Sareak

☉ Arrigorriaga

Zainduz Arrigorriaga programak beharra dutenei lagunduko die beste urte batez

Arrigorriagako Udalak menpekotasuna dutenentzako edo ezgaitasunen bat duten familia-inguruei laguntzeko Zainduz Arrigorriaga programa martxan jarri du beste urte batez

|

Nagusiak, Ugaon // Geuria

Arrigorriagako Udalak menpekotasuna dutenentzako edo ezgaitasunen bat duten familia-inguruei laguntzeko Zainduz Arrigorriaga programa martxan jarri du beste urte batez. Udalak tailerrak eta prestakuntzak, zaintzaileentzako laguntza psikologikoko taldeak eta aholkularitza-zerbitzuak eskainiko dizkie herritarrei. “Behar gehien dituztenei eskaintzen zaizkien udal-baliabideak handitzeko konpromisoa hartu genuen eta hor kokatzen dugu Zainduz programa. Gure ustez,  Arrigorriagako herritarren bizitzak erdigunean jartzeko beste neurri berri bat da. Zaintzaileak zaintzea ere, ezinbestekoa delako”, azaldu du Joana Etxeberria Arrigorriagako Politika Feminista eta Gizarte Ekintza zinegotziak.

Udalaren arabera, iaz 80 pertsonei laguntza eskaini zien programak eta aurtengoak 5 zerbitzu mota eskainiko dizkie era honetako laguntzak behar dituzten pertsonei:

  • Aholkularitza zerbitzua, mendekotasuna eta ezgaitasuna duten pertsonak dituzten familiei informazioa eta kontsultak eskainiz
  • Prestakuntza mendekotasuna eta ezgaitasuna duten pertsonak dituzten familia zaintzagaz lotutako gaien inguruko hitzaldiak
  • Laguntza-taldea, zaintzaileen ongizate emozionala zaintzeko eta hobetzeko
  • Banakako saioak, ongizate emozionala zaindu eta hobetzeko, banakako edo familientzako laguntza taldeetan antolatuta
  • Adinekoentzako tailerrak eskuragarri egongo dira eta asteartero psikoestimulazioa landuko dute 10:30etatik 12:00ak arte

Udalak 649 529 874 telefono zenbakia eskuragarri jarri du herritarrek hitzordua eskatzeko edo informazioa handitu ahal izateko.

 

☉ Arrigorriaga

Bideoa | Dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagan Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko

LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapaketa sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago”

|

Gaurko elkarretaratzea, Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan // Geuria

“Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte” lelopedun pankartarekin dozenaka pertsona elkartu dira Arrigorriagako udaletxeko plazan, joan den asteazkenean Heidelberg enpresan gertatu zen lan-heriotza salatzeko.

Elkarretaratzea LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek deitu dute: “Dauzkagun datuen arabera, torno batek harrapatuta hil zen eskualdeko langile bat”, azaldu du Agus Figal LABeko Hego Uribe eskualdeko arduradunak. “Gaur elkartu garen sindikatuok egoera hau salatu nahi dugu”, izan dira sindikatuko ordezkariaren berbak.

LABeko ordezkarien arabera, Heidelberg enpresan gertatutako istripua “ekidin zitekeen”: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea. Harrapamendua sor dezakeen edozein tresna egokitu beharra dago. Lan-kodeak argi esaten du hori hala egin behar dela”.

LAB: “Lan prebentziorako neurriak ez betetzearen ondorioz hil egin da langilea”

Elkarretaratzean egon diren herritar batzuk // Geuria

Agusen hitzetan, lan prebentziorako eskumena Eusko Jaurlaritzarak dauka: “Baina, Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die. Ondorioz, honelako ondorio larriak gertatzen dira”.

LAB: “Jaurlaritzak beharrezkoak diren aldaketak egiteko zein behar diren prebentzio neurriak hartzeko presioa egin beharrean, enpresei nahi dutena egiten uzten die”

Ezbeharra gertatu zenetik ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean: ELAk elkarretaratzea deitu zuen enpresa aurrean; gaur, euskal gehiengo sindikalak Arrigorriagako elkarretaratzea antolatu du.

Hurrengo astelehenean, herrian ere beste elkarretaratze bat deitu du herri mugimenduak, 19:30ean, “Prekarietateak hiltzen du” lelopean.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko elkarretaratzea urriaren 27an egingo dute

Elkarretaratzea 19:30ean izango da Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan

|

Arrigorriagako udaletxe aurreko plazan egingo dute elkarretaratzea, astelehenan // Geuria

“Lan, bizi, pentsioa duinak” plataformak elkarretaratzea deitu du datorren urriaren 27an, 19:30ean, Arrigorriagako udaletxeko plazan, atzo Heidelberg enpresan gertatutako lan-heriotza salatzeko.

Istripuaren ondorioz 45 urteko langile bat hil egin zen: “Lan istripu gehiagorik ez! prekarietateak hiltzen du”, salatu dute sindikatutik eta gaur bertan elkarretaratze bat egin dute Arrigorriagako Arane auzoan (Heidelberg enpresaren sarreran), eguerdian.

“Laneko segurtasun eta osasun neurriak behar bezala ez ezartzeak, produkzio presioak eta pisu handien edo errotazio-piezen eraginpean egoteak handitu egiten dute harrapatuta edo zapalduta egoteagatik istripu larriak izateko aukera”, azaldu dute ELAko bozeramaileek. “Horrelako lanetarako, etengabeko prestakuntza behar da laneko arriskuen prebentzioan, eta blokeo eta seinaleztapen protokoloak zorrotz aplikatu behar dira martxan dauden ekipoetan edozein esku-hartze egin aurretik”.

Sindikatuak argitaratutako datuen arabera, 2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz: “Bizkaian, zehazki, 9 pertsona hil dira. Industria-sektoreak, eta, bereziki, zementuaren eta deribatuen fabrikazioak, arrisku maila handiak ditu, makina astunak, doitasun erremintak eta mantentze lanak etengabe erabiltzen baitira, eta horrek mugitzen ari diren ekipoekin zuzeneko kontaktua izatea eskatzen du”.

ELA: “2025ean 44 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz. Heriotza horietako 9 Bizkaian izan dira”

“Lan heriotza bakoitza ez da halabeharrezko ezbehar bat: enpresen erabakien, prebentzioan egindako murrizketen eta kontrol instituzional ezaren emaitza da. Ezin dugu jarraitu normalizatzen langileek beren bizitzarekin ordaintzea zementuaren, burdinaren edo enpresa etekinen prezioa”, azaldu dute sindikatutik.

“Laneko ezbeharrak egiturazko eta erakundeetako indarkeria mota bat dira. Premiazkoa da ikuskapenak indartzea, legea betetzen ez duten enpresen zigorrak handitzea eta langileon bizitza eta osasuna politika ekonomiko eta produktiboaren erdigunean jartzea.”

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte

Malmasingo Lagunak elkarteak eta Arrigorriagako Udalak antolatutako bisita gidatuak azaroaren 2an antolatu du bisita gidatua herriko erreferenteak diren auzo bietan barrena

|

Osasun eta Higiene auzoa // Geuria

Malmasingo Lagunak elkarteak, Udalarekin batera Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu azaroaren 2an.

“Oraingo honetan, gure herriaren bilakaera markatu duten bi guneren historiara hurbilduko gara: La Mutual (San Juan) eta Osasun eta Higiene auzoak”, azaldu dute elkartetik. “Biak erreferenteak dira, ez bakarrik ondarearen eta arkitekturaren ikuspegitik, baita herrian nortasdun eta presentzia berezia duten auzo gisa ere”.

Saioa elebiduna izango da eta 12:00etatik 13:30ak arte antolatu dute. Geralekua Arrigorriagako osasun zentroa izango da (Urgoiti pasealekuko 10. zenbakia). Informazioa handitu nahi dutenek malmasingolagunak@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Doako Ipar Martxa ikastaroa antolatu dute berriro Arrigorriagan, kirol-eskaintza zabaltzeko

Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta doakoa izan arren, izena ematea beharrezkoa izango da

|

Mendizale bi, Nordic Walkinga praktikatzen // Anders Nielsen, Unsplash

Arrigorriagako Udalak, Euskaditrek-ekin elkarlanean, Ipar Martxa edo Nordic Walking  tailerra antolatu du udal kiroldegian. Urteak daramatza Udalak tailer hau eskaintzen. Izan ere, aurtengo bigarren saioa izango da honako hau, eta arrazoia hurrengoa da: “saioak arrakastatsuak izan direlako”.

Tailerra urriaren 31an eskainiko dute eta helburua kirol modalitate berriak sustatzea da. Jarduera praktikoa izango da eta 10:00etatik 12:00ak arte antolatu dute. Saioa doakoa izango da eta parte-hartzaileek izena eman beharko dute udal kiroldegian.

10:00etan ibilbidea hasiko dute. Kiroldegitik abiatuko dira parte-hartzaileak eta ibilbidea herrian barrena izango da. Partaideek materialik ez dutela eraman behar azpimarratu dute udal ordezkariek (bertan makilak utziko dizkiete arduradunek).

Nordic Walking edo ibilketa nordikoa makilekin ibiltzean datza. Zailtasun gutxiko teknika integrala da eta gorputzeko giharren % 90a erabiltzen da.

Ibilketaren biomekanika optimizatzeko modu bat da, bakoitzaren forma fisikoaren arabera. Kirol modalitate hau adin eta baldintza fisiko guztietakoen eskura dago.

Doako tailer honetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Epea maiatzaren 14ra arte zabaldu dute.

Antzinako beharretik

Ipar Martxaren jatorria 30. hamarkadako Finlandian dago, bertako eskiatzaileek iraupen-eski sasoia bukatzen zenean praktikatu ahal izateko jarduera zelako.

Kirol jarduera hau segurua, naturala, osasungarria, dinamikoa eta adin guztietako pertsonei zuzendutakoa da eta helburu nagusia ongizate fisiko zein espirituala erdiestea da.

Teknika sinplea izan arren, ez da intuiziozkoa, eta horrexegatik, berau praktikatu baino lehen prestaketa ikastaroak egitea aholkatzen dute beti.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Udalak atzo Heidelberg enpresan gertatutako lan heriotza salatu du

Udal Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala iragarri du eta herritarrak heriotza-istripua salatzeko ekimen guztietan parte hartzera deitu ditu

|

Arrigorriagako udaletxea // Geuria

“Arrigorriagako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak, aho batez eta EH Bildu, Arrigorriaga Gara, EAJ-PNV, PSE eta NOA alderdien ordezkari gisa, astekabez hartu du pertsona baten lan-istripuaren ondoriozko heriotzaren berria, asteazkenean Arrigorriagan lanean ari zela ezbeharra izan eta gero”. Horrela hasi du Arrigorriagako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak atzo Heidelberg  enpresan izandako lan istripuaren ondorioz langile baten heriotzaren ondorioz iragarri duen adierazpen instituzionala.

Bozeramaile Batzordeak, era berean, heriotzaren arrazoiak argitzeko eskatu dio Segurtasun Sailari, horiek senide eta hurbilekoie helarazi ahal izateko.

“Udaletik salatu nahi du istripuak, kosta ahala kosta, eta guztiaren gainetik ekidin behar direla, lan mota guztietan lehentasuna behar baitu izan lan-segurtasunak”, azaldu dute udal ordezkariek. “Gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu lan-osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, bai eta lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere.

Horiek horrela, erakunde guztiei eskatu die lan-arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela, “lan-administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinatuta, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu arte”.

“Gertatutako istripua salatzen dugu eta heriotza-istripua salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko deitu daitezkeen ekimen guztietan parte-hartzera deitzen ditugu herritarrak”, gehitu dute Bozeramaileen Batzordetik.

Elkarretaratzea, ostiralean

LAB sindikatuak elkarretaratzea deitu du bihar, urriak 24, 19:30ean, Arrigorriagako udaletxeko plazan, atzoko lan-istripua salatzeko. “Lan istripu gehiagorik ez! prekarietateak hiltzen du”, salatu dute sindikatutik.

Istripua gertatu eta ordu batzuk geroago Padura futbol taldeak izen-abizena jarri zion heriotza lazgarri honi: “Padura Clubak deitoratzen du Jagoba Lagunaren heriotza lan istripu batean”. Jagoba klubeko bazkide, ordezkari, eta bi jokalariren aita ere bazela zehaztu zuten futbol taldetik.

Osorik irakurri