ‘Uraren Jaia’ ospatuko du Arrigorriagako Ur Partzuergoak datorren ekainaren 4an (zapatua). Arrigorriagako Udalak babestutako ekitaldi honek bi urte eman ditu ospatu barik eta Lehendakari Agirre, Juan XXIII eta Argala plazan antolatu dute 10:30etatik 19:00ak arte.
Aurtengo edizioa ere herrigunean prestatu dute eta Ur Partzuergoak gomendatu du sarbidea garraio publikoaren bidez egitea (Bizkaibus eta Renfe).

Magoa, 2019ko Uraren Jaian // Geuria
50 jarduera baino gehiago
Ekainaren 4an askotariko jarduerez gozatu ahalko dute bertara hurbilduko diren haur eta gazteek: tailer didaktiko eta artistikoak, puzgarriak, arrantza egiteko igerileku txikiak, ludoteka, urarekin zerikusia duten lan egiteko espazioak… baita ur-paintballa, fotomatoia, skate ikuskizunak edota eraikuntza-jokoak ere.
Jarduera horietan musika eta kale-animazioa egongo dela azaldu dute Ur Partzuergotik, eta ez hori bakarrik: egunean zehar bisita gidatuak egingo dituzte Benta Altako Ur Edangarriaren Tratamendu Plantan (ETAPen), “Bizkaiko Ur Partzuergoak kudeatzen dituen artean garrantzitsuena”. Bertara joateko autobus zerbitzua ahalbidetuko dute eta aurretik izena ematea beharrezkoa izango da.
