→Arrigorriaga

Emakume artistek eta Euskal Herriko konpainiek indarra hartuko dute Arrigorriagako XXVII. Nazioarteko Clown Jaialdian

Gaur goizean Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdiko XXVII. edizioa aurkeztu dute Bilboko Errekalde Aretoan, eguerdi aldera. Bertan izan dira Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako Bizkaiko Foru Aldundiko diputatua eta Amagoia Garaizabal Arrigorriagako Kultura teknikari eta jaialdiko zuzendaria, jaialdian izango diren artista batzuekin

Ikuskizuna, prentsaurrekoaren amaieran // Geuria

Gaur goizean Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdiko XXVII. edizioa aurkeztu dute Bilboko Errekalde Aretoan, eguerdi aldera. Bertan izan dira Maite Ibarra Arrigorriagako alkatea, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako Bizkaiko Foru Aldundiko diputatua eta Amagoia Garaizabal Arrigorriagako Kultura teknikari eta jaialdiko zuzendaria, jaialdian izango diren artista batzuekin.

Maite Ibarra, Lorea Bilbao eta Amagoia Garaizabal // Geuria

“Gaur poztasun handiz kontatu nahi dizuegu datorren asteburuan, maiatzaren 6an, 7an eta 8an, Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXVII. jaialdia ospatuko dugula”, zabaldu du prentsaurrekoa Arrigorriagako alkateak. “1995ean ‘Magia, Pailazoak eta Kaleartea Jardunaldiak’ izenpean jaio zena, 27 urte hauetan zehar formatua eta programazioa zabaltzen eta berritzen joan da. Hasiera batean, egitate eszenikoaren hedapen gisa pentsatuta zegoen baina azken urteetan hainbat jarduera osagarrirekin jaialdia aberasteko apostua egin da”.

Horrela, urtez urte, erakusketak, zale eta profesionalentzako Clown ikastaroak, eskolarako jarduerak, haurren ospitaletarako saioak… bezalako jarduerak ikusi dira Arrigorriagan. “Azken deialdietan lehentasunezko espazioa utzi nahi izan diegu emakume artistei, oraindik gutxiengoa den sektoreari laguntzeko”, azpimarratu du Ibarrak. Aurten, musika, kale-antzerkia, zirku modernoa, aire-akrobaziak eta umorea uztartuko duten 13 konpainia artistiko izango ditugu eta guztira 15 ekitaldi antolatu ditu Arrigorriagako Udalak herrian: “Berritasun modura, gure lurraldeko konpainiak bultzateko eta laguntzeko apustua dugu“, gehitu du Ibarrak. 7 konpainia Euskal Herritarrak dira, 3 estatu mailakoak eta beste 3ak nazioartekoak.

Ikuskizun txiki bat, prentsaurrekoaren amaieran // Geuria

Herrian ez ezik, jaialdia Arrigorriagako zenbait auzotara zabalduko dute lehen aldiz, ostiral eta larunbateko jarduera batzuk Abusu edo Lanbarketako San Antonio frontoira eramanez. “Azken urteek kultura eta artearen garrantzia erakutsi digute herritarren bizitzetarako”, laburbildu du alkateak.

“Gure belaunaldikook bizi izan dugun momenturik zailenetan ibili dira barre egiteaz arduratzen diren artistak eta nik uste dut sarritan ahaztu egiten dugula zer den barre egitea eta hori bizi izandako garai txarrenetan egitea ahalbidetzen duten artistei eskerrak ematea gustatuko litzaidake”, izan dira Lorea Bilbao diputatuaren hitzak. “Bertako talentuei eta bereziki emakume artistei toki nagusia egitea benetan azpimarragarria da: ez emakumea izateagatik, baizik eta gauzak ondo egiteagatik. Jarrai dezagun kolorez barre egiten”.

Kaleetara berriro

“Jaialdiaren helburua kaleetako arteak bultzatzeko Arrigorriagako kaleak hartzea da”, azaldu du Amagoia Garaizabal Arrigorriagako kultur teknikariak. Jaialdiko zuzendariaren arabera, “aurtengo berritasunek programaren berregituraketa ekarri dute, eta garrantzitsuena herriko eta auzoetako kaleetara bueltatuko garela da”. Maite Ibarrak gehitu du jaialdia lehen aldiz auzoetara zabaltzearen egitasmoak harrera ona izan duela auzotarrengan.

“Aurten ere dantza berreskuratuko dugu, eta horren adibide da Natxo Montero“. Prentsaurrekora hurbildutako artista euskal herritarrak Barbecho dantza-saioa eskainiko du domeka honetan, udaletxeko plazan. “Dantza gure bazterretako idiosinkrasiaren parte garrantzitsua da ere”, gehitu du jaialdiko zuzendariak.

Ikuskizun estatikoez gainera, kale-ikuskizunak izango ditugu pandemiaren osteko urte honetan: “Ostiraleko ‘Glubs’ ikuskizunak kaleetara eramango gaitu, eguraldiak hala uzten badu” . Ikuskizuna pergolatik abiatuko da.

Maiatzaren 8ra ere ikusgai dago ‘Taun Taun’ txotxongiloen erakusketa udaletxeko Euskaldun Berria erakusketa gelan, astelehenetik igandera. Maiatzaren 4an, bisita gidatua antolatu dute Edurne Garitazelaia kultur etxean 15:15etatik 15:45ak arte.

Artistak eta prentsaurrekora hurbildutako komunikabideak // Geuria

Programa

MAIATZAK 6, OSTIRALA

  • Txoriak Txori (Sarini Zirko konpainia, EH), Abusuko Zentro Soziokulturalean, 18:00etan
  • Nire Sudur Punta (Kolektivo Konika, EH, Galizia, Katalunia, Italia), udaletxeko plazan, 18:00etan
  • Zirkus (Malas Compañías, EH), udaletxeko plazan, 19:00etan. Euskarazko saioa
  • Glubs (Nacho Villar Producciones – Yllana, Murtzia), Pergolan, 20:00etan

MAIATZAK 7, LARUNBATA

  • Historias de un Baúl (Trotamundos konpainia, EH), San Antonioko frontoian, 12:30ean
  • Tutti in Valigia (Luigi Ciotta, Italia), udaletxeko plazan, 18:30ean
  • Aireko Yoga tailerra (Gaztegunean, 18:00etan). Euskarazko jarduera
  • Best of Bassi (Leo Bassi, Italia), udaletxeko plazan, 19:30ean
  • THE ONE & the one (Colette Gomette y Anna de Lirium, Frantzia, Austria), Lonbo aretoa, 21:00etan

MAIATZAK 8, IGANDEA

  • Petitxou 25 Urte (Gari, Montxo eta Joselontxo, EH), kiroldegian, 12:00etan
  • Barbecho (Natxo Montero, EH), udaletxeko plazan, 13:15etan
  • Kobr3 (Zirkozaurre, EH), udaletxeko plazan, 18:00etan
  • Concierto Con Fusión (Piscore konpainia, Galizia), udaletxeko plazan, 19:00etan
  • De Tú a Tú (Mur konpainia, Katalunia), Kiroldegia, 20:30ean

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak