→Arrigorriaga

Arrigorriagak ostalaritzako bigarren tokiko laguntzak abiarazi eta Arrigobonoen epemuga luzatu du

Arrigorriagako Imara tabernako leihoa // Geuria

Arrigorriagako Udalak ostalaritzako sektoreko bigarren laguntzak martxan jarri ditu, iazko abenduko Osoko bilkuran aho batez onartu ostean. Bigarren aldiz abiarazi diren laguntza hauek urtarrilaren 5etik aurrera eska daitezke: “Udala konpromisoa hartzen ari da bere aukeren barruan, eta hala egiten jarraituko du etorkizunean ere, baina berriro diogu Eusko Jaurlaritzak laguntzak antolatu behar dituela gurea bezalako kasuetarako, ostalaritzak hainbeste denbora itxita egon behar baitu”, azaldu du Maite Ibarra alkateak. Arrigorriaga iazko abenduaren 21ean itzuli zen kolore gorrira, bost egunetan zehar semaforo laranjan egon ostean: hiru aste daramatzate herriko ostalariek euren negozioen pertsianak igo ezinik.

SOS Ostalaritza kartela, Arrigorriagan // Geuria

Arrigobonoen epemuga, luzatuta

Iazko azaroan Arrigobonoak salgai jarri ondoren eta Covid-19ak herrian izaten ari den eragina ikusita, Adeckak, Udala ren laguntzarekin, bonuen epemuga bigarren aldiz luzatzea erabaki du, oraingo honetan martxoaren 1era: “ADECKAtik eta udaletik ulertu genuen Arrigobonoak ere tokiko ostalaritzari lekua egin behar ziola, pandemia honetan bereziki zigortutako sektorea izaten ari baita. Ekimena aurten aztertu nahi genuen, benetako aukerak ikusteko, eta sektorearen beharrei erantzun ahal zien jakiteko, baina egoerak okerrera egin du, hobetu beharrean, semaforo gorrian daramatzagulako azken asteak “, azaldu du Celia Rubio ekonomia eta enplegu zinegotziak.

Adeckaren komunikatua, herriko frutadenda batean // Geuria

Aurtengo Arrigobonoen kanpainan herriko 6 negoziok eman dute izena: Ugari kafetegia, Bar-Poli Berria Jatetxea, Ikusi taberna, Mesón Aiensa taberna, Elizondo jatetxea eta Baserria taberna.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak